Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Euskal Estatugintzaz

Euskal Estatugintzaz

2013/12/27
“Euskal estatua eta nazioa, ekintza kolektibo gisa: euskal estatugintzaz” 41 orriko liburuxka argitaratu du Manu Robles-Arangiz Fundazioak “Dokumentoak”sailan. Lan honen jatorrizko bertsioa Ipar Hegoa Fundazioak argitaratu zuen, 2012an eta lan horren itzultzeko eta argitaratzeko ukan duten prestutatsunaz MRA Fundazioak eskertzen ditu Mario Zubiaga EHUko irakaslea den autorea eta kolektiboa. Jarraian liburuxkaren sarrera eta Mario Zubiagaren aurkezpen hitzaldiaren laburpen bat aurkituko dituzue.

Enbata.info-tik hartuta

Liburuxkaren sarrera

Euskal estatua ez da helburu politiko berria: abertzaletasunak modu batean edo bestean beti izan du independentziaren jomuga, eta, ezbairik gabe, estatu propioa edukitzea izan da burujabetasunaren adierazpenik argiena.

“Nazionalismoa, ezer izatekotan, mobilizazio prozesu bat da, eta statu quo-aren aldaketa dakarren  aldetik, mobilizazio liskartsua (contentious mobilization) izango da beti.”

Dena den, Euskal estatuaren errebindikazioa utopiaren zerumugan kokatu da maiz, sentimendu edo sinesmen gisa, alegia. Hauxe izango litzateke  independentismoaren arriskurik handiena: bere nahia erlijio pribatu gisa agortzea, sutondoko zokoan gordeta geratzea, “askapen eguna” noiz etorriko den zain.

Alabaina, Tilly-k gogoratzen duen moduan nazionalismoa, ezer izatekotan, mobilizazio prozesu bat da, eta statu quo-aren aldaketa dakarren  aldetik, mobilizazio liskartsua (contentious mobilization) izango da beti.

Aldi historiko bakoitzean, estatugintzak eta honekin lotutako naziogintza prozesuek eduki ideologiko eta jarduera mota desberdinak hartu dituzte: nazionalismoa atzerakoia edota aurrerakoia izango da, erasokorra edo erresistentzian oinarritzen dena, inperialista edo internazionalista. Era berean, eduki ideologiko bakoitzak tresna politiko zehatz batzuk hobetsiko ditu, besteen kaltetan: familia-aliantzak, gerra, konbentzimendua, demokrazia…

“Independentziarako hegemonia politikoa beharrezkoa da, gehiengo zabalak osatzeko ezinbestekoa den hegemonia.”

Mundu garaikidean, inguruan ditugun estatuetan indarrean dagoen filosofia politikoari so eginez, euskal estatuaren errebindikazioak izaera berria hartu du. Gure inguruabar politikoan legitimotzat jotzen diren bide egingarriak landu beharraren ustea zabaldu da. Ondorioz, oro har, gizarte zibil independentista sendotzeko ekimenak eta honen borondate politikoa bideratzeko tresna demokratikoak garatzen ari dira estaturik gabeko nazio garaikideetan. Independentziarako hegemonia politikoa beharrezkoa da, gehiengo zabalak osatzeko ezinbestekoa den hegemonia.

Dena den, ez da beti horrela izan. Estatu eta nazio eraikuntza historikoaren dinamikan bestelako eredu politikoak erabili dira mendeetan zehar, eta hauekin batera, baita baliabide desberdinak ere.

Hara liburuxkaren eskuratzeko helbidea: www.mrafundazioa.eus/eu/dokumentazio-zentrua/dokumentuak/euskal-estatua-eta-nazioa-ekintza-kolektibo-gisa-euskal-estatugintzaz

