Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Euskal Herriko burujabetza prozesuari ekarpena Iparraldetik

Euskal Herriko burujabetza prozesuari ekarpena Iparraldetik

2018/06/29
Azken hamarkadetan, lan metodo oso berezi bat garatu da Iparraldean eta pixkanaka pixkanaka errealitatea, kontzientziak eta perspektibak eraldatzea ahalbidetu du. Ipar Euskal Herriko egoera bereziak segurrenik metodo hori finkatu du: 315.000 biztanle bakarrik dituen lurralde ttipi bat, frantses Estatuaren punta batean dena, oso zentralizatua eta 67 milioi biztanle dituen Estatu horren Parise hiriburutik oso urrun kokatua.

TxetxTxetx Etcheverry, Manu Robles-Arangiz Institutua (Garaipen txikien bidez Euskal Herria burujabe mintegian eman zuen hitzaldia)

Horri gehitzen badiogu 2017a arte instituzio propiorik ez zuela eta abertzaleak oso minoritarioak direla, hautesleen %15a besterik ez baitira, argi ikusten da Parisetaz entzuna izaiteko, edo, bultzatzen eta proposatzen ditugun aldarrikapen eta neurriak Parisi onar arazteko edo martxan ezar arazteko posibilitateak, minimoak zirela. Horrek segurki bultzatzen zuen ez sobera itxoitea gauzak gainetik etortzea, eta gomitatzen gintuen guhaurek beheretik aterabideen eraikitzea. Aldarrikapen horiei oihartzun gehiago emaiteko bortizkeriaren erabilpenari uko eginez (1998-1999ko Lizarra-Garaziko garaia momentu erabakigarri bat izan da Iparraldeko metodo berezi horren garatzeko eta Iparraldeko azken erakunde armatuak 2000 urteen hasieran bere jarduerari bukaera eman dio), argi da egoera orokor horrek, indar harreman gutieneko baten sortzeko eta Iparraldeko jendartearen eraldaketarako potentzial erreal baten sortzeko parada, arras beste era batera, pentsatzea behartzen zuela.

Praktikak kontzientzia sortzen du

Praktikak sortzen zuen kontzientzia eta herritarrak, aldatzera eta urrunago ibiltzera eramaiten zituen, batzuetan arreta, duda eta kezka ainitzekin hartu zuten bidean

Metodo hori ez da eskuliburu edo testu teoriko batean idatzia izan, pixkanaka pixkanaka garatu da lurraldean, eta kolektiboki irudikatua eta eramana izan da, batzuetan ebidentzia bat bezala, beste batzuetan eztabaida bizi batzutarik landa non beste aukera estrategiko batzu kontra jarriak izan zaizkion, baina proposamen ezberdin horiek gutiengoan gelditu dira, edo beraien kabuz agortu dira etekinik gabeko esperimentazio garai baten ondotik.

Metodo hori eskematikoki deskribatzeko erran nezake bi parte handiren arteko antolaketaren ondorioa izan dela: 1) Gehiengoa batzen zuten eta norabide onean joaten ziren helburu batzuen inguruan formulatutako frantses Estatuari zuzendutako eskakizunak, nahiz eta  haien maila eta haien edukia ez ziren abertzaleek beren kabuz aldarrikatzen zituzten galdeen heinekoak 2) Estatuak baikorki erantzutea itxoin gabe eskaera horien edukia praktikan jartzen laguntzeko iniziatibak, egiturak, proiektuak eraikitzea.

Kasu adierazgarriena, antolaketa estrategiko horren eraginkortasuna hobekien irudikatzen duena, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sortzearena da

Osagai horietako lehenak, zeinen adibide adierazgarriena, euskal departamendu baten aldeko borroka den, hainbat gauza ahalbidetzen zituen: jende eta sektore anitz mugiarazten zituen, abertzaleek soilik  bultzatu aldarrikapenek (sentsibilitateen arabera autonomia edo independentzia) baino sare zabalago bat. Hori dela eta, Iparraldean harreman, zubi eta  aliantza berriak sortzea pixkanaka permititzen zuen (baita, askotan, Frantziar Estatuko buru edo indar ezberdinekin ere). Frantziar Estatuaren ezezko gogorrei eta mespretxuari aurre egiteko beharra dela eta, konplizitate berri horiek indartzen zituen, bere izaera zehatzari buruz kontzientzia-hartze bat pizten zuen, aitorpenerako egarria zorrozten zuen, instituzionalki  existitzeko eta bertan erabakitzeko ahala lortzeko gosea handitzen zuen. Praktikak sortzen zuen kontzientzia eta herritarrak, aldatzera eta urrunago ibiltzera eramaiten zituen, batzuetan arreta, duda eta kezka ainitzekin hartu zuten bidean.

