Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Fiare proiektua: epe luzerako estrategia

Fiare proiektua: epe luzerako estrategia

2012/12/04
“Poliki goaz urrun goazelako” manifestazio desberdinetan azaldu ohi den esaldi bat da. Mobilizatzen diren hiritar eta eragile sozialek ez dute soilik beraien sumina eta salaketa puntual bat egin nahi, baizik eta konpromisoa erakusten dute momentu jakin batean gure mobilizazioa eskatzen duen horrekiko iraunkorra izango den erantzuna artikulatzeko. Fiare proiektua

Peru SasiaPeru Sasia, Fiare Proiektuko zuzendaria

Azken hilabete hauetan halako manifestazioetan parte hartzen gabiltza, fronte desberdinetatik hiritarren eskubideen oinarrizko egiturak jasaten dituen eraso etengabeak merezi duen erantzun justifikatua emanez. Bereziki “finantza frontean” guztiok gara eguneroko etxe kaleratzeen dramaren, partizipazioen salmenten iruzurraren eta mailegu gabeziak dakarren enplegu galeraren lekuko.

Egoera honen aurrean, ezinbestekoa da gure sumina kalean adieraztea finantza esparruan gertatzen ari denaren aurka. Baina, ez dezagun ahaztu, ezinbestekoa da ere epe ertain eta luzera berau gaindituko duten ekintzak garatzea. Ekintza batzuk bizirik atera diren finantza erakundeetan zentratu beharko dute arautegia egokituz eta kontrola ezarriz honaino ekarri gaituzten gehiegikeria gehiago ezinezko bihurtzeko. Beste batzuk kontrol publikoko finantza erremintak indartzearen beharrari erantzun beharko diote. Bi estrategia hauek, ez dezagun ahaztu, gaitasuna eta motibazioa duten botere publikoak eskatzen dituzte aurrera atera ahal izateko.

Baina bada finantza erreminta berriak sortzeko beste esparru posible bat ere, ezinbestekoa agente ekonomikoek gidoia idazten duten garai hauetan, aurrezkia eta mailegua konektatzeko gaitasuna duena errentagarritasun soila bilatzen duen zirkuitu ekonomikotik kanpo; garai batean bezala, balio soziala errentagarritasunaren gainetik jarri nahi duten pertsona eta organizazioen eskutan dagoen zirkuitu ekonomiko berri batean. Inbertsoreen kasinoan irabazi izugarriak jaso ordez, gardentasuna, parte hartzea, eta lurraldearekiko zein ekonomia errealarekiko lotura merezi duten baliotzat hartzen dituen autogestionatutako zirkuitu berri bat. Geroz eta itxaropen gutxiagorekin itxaroten den Estatu babeslearen zain egongo ez den zirkuitu berria.

Bada aurrezkiak eta maileguak konektazeko gaitasuna duen finantza esparru berri bat errentagarritasun soila bilatzen duen zirkuitu ekonimikotik kanpo

Fiarek (www.proyectofiare.com) zenbait urte daramatza, honez gero, halako finantza zirkuitua indartzen, eta azken hilabeteetan banka etikoko kreditu kooperatibaren aldeko apustua sendotuko duten azken urratsak ematen ari da. Euskadiko pertsona eta erakunde bazkideen asanbladak, Donostian azaroaren 10ean ospatuak, onartu zuen 3000 pertsona eta 300 erakundetik gorak osatzen duen bere oinarria Banka Popolareren Etika kreditu kooperatiban integratzea, estatu guztiko beste herrialde batzarrek egiten ari diren moduan. Balio handiko prozesua, ohiko banka zerbitzu guztiak eskainiko dituen banka etikoko finantza erreminta indartzeaz gain (kontu korronteak, txartelak, edo internet bidezko banka), Europa mailan ekonomia alternatiboa artikulatzeko eredu bat eskaintzen baitu, lurraldetik hiritarrek eraikia.

Datorren 2013ko martxoaren 16ko estatu batzarra eta ondoren Florentzian egingo den integrazio batzarra ehunka pertsonen parte hartzea izan duen eraikuntza fase baten azken txanpa izango da. Fiareko zein Banca Popolare Eticako pertsonak, ilusioz beterik begiratzen dugu pausoz pauso eraikia izan den errealitate kooperatibo europarra, 40.000 pertsona eta erakunde bazkidek osatua eta mila milioi euroko aurrezkitik gora mailegutan kanalizatu dezakeena balio sozial handiko proiektuetan erabiltzeko.

Fiareren sarean eta parte hartze egituretan (asanblada bakoitza, bulego bakoitza, talde lokal bakoitza, maileguaren ebaluazio etiko-sozialerako batzorde bakoitza...) eragile sozial esanguratsuak sartzeak duen balioa azpimarratzea garrantzitsua da. Funtsezko babesa suposatzen du proiektu solido eta sinesgarri bat sendotzeko. Zentzu horretan, oso garrantzitsua zaigu ELA berriki proiektuan sartu izana, Fiare proiektua babestea erabaki duten eragile sozialen sarea indartzen baitu. Hasieran esan dugun bezala, motel doan proiektu bat da hau urrun joan nahi duelako, autogestio gaitasuna eta alternatiba gisa duen balioa baldintzatu ditzakeen erabakirik edo bidezidorrik gabe. Alternatibak eraikitzea garai hauetako hiritarren betebeharra dela ulertzen dutenen artean (geroz eta gehiago gara) egunero-egunero egiten den proiektu bat.