Mobilizazio prozesu bat

“Ainitz aldiz errepikatu da aditz bat, iruditegi zaharrean oso ondo kokatua, baina etorkizuneko iruditegiak baztertu beharko duena. Hain zuzen ere, “lortu” aditza. “Estatua, independentzia, independentistak,  lurraldetasuna LORTU !”. Euskal Estatua bera, mobilizazio prozesu bat bezala ikusi beharko genuke. Horrek aukera askoz aberatsagoak emaiten ditu gauzak egiteko eta ez bakarrik lortzeko. Gainera orain arte egindakoak baloratzeko (txalotuz edo kritikatuz) eta konduan hartzeko, ikuspen aldaketa hori, lagungarria da. Alabainan, Estatua egiten edo Estatugintzan (edo alderantziz deseraikitzen/desegiten) egunero ari gara. Hori behar da konduan hartu: Estatu mailako ministro batekin biltzean, haurtzaindegietan gaztela eta euskara parez pare ezarriz… Euskal Estatugintzan atzera egiten dugu.Aldiz, murrizketarik ez aplikatuz edo Euskal erakunde batek soldata guztiak ordainduko dituela erabakitzen badugu Euskal Estatugintzan aurrera egiten dugu. Perspektiba hori oso  inportantea da konduan hartzea. Bestenaz beti estrategiak ari gira pentsatzen “etorkizunean den zerbaiten lortzeko”. Horrek balio du Estatuarentzat, lurraldetasunarentzat edo independisten lortzeko lanean. “Gintza”-ri eta ekintza kolektiboari garrantzia eman behar da. Euskal Estatua ekintza kolektibo bezala ulertuz.

Herri gintza, nazio gintza eta Estatu gintza

Hiru prozesu sartzen dira Estatu gintzan. Estatugintza zentzu zabalean ulertuz geroz. “Herri gintza” da “demos” gintza. Hots, Euskal Herritartasunaren osaketa, errebendikazio eta politika publiko barneratzaileen bitartez. “Euskal Estatu eraikuntza” estatus juridiko politikoari lotua dena. “Nazio eraikuntza” historia jakin baten osaketa eta ondare kulturaren errekuperazio eta garapena.

Euskal estatua eta nazioa, ekintza kolektibo gisa: euskal estatugintzazMario ZubiagaGintza” horiek guziak ez dira etorkizunean edo gaur egin beharrekoak, baizik eta  jarraipen historiko baten baitan kokatzen diren urratsak. “Gintza” horiek guziak orain arte egin dira Euskal Erakundeetarik (hots barnetik) eta kanpotik azken 40 urteetan.

“Independentzia materiala eta formala”

Independentzia materiala” aipatzean “euskal” dena behar da definitu bere testu inguruan. Azpimarratzekoa da “Euskal” dena aldatuz doala historian zehar eta eten gabe. Borroka hegemonikoaren muina hortan da: “Nola eta zer edukiekin betetzen dugu “euskal” hori?”. “Euskal” den hori momento historiko honetan (ezkertiar, ekologista, ez dakit zer eta nor gisa definitu nahi dena) trinkotzea litzateke Estatugintza materialaren ideia, arlo politiko eta sozialean, sozio-ekonomikoan, etab.

“Independentzia formala”ren ideia sezesio aldarrikapen edo soberania deklarazio batekin irudikatzen da. Nazio batuetan onartua izaitea gure txostenar, hori bai independentzia formal bat da. Baina neretzat independentzia formalaK dira. Alabainan, materialki “euskal” denaren trinkotze horrek kristalizazio/egituratze uneak ditu. Eta une horiek ez dira soil soilik formalki ONUn litaiken Estatu  Independentean islatzen.

Kristalizatze edo egituratze guneak suposatzen du jada diren sareak, hots trinkotzen ari diren sare ezberdinak (arlo sozio-ekonomikoan, sindikalean, sinboliko-kultural eta linguistikoan, etab.) une batzutan juridikoki eta politikoki kristalizatzea. Zentzu horretan autonomi erkidegoa  eta foru erkidegoa  kristalizatze une batzu dira eta independentzia formal horren adierazpen batzu dira. Iparraldean sortuko balitz egituraketa  juridiko-politiko proprioa ere independentzia formalaren adierazpen bat litaike.

Kristalizatze egituratze hori onartuko ginuke modu formal asimetrikoan ? Autonomi Erkidegoan Estatu bat sortzen da besteeetan sortu gabe. Zer punduraino gure mapa mentalean edo iruditegian daukagu sartua marrazkia, hots EH-ren 7 probintzietako mapa? Zer dira neurri batean horren kalteak? Arlo politologoan hau aipatzen da: mihiztaketa edo bateratze berri hauetan (lurraldea, autoridadea, eskubdieak) gehiago behar da pentsatu beste molde batean. Lurralde esparru batzuetan badira sareak  (ikuspegi linguistiko, kultural, sozio-ekonomiko, etabarrak.) bata bestearen gainean osatzen direnak. Leku batzutan aski trinkotzen dira, horiei kristalizazio juridiko baten emaiteko. Agian gerta daiteke momento honetan «Euskal Estatu formal horren kristalizaioa»  prozedura demokratikoak lagun bakarrik 3 probintzietan posible izaitea. Horri uko egingo diogu datozen 5 edo 10 urteetan denak batera joaiteko  teoriarentzat? Gaur egungo egoera politikoa eta globalizazioa ulertzeko moduak eta Euskal Estatu gintza konduan hartuz aukerak emaiten ditu beste modu batean ikusteko egoera hori.

