Ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa: zentro komertzialekoa?

2016/03/23
20120311-manifa-jaietan-jai.jpg
Herri mugimenduak, alderdiak, instituzioak, herri boterea… proiektu eraldatzailearen barruan bakoitzak izan beharreko pisuari buruzko eztabaida lehen lerroan dago, baita Euskal Herrian ere. Galdera berriak agertzen ari dira, gosea baino zaharragoak diren beste batzuen berragerpenarekin batera: “Mugimendu askatzaile batek zer egin behar du, gizartera moldatu ala gizartea eraldatu?”.

Axier LopezAxier Lopez, Argiako kazetaria (artikulu hau Argian argitaratu da)

Ramon Sola kazetariak Gaur8n idatzitako ”Herriari entzutea, hain sinplea baina hain zaila” artikuluari kontrapuntua eskaini nahi diogu, eztabaida bizi-bizirik dagoen seinale.

Arnaldo Otegik kartzelatik ateratzean adierazi zuen hitz egitea baino, herriari entzutea dagokiola orain. Horri tiraka osatu du artikulua Solak. Ezker abertzaleak izan ei duen joera bat kritikatzen du: Bere proiektua ideologikoki osatzeko gertu dituen sindikatu eta gizarte eragileekin bakarrik bildu izana. Eragile horiek herria bere osotasunean ordezkatzen ez dutenez, artikuluan izendatzen ez dituen beste eragile batzuengana ere jotzea proposatzen du.

Sindikatuak eta prekaritatearen aurkako herri mugimenduaren osotasuna jai egunetan dendak irekitzearen aurka daude, baina igandeetan erosketak egin nahi dituzten herritarrak ere badirenez, ezker abertzaleak horiek ere kontuan hartu beharko lituzkeela proposatzen du Solak

Adibide batzuk ematen ditu horretarako. Mugimendu feministaren aldarrikapenek “askotan herritarren egunerokoari ez diotela batere eragiten” edota Siriako errefuxiatuen afera mugimendu internazionalistaren agendatik kanpo dagoela dio. Baina artikuluaren funtsa hobeto ulertzeko sindikatuen adibideari helduko diogu.

Sindikatuak eta prekaritatearen aurkako herri mugimenduaren osotasuna jai egunetan dendak irekitzearen aurka daude, baina igandeetan erosketak egin nahi dituzten herritarrak ere badirenez, ezker abertzaleak horiek ere kontuan hartu beharko lituzkeela proposatzen du Solak. Horretarako ondoko argudioak erabiltzen ditu: herri mugimenduaren “askoz partikular eta murriztaileagoa den agenda” dela dio, eta “gaizki ulertutako leialtasunaren izenean”, askotan egitura politikoak men egin die herri mugimenduen eskakizunei. Hau da, Solaren ustez, ezker abertzalearen ildo ideologikoan ezkerreko herri mugimenduek pisu handiegia izan dute, eta egun “herriaren agenda aberats eta aberasgarria” osatzeko harago joan behar da. Noraino, baina?

Beraz, “Herri proiektua” deitzen duen hori osatzeko ezkerreko eragileez gain, eskuinekoeko eragileak ere kontuan hartzeko gonbita luzatzen dio ezker abertzaleari. Horrela, “Gizartera moldatu ala gizartea eraldatu?” galderari erantzun gordina ematen dio Solak, ustez egungo gizartearen gehiengoarentzat erakargarria izan daitekeen proiektua goia eta behearen arteko erdibideak bilatuz.

Norberaren baloreetan sakontzeak, ordea, proiektuari koherentzia emateaz gain, subjektu eraldatzailea osatzen duten pertsonen aktibazioa dakar, eta beraz, emaitzak ere bai. Baina, jakina, prozesu luzea da “herri boterea” delako ahalduntze kolektiboa eraikitzea

Gauza bat da besteari entzutea norberaren argudio politikoak zorrozteko. Eta beste bat, guztiz kontrakoa, herri mugimenduak eta sindikatuak borrokatzen ari diren neurriak defendatzea, ahalik eta “babes” handiena lortze aldera. Ezkerrekoak eta eskuinekoak pozik uzteko moduko “adierazle hutsak” aipatzen ez baditu ere, zentralitate politikoa eskuratzeko proposamena da Garako politika saileko kazetariarena. Egungo gizartearen baloreak nola aldatu planteatu beharrean, horiek ezker abertzalearen proiektuan nola barneratu iradokitzen du.

