Finantziazioa gai nuklearra

2017/02/21
koop57.jpg
Energia, finantziazioa bezala, beharrezko da gure jendartearen funtzionamendu askotarako, baina antolatuta dagoen eran, enpresa erraldoiek kontrolatutako eremuak dira; esparru publikoko agenteek, kasu honetan estatuek, erregularizaziorako baino, horien mesedetan jarduten dutelarik.

Gorka JulioGorka Julio, Koop57 EHko lehendakaria (artikulu hau Naiz-en argitaratu da)

Gaiarekin erlazionatutako beste artikulu batzuk:
- Sindikalismoa eta kooperatibismoa bidean elkarrekin, Beñat Irasuegi
- Erresistentziaz harago, alternatibak eraikiz, Naroa Elortza
- Zer dira ekonomia eraldatzaileak?, Álvaro Porro
- Coop57: una herramienta complementaria a la lucha sindical, Unai Oñederra

Energia nuklearraren arazoak asko eta nabarmenak dira, baina gure metaforarekin jarraituz, egoera katastrofiko baten aurrean zer gertatzen den deskribatzea baino gauza hobeagorik ez dago. Zentral nuklear bateko arazoa erreaktore batean has daiteke, baina laster gelditzen ez bada ondokora irradiatzen da arazoa geldiezina bilakatuz. Plantak saretik deskonektatzeak berez dakarren arazoaz gain, zuzenean sareari eragiten dioten arazo larriak sortzen ditu ondoren. Hori dena energiaren ikuspuntutik bakarrik begiratuz oraindik.

Finantza etikoek, sistema honetatik deskonektatu eta gure herriaren beharretara konektatzeko tresna bat gehiago dira guretzat

Gero datoz arazo larrienak: isuriek eta erradiazioak ingurune guztia kutsatzen dute. Itsasoko ura, inguruko lurrak, airea bera, ekosistema eta kate trofikoan, natura guztian barrena hedatzen da gaitza, denbora luzeko hondamendia hedatuz, bizitza suntsituz eta arazo kroniko bilakatzen du ukitzen duen guztia. Ordaindu, denok ordaintzen dugu, aurretik eta baita ondoren ere, bereziki zapalduen dagoenak, hondamendiarekiko gertutasunagatik edo ondorio kaltegarriak ekiditeko gaitasun ezagatik.

Finantzen mundua ere horrelakoxea da, banku-sistema erraldoiei so egiten diegunean bederen. Krisi garaia adibide garbia izan da, katastrofe nuklearraren pareko hondamendia. Arazo puntual bat zirudienak, banku sistema osoaren krisi finantzario batean murgildu gintuen. Zabaldu eta kapitalismoak ikusi duen krisi sistemiko handiena sortuz.

Koop 57

Ondorioei begiratuta zer esan, ondo baino hobeto dakigu, nork ordaindu duen guztia. Denok «erreskatatu» behar izan ditugu bankuak, hain zuzen ere krisia sortu zutenak, gure diruarekin aberasten jarraitzeko. Noski, berriro ere, krisia gehien pairatu dutenak egoera okerrenean bizi zirenak izan dira: bereziki gazte eta emakumeek, langile klase prekarizatuak eta langabetuek, egoera sozial zailetan dauden herritarrek eta etorkinek, arazo estrukturalak kaleratuek edo horren mehatxupean gelditu diren norbanakoek etabar.

Goiener eta Energia Gara kooperatiba bezalako agenteek energiaren alorrean egiten ari direna, beste mundu guztiz ezberdin batekin konektatzen gaituzte; dudarik gabe, hobea

Utzi ditzagun baina metaforak alde batera, energia nuklearra eta finantza-erakunde erraldoi horiekiko harremana ez da metafora batera mugatzen. Harremana erreala da oso, arma nuklearrak eta beste negozio beldurgarriekin lotu baitaitezke zuzenean; banku eta entitate berak baitira.

Horren guztiaren aurrean, entitate horietatik deskonektatzeko aukera ematen diguten alternatibak bilatu behar ditugu. Goiener eta Energia Gara kooperatiba bezalako agenteek energiaren alorrean egiten ari direna, beste mundu guztiz ezberdin batekin konektatzen gaituzte; dudarik gabe, hobea. Koop57k alor horretan ekimen zehatzak jarri ditu martxan. Kasu honetan, Som Energiarekin batera, Germinadorsocial.com trantsizio energetikorako ekimen berritzaileak finantzatzeko lehiaketa.

Euskal Herrian finantza etikoen sistema anitza eta zabala dugu. Banku etikoak, kreditu kooperatibak, moneta sozialak... horri guztiari gure ekarpena Koop57 EH finantza zerbitzu kooperatiba eraikitzea izan da. Katalunian jaioa, orain Euskal Herri osoa kontutan hartzen duen lurralde sail propioa dugu. Finantza etikoek, sistema honetatik deskonektatu eta gure herriaren beharretara konektatzeko tresna bat gehiago dira guretzat. Eraiki eta erabili dezagun denon artean, egin Koop57 EHko bazkide eta batu eraldaketara!