Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Euskal Herrirako energia eredu iraunkor baterantz

Euskal Herrirako energia eredu iraunkor baterantz

2014/06/02
Hego Euskal Herriak 2050ean, iraunkortasunaren bidean jada, izango duen energia egoera hipotetikoaren kontakizuna prestatu digu Gorka Buenok. Ez al dizu jakinmina piztu?

(Gorka Bueno, Dokumentu osoa)

http://idata.over-blog.com/0/48/57/45//Alda-14---Gorka-Bueno---rscn4459.jpg

“Hego Euskal Herria, 2050. Jatorri fosileko energiaren prezioa dela medio mende-hasieratik hainbatean behin izan ditugun krisiak direla eta –hamarkadako, bat, baliabideen etengabeko agortzeak eraginda–, ikaragarri igo da energiaren prezioa, duela mende bat pentsaezina zen mailaraino igo ere. Azkeneko krisiekin, gainera, hornidura-arazoak ere iritsi dira munduko leku batzuetara, gutxien prestatuta daudenetara hain justu ere. Muturreko fenomeno klimatikoek (lehorteak, uholdeak, etengabeko ekaizteak) gogor astindu dituzte munduko zenbait ekonomia, batez ere itsasotik hurbil dauden herrialdeetakoak. Zorionez, azken hiru hamarkadetako ibilbideak aukera eman digu energia-egoera berrira hobeto egokitzeko.

Erdira jaitsi da Euskal Herrian energiaren azken kontsumoa, duela berrogei urteko gailur historikoekin alderatuta. Bikoiztu egin da sektore primarioak kontsumitzen duen energia-kantitatea, berreskuratu egin baitu bere izaera estrategikoa, hau da, elikagaien eta industria iraunkorrerako material berrien hornitzaile bihurtu da. Eraikinetako kontsumoa %35 jaitsi da, baina eraginkortasunean, diseinuan eta isolamenduan egin diren hobekuntzei esker, konfort-maila nahiko ona dugu. Garraioan, berriz, laurdenera jaitsi da kontsumoa, %75. Urte luze dira gasolinaren prezioak (beldurgarria) hamarren batera murriztu zituela ibilgailu pribatuan egiten ziren joan-etorriak. Gaur egun, autoa partekatzea ere garestia da. Garraio publiko elektrikoa (metroa, tranbia eta trolebus modernoak, hirietan; haietatik kanpo, trenbide-sare sarria) da orain jaun eta jabe, eta gasoliozko autobusak landa-eremu urrunenetan bakarrik ibiltzen dira. Industriak, bestalde, %40 murriztu du energia-kontsumoa, eta kontsumitzen duen erdia jatorri berriztagarriko elektrizitatea da. Hurrengo hamarkadetan, industriak oraindik kontsumitzen dituen jatorri fosileko 800 ktpb-en ordez jatorri berriztagarrikoak erabiltzea da xede nagusia, oso poluitzailea eta ikaragarri garestiak baitira.

Jatorri berriztagarrikoa da eraikin guztietan kontsumitzen den energia elektrizitatea, batez ere, baina baita kolektore termikoek eta geotermiak sortzen duten beroa ere; landa-eremuetan eta herri txikietan, biomasaren ekarpena ere handia da). Garraioak (%80) eta industriak (%50) kontsumitzen duten elektrizitate-kantitate handia dela eta (jatorri berriztagarrikoa, biek), erregai fosilekiko mendekotasuna %36ra jaitsi da egun, duela lau hamarkadako %90 hartatik. Termino absolututan adierazita, mende hasieran kontsumitzen genuen energia fosilaren %18 kontsumitzen dugu egun. Horri esker, %80 murriztu dira atmosferara egiten diren CO2-emisioak, Europak 2050erako ezarritako helburuei nahiko zorrotz jarraikiz. Halaber, kanpoarekiko energia-mendekotasuna %48ra jaitsi dugu, mende hasierako %90 hartatik. Gainera, inportatzen dugun elektrizitate guztia (ia 6 TWh urtean; kontsumoa, guztira, 26 TWh-tik gorakoa da, urtean) jatorri berriztagarrikoa da.

2050ean, Euskal Herria ez da, oraindik, gizarte iraunkor bat. Aldaketa nagusia, ordea, lortua du jada: administrazioak, politikariek, eragile sozioekonomikoek eta, oro har, herritarrek berenganatu dute zibilizazio iraunkor batek, inpaktuak gutxitu baino gehiago, beste zerbait egin behar duela

