Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Ez dago hau jasango duen gorputzik, ez bizitzarik

Ez dago hau jasango duen gorputzik, ez bizitzarik

2013/07/03
2007ko martxoaren 8a zela eta Madrilgo mugimendu feminista kalean zaintzaren inguruko aldarrikapen bat egitera atera zen. «Erlojuaren kontra zainduz gero, noiz zainduko dut nire burua?» zioen pankarta batek. Denbora, izan ere, «batik bat emakumeei haginka egiten dien zakur bat da», baita feminismoak hala salatu ere, gutxienez 70.etako hamarkadatik hona.

trabajoQué hacemos con el trabajo liburutik hartua (2013, Akal)
Egileak: Juan José Castillo, Ruth Caravantes, David García, Chus González, Rocío Lleó

Zaintza lanak -etxea mantentzea; haurrak zaindu eta hezitzea; gaixo, adineko eta helduen arreta, bai egunerokoan nahiz beharrizan emozional eta afektiboei dagokienez- sistema kapitalistaren oinarria dira. Lan hauei ez zaie baliorik aitortzen, ez dira ordaintzen, baina horiek gabe bizitza ez litzateke posible, eta hori da kontraesan nagusia: guztiok interdependente gara, maila desberdinean, gure bizitzako uneen arabera. Pertsona guztiok.

Lanak, denbora eta baliabideak ez daude berdintasunez banatuta, eta herritar guztientzako ongizate baldintzak ez dira jartzen. Hain zuzen, eztabaida bati ekin behar diogu, ea estatuak esku hartu behar duen eta zertarako. Galdera egin genezake: Zenbateraino lor daiteke berdintasuna sistema honetan? Zer egin behar du estatuak berdintasuna iristeko? Debate honetan feminismoen ikuspuntutik bi jarrera topatu ohi ditugu: batetik, integratzaileagoak; hauek uste dute berdintasuna posible dela eta jendearen ongizatea iritsiko dela, ekonomia errealaren eta produkzioaren esferak behar bezala funtzionatuz gero. Jarrera honetan enpleguari eta soldatari garrantzia ematen zaio, ongizaterako gako diren aldetik (hau litzateke «kapitalismo inklusibo»aren bidea). Aitzitik, hausturaren eta eraldatzearen aldeko ikusmoldeetan berdintasuna ezinezkotzat jotzen da egun indarrean dagoen sistema kapitalista heteropatriarkalaren baitan. Hauek diote lehen eta azken helburua ongizatea bada, eta beraz politika ekonomikoa beraren mesedetan jarri behar bada, produkzio eredua ere zalantzan jarri beharra dagoela. Kapitalismoan kontraesan estruktural nabarmena datza: batetik, kapitala metatzeko prozesua, eta bestetik, bizitzaren iraunkortasun prozesua. Hain zuzen -gu bat gatoz honekin-, Estatuaren esku hartzea gatazka leuntzeko izan beharko litzateke, metatze prozesuaren lehentasunari mugak ezarriaz, eta ardura zuzena hartu beharko luke bizitza mantentzeko prozesuan.

Estatuaren esku hartzea gatazka leuntzeko izan beharko litzateke, metatze prozesuaren lehentasunari mugak ezarriaz, eta ardura zuzena hartu beharko luke bizitza mantentzeko prozesuan

Banaketa desberdin honetan oro har emakumeek konpontzen dute kontraesan hori, bizitza mantentzearen eta merkatua -ez pertsonak- erdigunean jartzen dituen sistema kapitalistaren proposamenaren artekoa. Kontua da eginkizun horrek eragina duela eurengan, eta gatazka dakarrela berarekin, bakarrik hortan ari badira, nahiz lan merkatura irten eta lanaldi bikoitz edo hirukoitzak egin behar dituztenean. Une horretan sortzen da lehen gatazka: ez dago hori jasango duen gorputz, ez bizitzarik. Amairik gabeko lan egun horietan emakumeek esparru anitzetan hainbat lan egin dute: etxean, familian, enpleguan, komunitatean, bikotean... Emakumeak lan merkatuko makinerian sartzen direnean eredu hori perpetuatu beharrean izan ohi dira, eta bizitzeko modua moldatu egin behar izaten dute aitor ditzaten, bisibilitatea irabazte aldera.

Honen arrazoia da makineria gizonezko moldearen neurrira eginda dagoela; gizon prestuaren neurrira, etxetik janda, plantxatuta, sasoian, bizitza publikorako eta enpresarako oreka emozionala duela eta prest ateratzen den gizona alegia, “karga”rik eta zaintza beharrizanik ez duena. Molde horri emakumeak ezin zaizkio egokitu; merkaturatuko badira, hainbat “lan” bete behar dituzte.

