Euskal Moneta defenda dezagun

2018/02/07
eusko.jpeg
Ikastola eta Herrikoa jazartzen zuten lehen eta berrikiago Laborantza Ganbara. Orain berriz, helegite bat aurkeztu dute Euskoa erabiltzeko Baionako udalak sinatutako hitzarmenaren aurka. Frantses gobernuek (edozein delarik ere) eta beren Paueko prefekturako ordezkariek ez dute lortzen azalean itsatsia daramaten zarpail jakobinoez libratzerik. Iparralden garapen iraunkorraren ikuspegitik Euskoa-ren garrantzia azaldu beharra dago.

TxetxTxetx Etcheverry, Manu Robles-Arangiz fundazioa (artikulu hau Enbatan argitaratu da)

Asko dago jokoan. Aurrerantzean, tokian tokiko autoritateek bermatu ahal izango dute gastuaren eta diru-laguntzen zati bat derrigorrez beren lurraldean berrerabiliko direla. Horrela ziurtatu dezakete, diru hori bertako artisau, laborari, zerbitzu, industria eta merkatariengana itzuliko dela, eta ostera, ez duela ihes egingo banaketa-handiko sektoreetara, internet bidezko nazioarteko merkataritzara edota finantza espekulaziora.

Euskoa etorkizunerako ikuspegi baten parte da: birtokiratzea, ekologia, trantsizio energetikoa eta euskara, bertako laborantza, gertuko merkataritza eta enpleguaren aldeko sostengua edota demokrazia lokalaren eta gizarte-ehunaren indartzea

Gertutasunezko ekonomia errealari mesede egingo lioke, deslokalizazioaren kaltetan: hauexek baitira garraioaren bitartez berotegi-efektuko gas isurketak biderkatzen dituztenak eta lurraldeen arteko norgehiagoka pizten dutenak, mundu osoa maila sozial eta ekologiko baxuenetan hondoratuz.

2017ko ekainean Baionako udalak hartutako erabakiak interes handia piztu du frantses estatuko udal eta hirigune askotan: funtzionario hautetsien soldatak, diru-laguntzak eta zenbait faktura Eusko bidez ordaintzea ahalbidetzen du.

Izan ere, lokalki ekiteko gaitasuna indartzeko tresna berri bat jartzen du administrazio lokalen eskura. Honek bide zabal bat irekiko luke birtokiratze politikak eta enplegu lokalaren dinamizazioaren aldeko neurriak martxan jartzeko.

Euskoa, etorkizunari begira

Datorren martxoaren 4an Baionan ospatuko dugun Eusko egunean horretarako parada izango dugu.

Bide horixe da hain zuzen ere Pirinio Atlantikoetako prefetak itxi nahi duena, Baionako udalaren deliberamendua epaitegietara eramanaz. Ez dute asmatu testu egokia erasotzen, baina Estatuaren zerbitzuak ez dira armagabetzen eta Baionako udala eta Euskoaren artean sinatutako ituna salatu dute ondoren.

Les Echos (ekonomia eta finantza arloko frantses egunkaria) kazetaren arabera “Frantziako tokiko moneten arrakastaren adibidea” da. Hazkunde betean murgilduta dago (urte batean Euskoa-ren moneta-masa %40 hazi da) eta erritmo honekin jarraituz gero, laster Europa mailako lehen tokiko moneta bilaka daiteke. Txartel digitala martxan jarri da eta erreferentzia bilakatu da Nantes, Lille, Angoulême hirientzat, unibertsitate munduko zenbait lanentzat edota ADEME ingurumen agentziarentzat. Euskoa etorkizunerako ikuspegi baten parte da: birtokiratzea, ekologia, trantsizio energetikoa eta euskara, bertako laborantza, gertuko merkataritza eta enpleguaren aldeko sostengua edota demokrazia lokalaren eta gizarte-ehunaren indartzea.

Prefeta, mundu zaharra libratzera

Prefeta iraganeko logika juridiko eta politikoan oinarritzen da. Baionako udalaren eta Euskoa-ren arteko itunari eraso egiten dio, 2012 urteko abenduaren 24ko dekretu batean oinarrituta: bertan autoritate lokalek beren esku dituzten ordainketa bideak zerrendaratzen dira eta bertan ez dira moneta lokalak azaltzen.

Baina 2012 urtetik hona legeria aldatu egin da, 2014ko uztailaren 31ko Ekonomia sozial eta solidarioaren legeari esker. Hamon legea izenez ezagunago den lege honek tokiko moneta osagarrien bidezko ordainketa onartzen du, moneta eta finantza Kodean inskribatzen bada. Baionako udala eta Euskal Monetaren elkartea jurisprudentzian oinarritzen dira esateko, bi testu juridiko kontraesankorrak direnean, denboran berriena dena edo maila altuagoa duena gailentzen dela.

Prefeta berriz, batez ere esparru politikoan tematuta dago mundu-zaharraren defentsan.

Testuinguru honetan (klimaren arazoa, lurralde, herrialde eta are kontinenteen arteko lehiak eragindako hondamendi sozial eta ekologikoak), administratzen gaituztenek logikak zaharkituta daude; hala adierazten du energia trantsiziorako eta tokiko garapen orekatuagoa lortzeko mekanismo indartsua izan daitekeen birtokiratzeko tresna baten jazarpenak.

Jean-René Etchegaray, Baionako alkate eta Euskal hirigune elkargoko presidenteak “amorru jakobinoa” aipatzen du eta bere ustez eraso honek “birzentralizaziorako asmo” bat erakusten du.

Euskoarekin aurre egin

Euskal Herriak ezin du onartu era honetako eraso bat: etorkizun jasangarriago bat eraiki ahal izateko bere esku dauzkan tresnetako baten kontra egiten du helegiteak. Bere historian zehar, kutsu honetako beste zenbait ikurren aurka egin izan du estatuak: kooperatibak, ikastolak, Herrikoa, Euskal Laborantza Ganbara e.a.

Euskal gizarteak behin eta berriz aurre egin izan du, goitik etorritako aginduak baztertu ditu, ez du amore eman, elkartasun formak biderkatu ditu, ausardiaz mobilizatu izan da eta amaierako kausa irabazi izan du. Oraingo honetan, Euskoa-ren inguruan dagokigu erakustea gure borondate aldaezina Euskal Herri libreago, burujabeago, euskaldunago, solidarioago eta jasangarriago bat eraikitzeko.

Datorren martxoaren 4an Baionan ospatuko dugun Eusko egunean horretarako parada izango dugu.

Parte-hartze handia izan dadila, Euskoa-rekiko eta Baionako udalarekiko gure elkartasuna eta etorkizuna gure eskuetan hartzeko dugun determinazioa erakusteko.

Euskoa denen esku !