Galdera berriak
Euskal Herriko testuinguru politikoaren zimenduak aldatzen ari dira. Eta ezker abertzaleak egurrezko gerria erakutsi du dantzatoki berrituan. Alderdien logikak eta jokaerak ezbaian dauden garaiotan, ezker abertzalea inoiz baino alderdiago jokatu izana salatu dute askok. Hala dago jasota Abianeko txostenetan ere. Politikoki zuzenaren mugen barruan aritzea, proiektuen arteko konfrontazioa saihestea eta beraz borroka-moldeen esparruan ekarpen berririk ez egitea, edota herri mugimenduekiko lotura ahultzea, izan dira entzundako kritiketako batzuk. Batzuen ustez, instituzioetara heldu diren ezkerreko alderdi askori gertatu zaien bezala, bere baloreak, izaera militantea eta kritikoa eta praktika intsumisoa indargune moduan ikusi beharrean proiektuarentzat, mugatzat hartu du ezker abertzaleak. Horregatik egin zaigu deigarria Solaren artikulua; batzuek orain konpondu beharreko akats bezala ulertzen dutena –mugimendu bezala herritar antolatuekiko harreman eza– oraindik are gehiago lausotu beharreko lotura gisa aurkezten baitu.

Ezinezkoa da hegemonia politikoa borrokatu nahi izatea, eguneroko praktikan egungo hegemonia eskuindarra hori bera sostengatzen duten baloreei aurre egin gabe

Norberaren proiektuaren balioak ez aldarrikatzeak, ezkutatzeak edo diluitzeak, nekez ekarriko du aldaketarik, ahulezia eta konfiantza falta transmititzen dituzte. Eta egunerokoan praktikara ez eramatearen ondorioz, aurrerago, botere politikoa eskuratzean adibidez, hala egingo den ziurtasunik ez du ematen. Bilboko Alternatiben Herrian sarri entzundakoa gogora ekarriz, egiten duguna gara. Eta ez gizartearen aurrean “antzezten” duguna.

Norberaren baloreetan sakontzeak, ordea, proiektuari koherentzia emateaz gain, subjektu eraldatzailea osatzen duten pertsonen aktibazioa dakar, eta beraz, emaitzak ere bai. Baina, jakina, prozesu luzea da “herri boterea” delako ahalduntze kolektiboa eraikitzea. Askoz bide motzagoa da bestea, Podemosek maisuki erakutsi duena: ahalik eta boz gehien ahalik eta azkarren lortzeko agenda, aliantza politika, antolakuntza-kultura eta egiturak moldatzea. Erraz suma daiteke EHBildun ere bide horri ekiteko tentaziorik ez dela falta izan.

Solak ezker abertzalearentzat proposatzen duen ereduaren kontrapunturik bada, noski. Ordezkaritza instituzionala herri mugimenduaren isla gisa ulertzen duena, eta ez alderantziz. Instituzioetan antolatutako jendea ordezkatu nahi duena. Botere instituzionala handitzea herri mugimenduak indartu eta beren aldarrikapenen hedapenaren ondorioa dela uste dutenena. Sistema honen oinarriak (ekonomiko, politiko, sozial eta kulturalak) aldatu nahi dituztenen artean agenda anitza sortzea, barneratzailea, agente askorekin partekatutakoa eta homogeneizazioa baino ezberdintasuna indargunetzat duena. Instituzioak pedagogia politikorako gune eta bozgorailu moduan erabiltzeko asmoa duena.

Arriskatu behar
Mundua ez da zuri eta beltza. Auzia ez da bide bat ala bestea aukeratzea bezain sinplea. Agenda erradikal eta apurtzaileak sortzea ez da, bere horretan, gaitz guztien aurkako txertoa. Politika konplexutasunean aritzea da, eta beti zerbaiten kontra jarduteko gogoa arriskutsua izan daiteke. Kritikatzen den sistema bera egonkortzeko lagungarria den logika inmobilista eta sektarioak ager daitezke, historiak erakutsi digun gisan.

Politika egitea arriskatzea da. Baita esperimentatzea ere. Baina, sinesgaitza da saski berean batu nahi izatea sindikatuen aldarrikapenak eta enpresari eta eskuineko indar faktikoen asmoak (igandean saltokiak irekitzea denontzat onuragarria dena sinistarazteko lanean ari direnak, adibidez). Ezinezkoa da hegemonia politikoa borrokatu nahi izatea, eguneroko praktikan egungo hegemonia eskuindarra hori bera sostengatzen duten baloreei aurre egin gabe. Ideiak konfrontatu gabe ezin da inor konbentzitu. Eta aldiz, boterearen logika bera erabiltzeak nahasmena besterik ez du sortzen.

Gipuzkoan eta Grezian ikusi denez, botere instituzionala lortzea ez da nahikoa aldaketa sakonak gauzatzeko. Inoiz baino ageriago geratu da herritar antolatuen beharra, botere instituzionalak kontrolatzen ez dituen botere faktikoen oldarraldiari aurre egiteko. Herritarren engaiamendu hori lortzeko, besteen ateak jotzen hasi aurretik, norberaren egituren horizontaltzea eta parte-hartze zuzena bermatzea hasiera ona izan daiteke. Izan ere, ezkerra eta eskuina kontent uzteko errezetarik ez dago. Ezta zentralitate politikoa eskuratzeko produktu prefabrikaturik ere. Horiek, nonbait izatekotan, prekaritatea bizimodu gisa saltzen diguten saltokietan izango dira; igandeetan ere irekita topatuko ditugun “zentro” komertzialetan.