Banaketa desberdinaren ondorioa emakumeen esplotazioa da, lanaren zatiketa sexualaren baitan (lan eta eginkizunak sexuaren arabera banatzea), baita beste faktoreen eraginez ere (etnia, adina, klasea, egoera zibila, etab.); izan ere, emakumeek gizonekin eta gainerako jendartearekin (enpresak, estatua) banaketa eskatu arren, hauek mugigaitzak direla ikusita gatazka beren kabuz erabaki dute. Emakume desberdinen artean: pobreak, aberatsak, zuriak, beltzak, gazteak, amonak, migranteak, etab., beren arteko botere harremanak sortuaz: beste herrietako eta etnietako emakume migranteak klase ertaineko emakume espainiarrentzat lanean jarriaz, esaterako, edota amonek bilobak zaintzen dituztela, alabak ama xaharra, zein errainak gaixorik dagoen amaginarreba.

Zaintza-kate globala dugu hau, emakume migranteen ikuspegi utilitarista dakarrena, bera izanik krisian kolektiborik ahulena, eta egoera laboralik gogorrenean dagoena

Sudoku gisako bat sortzen da horrela, emakumeek pertsonen beharrizan bital eta errealak osatzeko asmatu duten sudokua, sistemarentzako erabilgarri izango diren herritarrak ugaltze aldera. Antolakunde hau gure mugetatik hara doa, nazioartekoa eta globala da: emakumeek beren familiak eta seme-alabak alde batera utzi eta emigraziora jotzen dute, umeak zaintzeko lan ordaindua hartzearren; bestela, gurean adinekoek zaintzen dituzte merkaturatzen diren emakumeen haurrak. Emakume migranteen etxean beste emakume batzuk hartzen dute familia beren kargu, baina ordainik gabe, agindu heteropatriarkalak hartaratu dituelako, aukera egiteko eskubiderik gabe. Amonak, alaba nagusiak, ahizpak dira, bidaliko dieten diruaren zain daudenak, familia handia aurrera atera ahal izateko. Maila globaleko berregituratze kapitalista eta patriarkal bat da hau, bertoko eta kanpoko emakume zaintzaileen arteko desberdintasuna eragiten duena. Zaintza-kate globala dugu hau, emakume migranteen ikuspegi utilitarista dakarrena, bera izanik krisian kolektiborik ahulena, eta egoera laboralik gogorrenean dagoena. Salatu beharra dago atzerritarren legediak migranteak pertsonatzat soilik lanerako indar gisa hartzen dituela. Hortik dator feministek egiten duten kritika, batik bat emakume migranteak langile perfektu moduan ikusten baitira: dagoeneko heldu direnean datoz; seme-alaba edo beste senideekin elkartzea eragozten zaie (hots, lana ez den beste edozein karga izatea saihestu), eta zahartzen direnean euren herrietara itzultzea lehenesten da.

Emakumeei eskaintzen zaien kontziliazioa ez dela inongo panazea, sistemaren kontraesan eta desberdintasunak ezkutatzeko adabaki bat baizik

Bestalde, emakumeek lanari, familiari eta bizitza pertsonalari bakarrik aurre egiterakoan bizi dituzten gatazketan txanponaren bi aldeak agertzen dira; gatazka horien adibide, ama izateko agindua edota nahita ere amatasunerako aukerarik ez izatea. Haurrak izateak esan nahi du, lanaldi bikoitz eta hirukoitzekin eta horietako zaintzan banaketa berdinkoirik gabe —gainera, erabiltzen diren formulak (telelana, lanaldi partziala) prekarioak direlarik—, iraupen luzeko lasterketa bati egin behar zaiola aurre, nekea eta estresa barne, eta uko egin bizitza pertsonalari, herritar gisa parte hartzeari, planei, etab. Bestalde, emakumeek gorputzean hainbat ondorio pairatuko dute: gaixotasunak, estresa, nekea, eta sentipenei zein autoestimari dagokienez, berriz, depresioa, errudun izateko ustea, antsietatea.

Beraz, esan dezakegu emakumeei eskaintzen zaien kontziliazioa ez dela inongo panazea, sistemaren kontraesan eta desberdintasunak ezkutatzeko adabaki bat baizik. Kontziliazioaren logikan zaintza lana eta enplegua parean jarritako helburutzat hartzen dira. Hain eraldatzailea ez den ikuspuntu honen oinarrian lan ordainduaren aldeko jarrera bat datza, hau jotzen baita biderik egokiena emakume eta gizonen emantzipaziorako, aitorpena eta autonomia ematen duelako. Hots, enplegua da betiere garrantzitsuena.

Ekonomian parte hartzeko beste modu bat lortu behar da, non jendarteko aktore guztiek, bikote edo familia nuklearrez gainera, bizitza mantentzeko ardura areago partekatuko duten; hori da feminismo batzuk proposatzen duten helmuga.