Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Euskal Herria trantsizioan

Euskal Herria trantsizioan

2016/10/05
Irailaren 23tik 25erako asteburua oso betea izan da Bizi!rentzat; hainbat arlo osagarritan itzulerak adierazten du urte garrantzitsua datorrela trantsizio sozial eta ekologikoaren aldeko euskal mugimenduaren ibilbidean.

TxetxTxetx Etcheverry, Manu Robles-Arangiz Fundazioa (artikulu hau Enbatan argitaratu da frantsesez)

Irailaren 24an Bizik Baionan 88 orrialdeko txosten bat aurkeztu zuen klima eta energiari buruzko udal konpromisoak zertan diren ezagutzeko. 2014 hasieran Iparraldeko biztanleen %75 biltzen dituzten 30 udalerritako auzapezek sinatu zuten Biziren trantsizio energetikorako ituna, eta ordutik aurrera herritarren kontrolpean daude -Hitza Hitz komitearen bidez- hitzartutakoa betetzen ote duten ikusteko.

Bizik aipatu egiten ditu EH elkargoak trantsizio ekologikoaren eremuan izango dituen aukerak, eta uste du beharrezkoa izango dela Iparraldeko jendarte zibilaren mobilizazio eta parte hartze handia

Auzapez horiek hartutako konpromisoak hamabi gairen ingurukoak izan ziren (hirigintza, mugikortasuna, energia, eraikuntza, nekazaritza, hondakinak, etab.) eta udal agintaldiak irauten duen sei urteen baitan bete beharko lirateke.

Biziren Hitza Hitz komiteak orain 30 udalerri horietan tokiko taldeak aktibatu nahi ditu, udalen arteko topaguneak sortu, hautetsi eta biztanleen artean.

Honen xedea da ziurtatzea emandako hitzaren emaitza trantsizio ekologikorako ekintza konkretuak izango direla; bigarren txosten batek erakutsiko du 2018tik aurrera izango diren aurrerapauso edo ukoak.

Baionatik Maulera

24an bertan ere Mauleko kaleetan berrogeita hamar lagunek bizikletaz manifestazioa egin zuten Bizi!Xiberoko taldeak deituta. Eskari oso konkretuak plazaratu zituzten: Maulen eta hiriaren inguruan bidegorriak egiteko bultzada, baita Ligi-Atherei, Atarratze eta inguruko herrietan barna ere.

Iparralde trantsizioan

Jon Palais Biziren izenean mintzatu zen COP21 ondorengo egoera aztertu eta klimaren mugimenduak darabiltzan hainbat kontzeptu estrategiko eta lan-ardatz teorizatuaz

Helburu hau jaso zuen joan den irailaren 23an Bizi!k Euskal Herriko Garapen Kontseiluari igorri zion ekarpenak. Hain zuzen, ikuspuntu honetatik Euskal Herriko Elkargoa eratzea urrats handi bat da.

Izan ere, trantsizio energetikoaren legeak eta NOTRe legeak lurralde-elkargoei hedadura eta eskumen berriak aitortzen dizkie, eta tokiko politika publikoetan klimaren aldeko ekintzak erabakitzeko hainbat aukera eskaintzen dute. Eskualdearekin batera, EPCIak dira trantsizio energetikoaren tokiko eragile nagusiak, bai klimarekin lotutako ahalmenei dagokienez (“mugikortasun iraunkorra eta airearen kalitatea” arloa, PLUi 1, PDUi et PLH2, ScoT3 et PCAET4), energiaren kontrola dela eta, edota energia produzitu eta banatzeari dagokionez.

Bere dokumentuan Bizik aipatu egiten ditu EH elkargoak trantsizio ekologikoaren eremuan izango dituen aukerak, eta uste du beharrezkoa izango dela Iparraldeko jendarte zibilaren mobilizazio eta parte hartze handia, batik bat Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren eginkizun eta dinamika indartuta aterako delako.

Bilborako bidaia

Gogoeta eta eztabaidaren mamia batik bat izan da Euskal Herrirako trantsizioko lurralde baterako proiektua nola marraztu

Asteburu berean Bizik delegazio bat bidali zuen Bilbora, aurtengoan Euskal Herrian deituta zeuden hirugarren Topaketa Ekosozialistetan parte hartzeko. Latinoamerika, Magreb eta Europatik etorritako 300dik gora militante, aditu, sindikalista eta hautetsi bildu ziren bertan beren eztabaida eta esperientzien berri emateko.

Topaketa hauen helburua da auzi sozialaren eta ekologikoaren arteko lotura ezar dezakeen proiektu eta estrategia bat proposatzea, eskaintza politiko berri bat eratzea mundu guztiko herri eta komunitateak mobilizatzeko gauza izango dena.

Euskal Herriko ezaugarri berezia, Europa guztiaren aldean, izan da jardunaldi hauetan gehiengo sindikalak parte hartu duela, ELAren eta LABen inguruan; gehiengo sindikalak bat egin du ikusmolde honekin eta gero eta galdera sakonagoak egiten ditu trantsizio ekologikoaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren inguruan.

Ostiraletik igandera, boliviarrak, marokoarrak, alemaniarrak, greziarrak, euskaldunak, etab. jardun izan dira hainbat gairi buruz: elikadura- edota energia-burujabetza, generoaren eta migranteen auzia, hezkuntza, enplegua eta produkzio-ereduak, etab.

Jon Palais Biziren izenean mintzatu zen ostiralean, topaketaren irekiera saioan, COP21 ondorengo egoera aztertu eta klimaren mugimenduak darabiltzan hainbat kontzeptu estrategiko eta lan-ardatz teorizatuaz. Bere saioak jendearengan oihartzuna izan zuen, eta behin eta berriz aipatu zuten ondorengo hitzaldietan.

Euskal Herria burujabe

Bestalde, Biziren koordinakundea Garazin bildu zen urriko lehen asteburuan; hiru egunez apiriletik aurrera garatu den eztabaida garrantzitsuaren azken faseari heldu zitzaion; eztabaida urriaren bukaeran izango den biltzar nagusian burutuko da.

Biziren lehen zazpi urteetako balantzea eta nazioarteko zein tokiko egoeraren diagnostikoa oinarritzat hartuta, datozen lau urteetarako lehentasun estrategikoak finkatu eta antolakuntza-bilakaerak erabakiko dira.

Gogoeta eta eztabaidaren mamia batik bat izan da Euskal Herrirako trantsizioko lurralde baterako proiektua nola marraztu. Proiektu honen xedea litzateke berlokalizatze ekonomiko, sozial eta demokratikoa, neurritasun energetikoa eta ekonomia zirkularra iristeko estrategia eta zinezko burujabetza, bi ikuspuntu orokorretatik: klima-aldaketaren kontrako borrokan parte hartze aktiboa izatea eta Euskal Herriaren erresilientzia gaitasuna prestatzea hainbat eremutan aurreikus daitezkeen krisi larrietarako (energia, klima, bioaniztasuna, finantzak, ekonomia, jendartea, demokrazia…).

***************************************************

1 Plan local d'urbanisme local intercommunal (PLUi)

2 Programme local de l'habitat (PLH), tokiko etxebizitza-politikarako tresna nagusia

3 Schéma de Cohérence Territoriale (ScoT), hirigintza dokumentua. Hainbat udalerriren edo udalerri-elkargoren mailan lurralde-proiektu bat taxutzen du, bertan arlo desberdinetako politikak koherenteak izan daitezen: etxebizitza, mugikortasuna, merkataritzaren antolakuntza, ingurumena eta paisaia.

4 Plans climat, air, énergie territoriaux (PCAET)