Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Euskal neoliberalismoa

Euskal neoliberalismoa

2016/11/21
Muñozek arrazoi du esaten duenean administrazio biek euren politikak oinarritzen dituztela zerga erreforma injustu batean, patronalen ikuspegitik ari direla eta oposizioak ez duela oraindik alternatiba errealik eskaini.

Juan Mari Arregi, Argia 

Muñozek arrazoi du esaten duenean administrazio biek euren politikak oinarritzen dituztela zerga erreforma injustu batean, patronalen ikuspegitik ari direla eta oposizioak ez duela oraindik alternatiba errealik eskaini. Arrazoi du Muñozek thatcheriar estiloko politika antisindikala daramatela dioenean, patronalak nahi duen “diziplina eta bake sozialaren” alde eginez. Eta arrazoi osoa du bere buruari galdetzen dionean nola eraman ote daitezkeen aurrera politika sozialak Europako presio fiskal baxuena edukita, kapitalaren, errenta altuen eta enpresa etekinen mesedetan.

Muñozek ezkerreko alderdiei begiratu die. Ezin dira politika neoliberalak eta kapitalistak bultzatzen dituztenak babestu, eta bi erkidegoetako administrazioak horretan ari dira. Ekintza ildo bateratuak bilatu behar dira sindikatu abertzaleen eta mugimendu sozial eraldatzaileen artean. Neoliberalismoari aurre egiteko alternatibak bilatu behar dira, zerga erreforma eta aberastasunaren banaketa bidezkoak lortzeko.

EAJk izandako erreakzioak –Muñozen sindikatua alderdi politikoa dela esanez, eta sindikatu baten zereginera muga dadila eskatuz–, oso ondo islatzen du haien aurpegia. Herritar orok, eta edozein sindikatu edo mugimendu sozialek, eskubidea dute gobernuen jarduna kritikatzeko. Jarrera egokiena, egindako akatsak onartu eta neoliberalismoa atzean uztea litzateke, gizarte justuago, berdinago eta solidarioago baterantz eginez.