Hego Euskal Herrian kontsumitzen den azken energiaren %60 elektrizitatea da. Mugikortasuna ematen digu elektrizitateak, eta erosotasuna eraikinen barruan; horrez gain, industria ere hark elikatzen du, hein handi batean. Alderdi askok egiten dute bat elektrizitatearen ekoizpenean (tokian tokikoa eta banatua): sistema fotovoltaikoen parke izugarri batek (7 GW-etik gorakoa) eraikinen estalkietan ekoizten du elektrizitatea (industrialak dira eraikin horietako asko); ehunka zentral txikik gure ibai-sareko urjauziak (ugariak) aprobetxatzen dituzte, batez ere Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldean; Arabako lautadan eta Nafarroako hegoaldean, elkarren ondoan daude parke eolikoak eta nekazaritzako ustiategiak. Kantauriko isurialdean ere jarri dituzte parke eoliko txiki batzuk gailurren batzuetan, tokiko administrazioen eraginez. Zorrotz kontrolatzen dituzte administrazio horiek parkeen kostuak eta irabaziak, bai ingurumenekoak bai ekonomikoak. Espero da, bestalde, egungo defizit elektrikoa Kantauri itsasoan –plataforma flotagailuen gainean, kostatik 10 bat km-ra– hurrengo hamarkadan jartzekoak diren aerosorgailuek ekoitziko dituzten 2 GW-ek estaltzea.

Energia berriztagarriaren fluxu horren aprobetxamendu hain handia lortzeko, energia-azpiegitura osoa berritu behar izan da, baita ekonomiako gainerako sektoreen funtzionamendua ere.

Trantsizio-garaiko lehen hamarkadan sekulako inbertsioak egin behar izan ziren, eta esfortzu ekonomiko handia egin zuen gizarteak. Gerora, ordea, inbertsioen konpentsazioa iritsi da, asko murriztu baita erregai fosilak inportatu beharrak ekarriko zukeen energia-faktura.Inbertsio handi hura, bestalde, gure herriko industria- eta teknologia-sektoreetara bideratu da, hein handi batean; horri esker, sektore askotako enpresa ugari teknologia iraunkorretara aldatu dira

Bizitza baliagarriaren amaiera iristen diren azpiegiturak berritu, aldatu edo eraisteko premia hasiera-hasieratik aprobetxatu zen ekoizpen berriztagarrirantz eta iraunkortasunerantz birbideratzeko energia-sektore osoa eta industrialaren parte handi bat. Paradigma-aldaketa ekarri du energia berriztagarriaren fluxuaprobetxamendu masiboak. 2050ean, kontsumitzen dugun energia instalazio modular, malgu, txiki eta askotarikoetan ekoizten da (aerosorgailuak, panel fotovoltaikoak, neguan herrietako berokuntzasareak elikatzen dituzten biomasazko zentral termiko txikiak, sistema geotermiko txikiak, presa hidroelektriko txikiak...) Instalazio horietako asko, eta elkarrekin konektatzen dituzten sareak, tokian tokiko jabetza publikokoak dira; horri esker, errazagoa da gizarteak instalazioak kontrolatzea.Paradigma-aldaketak, bestalde, izugarri areagotu du sistemaren konplexutasuna eta haren kudeaketa. Trantsizio-garaiko lehen hamarkadan sekulako inbertsioak egin behar izan ziren, eta esfortzu ekonomiko handia egin zuen gizarteak. Gerora, ordea, inbertsioen konpentsazioa iritsi da, asko murriztu baita erregai fosilak inportatu beharrak ekarriko zukeen energia-faktura.Inbertsio handi hura, bestalde, gure herriko industria- eta teknologia-sektoreetara bideratu da, hein handi batean; horri esker, sektore askotako enpresa ugari teknologia iraunkorretara aldatu dira. Energia-iraunkortasunaren aldeko birmoldaketa industrial horrek ere konpentsatu egin du etengabeko krisiek eragindako enplegu-galera. Metatutako esperientzia dela medio, sare adimendunetarako, energia berriztagarrietarako eta eraikinen zein garraioaren energiaeraginkortasunerako teknologia esportatzen du gure sektore industrialak. Gizarte-berrikuntzaren alorrean ere esportatzaile da gure gizartea, zenbait alorretan: mugikortasun iraunkorra, garraio-sareen optimizazioa, herritarren partaidetza-dinamikak instalazio ugariren sustapena dela eta... Funtsezkoak izan dira dinamika horiek azpiegitura berrien iraunkortasuna bermatzeko, eta, bide batez, kontsumo- eta garraio-ohiturak aldatu beharraz gizartea kontzientziatzeko tresna ahaltsuak ere izan dira.

2050ean, Euskal Herria ez da, oraindik, gizarte iraunkor bat. Aldaketa nagusia, ordea, lortua du jada: administrazioak, politikariek, eragile sozioekonomikoek eta, oro har, herritarrek berenganatu dute zibilizazio iraunkor batek, inpaktuak gutxitu baino gehiago, beste zerbait egin behar duela: gure planeta honetako, gure organismo bizi eta handi honetako gainerako azpisistemekin egokiro txertatu. Energia-alorrean, energia berriztagarriaren fluxuak bakarrik ustiatzea eskatzen du horrek, eta erabat ixtea materialzikloak, hondakinik sor ez dadin, direla CO2-emisioak edo atmosferara botatzen diren beste poluitzaile batzuk, direla metal exotiko eta oso-oso garestiak dituzten hondakinak.”