Euskaldunatik Euskaldunara

2018/02/12
EuskaldunaBorrokan.jpg
Iragan mendeko 80. hamarkadan Bilboko Euskalduna ontziolako langileek egindako borroka euskal langile klasearen memorian ondo txertatuta dago. Espainiar Estatua Europar Batasuneko kide izateko prozesua martxan zen, eta horretarako hainbat konpromiso bete behar zituen; horien artean ontziolen sektorearen birmoldaketa sakona. Erabaki horrek, besteak beste, Euskaldunaren itxiera suposatzen zuen. Bertako langileek euren lanpostuen eta industria proiektu bideragarri baten aldeko borroka gogoangarria gauzatu zuten. Berriki beste borroka gogoangarri bat bizi izan dugu Euskaldunan.

Gorka QuevedoGorka Quevedo, ELAko komunikazio arloa (artikulu hau Landeian argitaratu da)

Baina, kasu honetan, protagonistak ez dira inolako ontziolako langileak izan, Euleneko langileak baizik, Bilboko Euskalduna Jauregiko zerbitzu ezberdinen adjudikazioduna. Zuzenean kontratatutako langileen lan bera egin arren –aretoen muntaia eta desmuntaia; laguntza teknikoa; arropazaindegiaz arduratu; ekitaldiak koordinatu; leihatilan egon...–, 45 lagun hauen lan-baldintzak askoz ere kaxkarragoak ziren.

Azkenean, urtarrilaren 10ean, 14 egunetako grebaren ostean, akordio bikaina lortu zen. Hitzarmen berriak nabarmen hobetuko du langileen egoera

Urte luzez zeramaten egoera bidegabea sufritzen. Azkenean, hilabete luzetako antolakuntza eta prestaketen ostean, 2017ko abenduaren 28an greba mugagabea hasi zuten. Ez da prozesu erraza izan: enpresaren zuzendaritzak hamaika traba jarri zituen hasieratik. ELAk hainbat salaketa jarri behar izan zituen Lan Ikuskaritzan, greban zeuden langileak legez kanpo ordezka-zeagatik.

Azkenean, urtarrilaren 10ean, 14 egunetako grebaren ostean, akordio bikaina lortu zen. Hitzarmen berriak nabarmen hobetuko du langileen egoera. Soldata igoerak oso nabarmenak izango dira, %20tik gorakoak –zenbait kategoriatan %45era ere helduko dira–; lanaldia nabarmen murriztuko da –urtean 80 ordu–; bost asteburutik bi libratu ahal izango dute –lehen ez zuten bakar bat ere libratzen–; antzinatasuna onartu da eta hirurteko bakoitza %0,50 ordainduko da –langile askok 15 urte zeramaten bertan lanean–; behin-behineko langileak aldizkako langile finko bihurtuko dira; hobekuntza nabarmenak egongo dira baimen eta plusetan; subrogazio eskubidea izango dute; lan erreformatik babesteko klausulak adostu dira...

Aurreko paragrafoa irakurrita begi-bistakoa da akordio bikain baten aurrean gaudela, 45 langile hauek erakutsitako antolatzeko eta borrokatzeko gaitasunari esker lortua. Urte asko igaro dira Euskaldunako bi lan-gatazka hauen artean, baina bada gauza bat denbora honetan aldatu ez dena: langile-klaseak bere lan eta bizi baldintzak hobetu nahi baditu ez du antolatu eta borrokatu beste irtenbiderik.