Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Europarako B plan baten alde

Europarako B plan baten alde

2016/02/19
Europarako B plana inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik ELAk parte hartuko du izen hori duen europar jardunaldian otsailaren 19tik 21era Madrilen. “Lan arloko mobilizazio modu berri eta tradizionalak“ mahaian ponentzia bat aurkeztuko dugu, baita beste espazio batzuetan parte hartu ere, hala nola: zorra, TTIP, banka eta moneta sistemari alternatibak, ingurumen krisia edota B plana feminista izango dela, edo ez dela gauzatuko.

Aterketa Bulegoko Buletina 46Azterketa Bulegoko 46 Buletinetik hartua

Europa oso ezberdin bat nahi dugu. Duela 11 urte ELAk ezezkoa eskatu zuen Europar Batasuneko erreferendumean.Besteak beste,honakoa argudiatuz:

  •  Kapitalaren Europa finkatzen zuen (Egonkortasun Ituna, kontrol politiko gabeko eta enplegu zein gizarte babesetik independente den Banku Zentrala, kapitalen liberalizazio osoa eta abar).
  • Zerbitzu publikoak, gizarte eskubideak edo ingurumenaren babesa lehia askearen menpe uzten ziren.
  • Herrialdeen   autodeterminazio eskubidearen kontra zegoen, Europar Batasuna estatu kideen erabakiak errespetatu beharrean egonik estatuen osotasuna bermatzeko.

Tamalez, garai hartan esandakoa bete da, baina gainera egoerak txarrera egin du. Sinestu arazi nahi digute posible den Europar Batasun bakarra egungoa dela: Greziar Gobernua eurotik kanporatzeaz mehatxatu zuena Troikak erabakitakoa onartzen ez bazuen (efektua izan zuen mahatxua). Portugalgo Gobernuari gobernu programan dituen gizarte neurriak alde batera uzteko eta murrizketak aplikatzeko eskatzen diona. Moncloan nork hartuko duen gobernua berdin dela dioen Europa hori, Rajoyk adostutako doikuntzak egin beharko baititu. Europa horrek demokrazia suntsitzen du eta esatera ausartzen da: egin beharreko politika bakarra da, eta hauteskundeak, entretenimendua.

Sinestu arazi nahi digute posible den Europar Batasun bakarra egungoa dela

Sinestu arazi nahi digute posible den Europar Batasun bakarra egungoa delaAipamen berezia egin behar diogu errefuxiatuak eta arrazoi ekonomikoengatik emigratzen dutenak baztertzen dituen Europari. Esan genuen duela 11 urte: gotorleku den Europa baterantz doa bidea eta, gainera, milioika pertsona eskubide gabe utziz. Gudak eta pobrezia pairatzen duten milioika pertsonak Europa bizitza hobe baten itxaropen bezala ikusten dute. Europako gobernuek arazo horri konponbideak   emateko duten borondatea hutsa izanik, guzti horiek exodo anker batera bideratzen dira. Hamarnaka hiltzen dira exodo horretan. Gobernuak heriotz horien gaizkide dira.

Eta zer esanik ez lan eskubideei buruz: Langile klasearen kontrako eraso baten aurrean gaude. Prekarietatea da hautu politiko nagusia. Europa honek ez du inolako orekarik bilatzen. Kapitala maila guztietako eraso batean dabil era kolektiboan antolaturiko botere oro suntsitzeko, botere sindikala barne. Sindikalismoak errealitate horri egin behar dio aurre, modelo horri aurre egiteko tresna egokia izanik lantegietan eta kalean.

Politikak aldatzeko gizarte mobilizazioa ezinbestekoa da

Prekarietatea da hautu politiko nagusia. Europa honek ez du inolako orekarik bilatzen. Kapitala maila guztietako eraso batean dabil era kolektiboan antolaturiko botere oro suntsitzeko, botere sindikala barne

Politika era sakonean aldatzeko ezinbestekoa da botere ekonomiko, finantzario eta mediatikoei aurre egitea. Egungo status quoa defendatzen dutenek eskura duten guztia erabiltzen dute benetako aldaketak ekiditeko. Funtsean aberastasunaren banaketa gero eta ezberdinagoa zalantzan jartzen ez duten aldaketa txikiak onartu ditzakete. Baina benetako aldaketek aurkako jarrera bortitza izango dute, ez baketsua.

Politikak aldatzeko ez da nahikoa gobernuak hori nahi izatea. Aldaketaren gobernuek presioak eta xantaiak sufritzen dituzte. Gizartearen presioa eta mobilizazioa nahitaezkoak dira, instituzioetatik at, kaletik, jendeak, herriak, eskatu dezan.

Gizartearen desmobilizazioa, ekimenak gobernuetara iritsi daitezkeenei edo iritsi direnei delegatzea eta dena eginda dagoela ziurtatzea okerrak dira. Desmobilizazioarekin benetako aldaketarik ez da emango.

Nahitaezkoa da politikak benetan alda daitezen aliantza sozial eta sindikal bat artikulatzea, botere ekonomiko eta partidu politikoenetik independentea. Diagnostiko eta ekimen propioa garatzeko gaitasuna duen gizarte mugimendua beharrezkoa da. Eta hori egingarria da Euskal Herrian, Grezian nahiz Europa osoan.

Europarako B plana inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik ELAk parte hartuko du izen hori duen europar jardunaldian otsailaren 19tik 21era Madrilen. “Lan arloko mobilizazio modu berri eta tradizionalak“ mahaian ponentzia bat aurkeztuko dugu, baita beste espazio batzuetan parte hartu ere, hala nola: zorra, TTIP, banka eta moneta sistemari alternatibak, ingurumen krisia edota B plana feminista izango dela, edo ez dela gauzatuko.