Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Fem Vía!

Fem Vía!

2013/09/12
2013ko irailaren 11. Kataluniako festa nazionala. 400 kilometroko giza-katea: independentziaranzko bide katalana. Bartzelonako Gracia pasealekua. Bapatean pertsonen eta medioen zalaparta sortzen da ELAko delegazioa dagoen tokitik metro eskasera. Gazte bat gerturatzen zaigu eta diosku: “Pasqual Maragall da. Nahiko jota dago jada.” Ez du bere emozioa ezkutatzen. “Sozialisten jarraitzailea izango da” pentsatzen dut. (Vía Catalana, Diada)

Xabi AnzaXabier Anza, ELAko Trebakuntza arduraduna

Gazteak ezagutzen gaitu eta adeitsuki agurtzera dator, katalan azentu ezkuta ezinarekin ari dela: “Nire abizena Goikoetxea da. Nire arbasoak nafarrak ziren”. Guk ezer galdetu gabe aurrera darrai: “Ni ez nintzen independentista. Orain bi-hiru urte besterik ez, estatutuaren kontuarekin, uste nuen posible zela Espainiarekin nolabaiteko akordioa. Hori izan zen beti nire posizio politikoa. Baina orain argi dago hori ezinezkoa dela”. Bere bi seme alabak inguruan katalanez zalapartaka zebiltzala, gaztea ez da isiltzen. Pentsatzen dut gaztearen sentimendua inguruan bilduta dauden beste ehun milaka pertsonen berbera dela. Maragall bezala, orain hamar urte, gutxi batzuk zuten posizio independentistarekiko arrotzak ziren. Egun berezi honetan, aldiz, masiboki daude Kataluniako errepide eta kaleetan.

Beraiek badute beren bidea jada, nazioen kontzertu europarrean nazio bat gehiago izatea, eta bultza eta ireki egiten dute, milaka pertsonen artean, beren instituzio eta klase politikoak ibili behar duten bidea.

Euskal Herritik gerturatzen garenontzat, giza uholde honen eszenifikazioa bitxia egiten zaigu, inbidia sanoenaren barneratzen zaigun bitartean. Zaratarik gabe, baina irmotasun sendoz, argi ikusten da bere Bide propioa ibiltzeko erabakia hartu duen herriaren mundu aurreko agerpenaren aurrean gaudela.

Irainak badaude, eta asko gainera, bai: estatuak egin duen estatut-aren kudeaketa, legebiltzarrean egin zitzaion mozketa eta konstituzionalerako helegitea; finantzaketa konpontzeko arbuioa; katalana gaztelaniaren mailako hizkuntza ofiziala bihurtzeari debekua; caverna mediatikoaren hoben etengabeak...Hori guztia hor dago eta politikoki garrantzitsua da. Baina guztia ez dira irainak. Ekitaldiaren antolatzaileekin hitz egiten duzu, eta ez dute biktima gisa hitz egiten inolaz ere. Beraien bidea ez da inoren kontra. Beraiek badute beren bidea jada, nazioen kontzertu europarrean nazio bat gehiago izatea, eta bultza eta ireki egiten dute, milaka pertsonen artean, beren instituzio eta klase politikoak ibili behar duten bidea.

Ekitaldia amaitzen da, eta Victor Cucurull zoriontzen dut, Assemblea-koa, Vía Catalana-ren arrakastagatik. “Ez pentsa hau inprobisa daitekeenik. Gu 2005an hasi ginen. Hitzaldiz hitzaldi, azokaz azoka, independentzia dela bidea azaltzen. Oso arraroa egiten zen. Gero manifestazioak, herrietako kontsultak eta Bartzelonakoa. Iazko Diada eta aurtengoa... Sinistu zuten estatut-aren aferarekin arazoa gainetik kendu zutela urte askorako. Kontrako izan zen...”

Smartphone-ak erre genituen autobusean Lleidara iristerako. Caverna mediatikoak, harritzen duen objektibotasunarekin, onartzen du 400 kilometroak bete direla eta ontzat ematen ditu giza katerako ematen ziren kopuruak. Gobernuak datu ofizialak ematen ditu: 1.600.000 pertsona atera dira kalera. 500.000 Bartzelonan soilik. Vía Catalana da.

Ez dago arrazoirik galdeketa 2014an egin ez dadin, ez dago zertan independentzia atzeratu

“Ezin da gelditu. Bide gehiago egin behar da 18 hilabete pasa baino lehen”, dio Victorrek. Carme Farcadell Assamblea Nacional-eko presidenteak ekitaldia interpretatzen du: ez dago arrazoirik galdeketa 2014an egin ez dadin, ez dago zertan independentzia atzeratu.

Goizeko 3ak. Aritzeta. Donostia. Irailaren 12a. Ezinezkoa da Kataluniako historiako mugarri garrantzitsu batean parte hartu izanaren sentipena gainetik kentzea. Zorionak! ¡Fem Vía!