Estatuak aldarrikapen hura  onartuz geroz egin zezakeena gauzatzen hasten ziren ekimen edo entitateen eraikuntza paraleloa hasi zen, eta horrek aldarrikapenari zilegitasun handiagoa ematen zion, sustengu eta parte hartzaile gehiago erakartzen zizkion, frogatuz eskala ttipi batean, zenbat irabazi zitekeen dimentsio handiago bat ematen bazitzaion  eta desmartxa hori oinarritzat, instituziotzat hartua balitz. Aldarrikapena molde performatibo batean hots ia gauzatuz eramaten zuen, Estatua bortxatuz bere axolagabekeriatik ateratzea, erantzutea eta ihardestea, hainbat ekimenen bitartez, «programa konstruktibo» horren garapena mugatzeko edo programa horrek Estatuari sortzen ahal zituen kostu politikoak ttipitzeko.

Estatuak galdu zuen borroka hura, eta hori aurretik ikus zitekeen, biziki zaila baita zerbaiten desegitea haren izaera sakona sortzailea edo konstruktiboa delarik, biziki zaila da erasotzea populazioak baliagarria eta arrazoizkoa atzematen duen desmartxa bat

Bi osagai horiek elkar elikatzen zuten, elkar indartzen, eta horien artikulazioak frantziar zentralismoaren aitzinean eragitea lortzen zuen, errealitatea egiazki eraldatuz eta Iparraldearen kontzientzia maila handituz.

Estrategia irabazlea

Kasu adierazgarriena, antolaketa estrategiko horren eraginkortasuna hobekien irudikatzen duena, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sortzearena da, Euskal Herriko laborantza ganbara berezi baten aldeko 10 urteko mobilizazio baten ondotik eta Iparraldearentzat Instituzio baten aldeko Batera kanpainaren testuinguruan. Denbora berean, euskal departamenduaren aldeko kanpaina eta Udalbiltzaren sortzearen antolaketa gertatu ziren, honek lehen unetik erakusten zuelarik bazela  gaitasuna bat Frantses Estatuan gauzak mugiarazteko. Zoritxarrez, ez du astirik ukan garatzeko, 1999ko bukaeran su-etenaren amaitzeak geldiarazi baitzuen Lizarra-Garaziko prozesua.  Ez zuen orduan garatu ahal izan bere potentzial estrategikoa, ene iduriko alimalekoa edo itzela zena.

Laborantza Ganbarari dagokionez, benetako erakunde horren sortzea, 2005ean bihurgune garrantzitsua izan da Iparraldean, izan dadin laborantza munduan edo Iparraldearen izate instituzionalaren alde. Iparraldeko 158 herri batzen dituen hiri elkargo baten sorrera, lurraldearen historiako lehen erakundearen sorrera, Laborantza Ganbarari zor zaio parte handiz. Laborantza Ganbarak egindako oinarrizko lanak, tresna horren egokitasuna eta ondorioz aldarrikapen horren bidezkotasuna erakutsiz, bazuen mobilizatze guziek eta manifestazio guziek bezainbat edo gehiago  balio.

Pertsonalki, iduritzen zait horrek aitzinetik itxuratzen duela bihar eraikiko dugun Euskal Herriaren burujabetzaren bide estrategikoa

Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta Estatu frantsesaren arteko gatazkak (hau saiatu zen Laborantza Ganbararen debekatzea) Iparraldea eta Estatu Frantsesaren arteko harremana azkarki mugiarazi du, baita Iparraldearen baitako harremanak ere. Auzapez eta hautetsien harremanak, Prefeta, gobernuaren delegatu gisako bat eta Estatuarekiko, aldatu dira. Gauza bera gertatu da kontzientzia orokorraren mailan, eztabaidaren bilakaeran, ikusmolde estrategikoetan, aliantzen eta konfiantzazko harremanetan. Frantses Estatuaren eta Iparraldeko jendartearen artean hainbat urte iraun zituen beso borrokak sektore ezberdinen arteko laneko eta konfiantzazko harremanak azkarki indartu zituen. Garai hartan ere harremanak, aliantzak eta sustenguak Estatu frantsesean gaindi indartu ziren. Estatuak galdu zuen borroka hura, eta hori aurretik ikus zitekeen, biziki zaila baita zerbaiten desegitea haren izaera sakona sortzailea edo konstruktiboa delarik, biziki zaila da erasotzea populazioak baliagarria eta arrazoizkoa atzematen duen desmartxa bat.

