Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Euskal Moneta: Garaipen garrantzitsua… goazen aitzina!

Euskal Moneta: Garaipen garrantzitsua… goazen aitzina!

2018/04/03
Herriko etxe batek diru laguntzak, hautetsien ordainsariak eta enpresen fakturak euskotan pagatzen ahal ditu: hori baieztatu du ortzegunean Paueko Auzitegi administratiboak. Pirineo-Atlantikoko Prefetak galdegin zion Auzitegiari Baionako Herriko etxearen eta Euskoaren arteko hitzarmena blokatzea eta 10 argudio desberdin emaiten zituen bere galdearen bermatzeko. Jujeak 10 argudio horiek haizatu ditu eta dio « ez dutela hitzarmenaren legezkotasuna serioski zalantzan ezartzen ».

Eusko euskal monetaren prentsa oharra

Garaipen garrantzitsua da Euskoarentzat eta Baionako herriarentzat, bai eta Ipar Euskal Herri osoarentzat, lurraldearen zerbitzuko den tresna bat azkartzen baitu, garapen ekonomikoaren alde, trantsizio ekologikoaren alde eta euskararen alde.

Garaipen hori logikoa da, Baionako Auzapezak, Herriko zerbitzuek eta Euskoak elgarrekin lan egin baitute, eta serioski, legea errespetatzen duen ordainketa sistema baten plantan ezartzeko. Sistema horrekin, Herriko etxeak ordainketak euskotan egiten ahal ditu boluntario diren hautetsi, elkarte eta enpreser.

Berri biziki ona da, bestalde, Frantziako tokiko moneta guzientzat, erabaki horrek jurisprudentzia berria sortuko baitu. Horri esker, nahikeria duten lekuko elkargo guziek ordainketak egiten ahalko dituzte tokiko moneta batekin.

Nork daki orai Estadoak zer eginen duen. Tematu, Ipar Euskal Herrian sortu den berrikuntza hori blokatu nahiz, edo hortan gelditu eta jaukimenduak utzi, ohartuz gure proiektua xantza bat dela: Ipar Euskal Herrian ukaitea, gaur egun, tokiko moneta serios bat eta herri berritzaile bat, eraginkorra eta legala den sistema bat sortu dutena, lekuko elkargoek oraindik gehiago parte hartzeko tokiko moneta baten zirkulazioan haien lurraldean, ekonomiaren eta trantsizio ekologikoaren dinamizatzeko.

Estadoa hortan uzterat bultza dezagun Euskoari kidetuz edo berkidetuz eta gure inguruko jendea kidetu araziz, eta lurraldeko hautetsientzat, « Berrikuntzari bai! » deia izenpetuz!

Baionan, 2018ko martxoaren 30an.

Harremanak :

Dante Edme-Sanjurjo, Zuzendaria, dante@euskalmoneta.org, 06 32 38 23 19

Xebax Christy, Lehendakaria, xebax@euskalmoneta.org, 06 33 04 56 62