Estatu gintzan aurrera joaiteko piztu beharreko mekanismoak

Mekanisko batzu eragileen eskuetan dira. Beste batzu modu “sorpresiboan” (ez ustekoan) agertzen dira. Hots gertaera edo gertakizun politiko eta sozio-ekonomikoen ondorioz. Krisi ekonomikoak definitu du Kataluniaren kasuan eliteen interesen kaltetzea eta irainen gaineko bapateko jazarpena. Krisia dela medio, Kataluniako elite interesek ez dute etorkizunik aurkitzen Español Estatuan. Ber maneran, krisi ekonomikoa den gertaerak sortzen du RENFE-ren inbertsio eza Bartzelona inguruan eta jendea iraundua senditzen da.  “Nolaz,  posible da nere egunereko trenetan (bizian) Estatu espaniarrak ez inbertsiorik egitea?”. Bi mekanismo horiek Estatugintzan aintzina joaiteko lagungarriak dira baina ez dira analisi arrazional eta identitarioaren menpe. Beste mekanismo mota batzu dira.

Estatugintzan, “desertzioa” edo  “fidelitate aldaketa” lortu behar dira. Herritarrak hein batean onartzen du autoritatearen gailentasuna. Baina desobedeintzia soberanitsaren bidea landuz gero Estatutik datorren erabaki oro (arlo sozio-ekonomikoan ere) ez ditu onartuko. Euskal Herriaren kasuan ikusi behar eliteak (unibertsitarioak, ekonomikoak, etab.) zer mailatan Estatugintzarekin onurak edo kalteak lituzketen. Eta nola piztu edo argi utzi Español Estatugintzak dakarzkien kalteak? Hori polarizazioaren bidez lortzen da : “zeintzuk gira gu, eta zeintzuk besteak”. Hots, Euskal Estatua VS Frantzia eta España. Eguneroko lanean behar da hori erakutsi, etengabe.

Aginte eraikuntza

Bi mekanismo azpimarratzen ahal dira.

  • Berrikuntza taktikoa : “Status-quoa” aldatzeko sistemaren baitan segurtasun eza eta duda sortu behar ddira. Berrikuntza taktikoak protesta moduetan eta berrikuntza diskurtsiboak sartuz. Horrela, soberanismo hitza ateratzen da era berezi batean eta sistemak ez daki nola erantzun. Berritasuna da ikuspegi “sorpresibo” mailan.
  • Artekaritza : antzoken artean elkar ezagutza, elkar lana eta azken finean indarrak bilduz. Desmobilizatuak eta deslotuak diren guneak lotzeko edo artekatzeko jarduerak atxikiz. Hau da eskema: “asko iniziatiba sortu baina artekatzeko gaitasuna lortu aktore bakoitzaren autonomia errespetatuz, Katalunian gertatzen den bezala”.

Estatugintzaren eskemak galdegiten du,  abertzaleek beti atxikitzen dugun “eskuko frenoa” uztea. Ez da pentsatu eta lortu, ez. Egunerokotasunaz eraikitzen da. Euskal Estatua egiten ahal da bihar diputazio batek hartzen ahal duen erabakian. Edo Jaurlaritzak erabakitzen duelarik. “Hemen sobran dago Guardia Zibila eta Polizia Nazionala zeren gastu izugarriak dira Español Estatuarentzat. Utzi guri konpetentzia hori, Hertzaintzarekin eginen dugu” diolarik Erkidegoko Barne Sailburuak (noski, krisia dela medio), hastapen bat da. Estatugintzak egunero adi egoitea galdegiten digu. Beti galdatuz gure buruari : zer “ttipikerik” edo “tontakerik”  Estatugintzan aurreratzen gaitu… eta zerek atzeratzen? Horrek bai, arreta ainitz galdegiten duela.”