Azken finean, ber logikak izan dira Ipar Euskal Herrian 2016ko abendutik 2017ko apirilera iragan den armagabetzearen ezaugarriak. Jendeek  erabaki dute beren kabuz egitea jendarte osoak 2 Estatuek egitea itxoiten zuenaren zati bat, nahiz eta Estatuek ekitea errefusatu: hots, harremanetan sartzea duela bost urte baino gehiago borroka armatua behin betiko gelditua zuen ETA erakundearekin, harekin hitz egitea, eta antolatzea lehenbailehen, molderik ordenatuenean eta ahal bezain segurtatsun neurri gehienekin, armategiaren desegitea. Jendeak hasi dira horren zehazki gauzatzen Luhuson, jakinez hori zela jendarteak 2 Estatuei gehiengoz galdegiten zuen arrazoizko gauza baliosa. Estatuen erantzuna hasieran errepresioaren bidetik joan da, iniziatibaren  kriminalizatzea saiatzen zutelarik. Baina horrek sortu du jendartearen eta alderdi guzietako hautetsien erreakzioa eta mobilizazioa. Denak batu dira azken hamarkadetan josi konfiantza harremanei esker eta adibide gisa Laborantza Ganbararen kasuan bezala garaipen batekin burutu konfrontazio demokratikoen iraganeko esperientziak lagun. Mobilizazio horren eta Estatuei galdegina zena praktikan gauzatzea jarraitzeko prest ziren aktoreen determinazioaren aurrean, Parisen jarrera aldatu da, posizio ezberdinak aldatu dira, eta egoera berri bat sortu da, ez bakarrik ETA-ren armagabetze osoa ahalbidetu duena, baina, hor arte serioski blokatua iduri zuen egoera baten eboluzio globalago eta baikorrago bat ere.

Burujabetzari buruz aitzinatzeko metodo bat

Laborantza Ganbararen adibidea berriz erabiltzeko, “programa konstruktibo/eraikitzaile” horrek ukan sustengu eta parte hartzeak, ber proiektua, ber aldarrikapena edo ber eraikuntza lana elkarrekin eramanak izaiten ahal zirela eta ondorioz indartuak izaiten ahal zirela a priori independenteak diren bi bideren bidez, argi uzten zuen. Alde batetik, euskal nortasuna, onarpen beharra, gure oraina eta geroa tokian bertan eta kolektiboki kudeatzeko xedea. Beste aldetik, jendarte zuzenago eta jasangarriago baten eraikitzeko xedea, laborantza  herrikoi eta iraunkor baten, elikadura sanoago baten, kalitatezko ingurumen baten, ekoizpen eta kontsumoen bertokiratzearen defendatzaileen ezaugarria zena.

Pertsonalki, iduritzen zait horrek aitzinetik itxuratzen duela bihar eraikiko dugun Euskal Herriaren burujabetzaren bide estrategikoa. Gaur asko gira arrazoizko galde baliosak zuzentzen bi Estatuei eta haien partez erantzunik ez ekartzeko jarrera jasaiten. Hots, Estatuek holako galderen entzuteko edo ulertzeko ezintasunaren pairatzen. Babes sozialaren, prekaritatearen eta bazterketaren kontrako borrokaren bai eta desberdintasunen ttipitzearen beharra; klima nahasketa saihestuz, gure inpaktu ekologikoa ttipituz eta bio aniztasuna eta jendeen osagarria babestuz hobeki bizitzea ahalbidetzen duten ekoizpen, kontsumo, garraio eta lurralde antolaketa eredu batzuren martxan ezartzeko premia larria; euskararen erabilpenaren normalizazioaren bai eta gure nortasun eta kulturaren loratzen ikusteko nahia, munduaren aniztasunaren eta aberastasunaren parte garrantzitsu honen babesteko eta indartzeko; denei ahalbidetzea ber eskubideen eta ber errespetuaren lortzeko gaitasuna, elkartasuna eta harreraren garatzeko beharra, bereziki hein batean gure garapen ereduaren ondorioz ezin bizizkoak bilakatuak diren lurralde batzutarik ihesi joan behar direnei; eta beste asko gauza ere oraino.

Euskaldun ala ez, abertzale ala ez, ezin sinetsia da Euskal Herrian bizi girenen eta gure bizi baldintzen berjabetza eskuratu nahi dugunen  kopurua eta aniztasuna. Gaur egungo sistemak gero eta gehiago bai eta arlo guzietan desjabetzen gaitu: klima, lurra, ura, airea, etxebizitza, elikadura, energia, eskubide sozialak, eskubide demokratikoak, historia, kultura, hizkuntza, sozializazioa,... Munduko zati honetan Euskal Herria  izeneko lurralde eta destino komunitate baten erakargarritasun eta mobilizazio potentzial eta gaitasunetan bermatzen den proiektua, gure bizi baldintzen jabetzaren berreskuratzeko eta horren bidez bere nortasun idekian eta pertsonalitate sakonean bere bidea hobeki aurkitzen duen jendarte justuago, berdinago, guttiago pratiarkalaren, jasangarriago, demokratikoago, auto-kudeatuago, solidarioago eta xinpleki bihozberagoa eraikitzeko,  gure garaieko desafio handiei ekartzen ahal den erantzunik egokiena eta indartsuena da. Burujabetzaren ikuspuntu horrek bere inguruan biltzen ahal ditu nahiko kopuru eta determinazio borrokaren irabazteko, eta hori denen onerako