Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Euskaraz bizi nahi dugu

Euskaraz bizi nahi dugu

2012/11/29
ELAk langileen artean euskararen hedapenaren aldeko sentsibilizazio eta motibazio lana, enpresetan normalizazio plan eta neurri zehatzak exijitu, arlo publikoan zerbitzu publikoak euskaraz bermatzeko baldintzak aldarrikatu ditu.

1.- Euskal Herrian badago euskaraz bizi eta lan egin nahi duen hizkuntza-komunitate euskalduna, baina euskaraz bizitzea ez dago osoki gure esku. Izan ere, azken 30 urtetan Euskal Herrian indarrean egon den hizkuntza-politikak ez digu bermatu euskaraz bizitzeko aukera euskaldunoi. Zentzu horretan, inkesta soziolinguistikoek behin eta berriz agerian utzi dute euskararen egoera diglosikoa.

Hasteko, Nafarroako zatirik handienean eta Iparraldean euskarak ez dauka izaera ofizialik ere. Hizkuntza ofiziala ez izatea arazo politiko larria da. Beraz, herrialde hauetan euskararen ofizialtasun osoa eskatzea izan behar da lehenengo aldarrikapen politikoa, euskarak esparru guztietan, lan munduan barne, garatzeko aukera izan dezan.

Euskal Autonomi Erkidegoan ere euskararen erabilpenak behera egin du, gazteen artean batez ere. Azken urteetan izandako ezagutza tasaren igoerak eta hezkuntzan lortutako aurrerapenek ez dute eragin zuzenik izan erabileran. Gure ustez, horrek harreman zuzena du lan munduan eta arlo sozio-ekonomikoan euskarak duen izaera gutxituarekin.

2.- Euskara babesteko eta hedatzeko estrategia baten beharra aldarrikatzen dugu, jendartean eta lan munduan dituen gabezia estrukturalak gainditze aldera. Agenda politikoetan euskarari dagokion lehentasunezko tokia emateko garaia izanik, duela egun gutxi osatu den Gasteizko Legebiltzarraren kolore politikoa ikusita, euskararen normalizazioan neurri eraginkorrak hartzeko aukera paregabea dagoela uste dugu.

3.- Gai honetan ere adostasun zabalen aldeko diskurtsoak entzuten ditugu azkenaldian. Kontsentsuaren diskurtsoa politikoki zuzena da, baina praktikan euskaldunon hizkuntza-eskubideak mugatzen ditu eta egungo egoera mantentzearen aldeko apostua egiten du. Adostasuna behar da euskaraz bizi nahi dugun herritarron eskubideak bermatzeko? Hizkuntza eskubideen errespetuaz ari gara, eta horri erantzungo dion hizkuntza politika baten beharraz.

4.- Lan harremanei dagokienez, argi daukagu lan munduaren euskalduntzerik gabe ez dagoela euskararen normalizaziorik, ez eta benetako ofizialtasunik. Geroz eta langile gehiago dira euskaldunak, baina lan harremanak euskalduntzeko hori ez da nahikoa. Normalizazioaz ari garenean euskararen erabilera bermatzeko baldintza egokiak sortzeaz ari gara eta euskara era honetara aurreikusten duten lan zentroak oso urriak dira, bai sektore pribatuan zein publikoan. Esparru sozio-ekonomikoaren euskalduntzeak neurri politiko ausartagoak eskatzen ditu, eta arlo honetan hurrengo Jaurlaritzari paper aktiboagoa eskatzen diogu.

5.- Ezin aipatu gabe utzi sindikatuon erantzukizuna gai honetan. Sindikatuok asko daukagu esateko eta egiteko lan munduaren euskalduntzean, ELAk behintzat bai: langileen artean euskararen hedapenaren aldeko sentsibilizazio eta motibazio lana, enpresetan normalizazio plan eta neurri zehatzak exijitu, arlo publikoan zerbitzu publikoak euskaraz bermatzeko baldintzak aldarrikatu...

Gure lanaren emaitza arlo honetan ez izan arren nahi izango genukeen bezain ona, argi daukagu ELAk zeregin garrantzitsua daukala lan munduaren euskalduntzean.

6.- Testuinguru honetan ematen diogu atxikimendua Kontseiluak abenduaren 1erako Donostian “Euskaraz bizi nahi dugu” lelopean deitu duen manifestazioari. Dei berezia egin nahi diogu langileei eta ELAko militante eta afiliatuei mobilizazio honetan parte har dezaten, euskaraz bizi nahi dugulako, euskaraz lan egin nahi dugulako!

Euskaraz bizi nahi dugu