Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Europar Batasuna jadanik ez dago herritarren esanetara: Demokraziak hasiera berri bat eskatzen du

Europar Batasuna jadanik ez dago herritarren esanetara: Demokraziak hasiera berri bat eskatzen du

2016/02/09
Britainia Handian askok EBri dioten ezinikusiaren jatorria berez sen onekoa da, baina erreakzio okerra eragin du. Argi dago Bruselak gutxietsi egiten duela demokrazia, eta erantzukizun eza izugarria dela bere baitan. David Cameronek lortu duen akordio hutsalarekin ez da horrelako arazo bat ere konponduko. Baina era berean “Brexit”aren aldeko botoa ere ez da irtenbide egokia.

Yanis VaroufakisYanis Varoufakis (Artikulua The Guardian-en argitaratu zen ingelesez, eta eldiario.es-en gaztelaniaz)

Europar Komunitatea hasiera-hasieran lantegi bikaina zen. Bere eraikuntzak kultura nazionalak suspertzeko aukera eman zuen, europar kosmopolitismoaren espirituarekin batera: mugak ezabatu eta erakunde komunak eraiki ziren eta aberastasun partekatua ekarri zuen. Hizkuntza eta kultura anitzak gorabehera, Europako herriak elkarrengana hurbiltzen hasi ziren, bakean eta harmonia handiz. Haatik, sugearen arrautza ernaltzen ari zen eratzeko bidean zen batasunaren oinarrietan.

Pazientzia eta sistemaz jokatu zutelarik, erabakiak hartzeko prozesua depolitizatzeari ekin zioten, “demokrazia”ri “demos”a erauzteko asmoz, gutxienez EBri zegokionez, eta politika egiteko erabaki guztiak fatalismo sasi-teknokratiko batez jantziz

Estatu normalak, esaterako Britainia Handia, mendeekin garatu izan ziren, talde eta klase antagonisten artean gatazka sozial eta ekonomikoak ekiditeko (esaterako, monarkia, baroiak, gero merkatariak, sindikatuak, etab.). Aitzitik, EB eta Bruselako burokrazia ez zen inola ere horrela bilakatu.

EB sortu zenean industria astunaren kartel bat zen (ikatza eta altzairua, gero auto-egileak; hauek aurrerago kooptatu zituzten nekazariak, teknologia aurreratuko industriak eta beste batzuk). Kartel guztien moduan, bere xedea prezioak manipulatzea zen eta horren ondorioz sortzen ziren irabaziak ad hoc eratutako Bruselako burokraziaren bidez banatzea.

Kartel europar honek eta bera administratzen zuten burokratek demos-ari beldur zioten eta herritarren gobernuaren ideia mespretxatu egiten zuten, OPEP petrolio ekoizleen administrariek edo edozein korporaziok bezalaxe. Pazientzia eta sistemaz jokatu zutelarik, erabakiak hartzeko prozesua depolitizatzeari ekin zioten, “demokrazia”ri “demos”a erauzteko asmoz, gutxienez EBri zegokionez, eta politika egiteko erabaki guztiak fatalismo sasi-teknokratiko batez jantziz. Politikari nazionalak ederki saritu zituzten onesteagatik Europar Batzordea, Kontseilua, Ecofin (EBko finantza-ministroak), Eurotaldea (euroguneko finantza-ministroak) eta Europako Banku Zentrala (EBZ) politikatik eta demokraziatik at zeuden gune bihurtzea. Prozesu honi aurre egin nahi zion edonor “antieuropear”tzat jotzen zen, eta disonantzia gordin moduan tratatzen zuten.

Benetako merkatu bakarrak, denentzako zinez berdina izango den jokalekuak, lege-marko bakarra, industria berbera, langileak eta ingurumena babesteko estandarrak eta hauek jurisdikzio bakar guztian zehar irmotasun berdinaz betearaziko dituzten auzitegiak eskatzen ditu

Hau da, gehienbat, Britainia Handian jende askok EBrekiko duten ezinikusiaren sakoneko zergatia. Eta herritarrok arrazoia dute: erabaki politikoak depolitizatzearen ordaina ez da soilik EB mailan demokraziaren porrota; gainera, Europan zehar politika ekonomiko kaskarrak ezarri baitira.

Gauzatu ezinekoak ziren neurri fiskalak mantentzearren, Bruselan eta Frankfurten egoitza duen “teknokrazia”k lortu zuen euroguneko ekonomiak bata bestearen atzetik austeritate lehiakorraren amildegian behera botatzea; honek estatu ahulenetan atzeraldi iraunkorra eragin zuen, eta herrialde nagusietan, berriz, inbertsio maila apala. Politika hauen porrota gero eta nabarmenagoa zenez, are autoritarioago bihurtu ziren, eta are irrazionalago, inposatzen zituzten politikak.

Bizkitartean, Europako deflaziorako joera orokorrak kalte egin die eurogunetik kanpo geratzeko zentzuzko erabakia hartu zuten Britainia Handiari eta EBko beste kide batzuri ere; orain estatu hauek aldendu egin dira, eta estimulu zein kide bila dabiltza Atlantikoz gaindi edo Txinan; haatik, hortik frustrazioa eta burujabetza galera handiak besterik ez dira etorriko (hau agerikoa da TTIP edo TISA merkataritza itunak irakurriz gero).

Alternatiba: “Europa” ofizialak eta herrialde batzutako eliteek beren ikusmolde autoritarioaren indar guztiekin aurre egiten dieten alternatiba: erauntsi demokratiko bat, beren bizimodua teknokrata arduragabe, politiko konplize eta erakunde ilunen kontrolpetik atera eta beren esku hartu nahi duten europarrek eragingo dutena

Gaur alde guztietako europarrek, Helsinkin zein Lisboan, Dublinen eta Kretan, Leipzigen nahiz Aberdeenen, sentitzen dute EBko erakundeek huts egin dietela. Askok EB zatikatu nahiko lukete, edozertarako, gauza baterako salbu: merkatu bakarrari eusteko. Brexit-aren aldeko kanpaina egiten ari direnek boto emaileei agintzen diete burujabetzari eutsi eta Europako merkatu bakarrean jarraitzea posible dela. Baina hau ez da egia.

Benetako merkatu bakarrak, denentzako zinez berdina izango den jokalekuak, lege-marko bakarra, industria berbera, langileak eta ingurumena babesteko estandarrak eta hauek jurisdikzio bakar guztian zehar irmotasun berdinaz betearaziko dituzten auzitegiak eskatzen ditu. Baina honetarako ezinbestekoa da, halaber, parlamentu bakar bat, zeinak merkatu bakar guztian zehar bete beharreko legeak egingo dituen, baita auzitegien epaiak betearaziko dituen exekutibo bat ere.

Britainiarrek eta beste herrialde batzuk, zeinek parlamentu nazional burujabea oso garrantzitsutzat jotzen duten, ezin dute halako erakunde bat sortzeko asmorik irudikatu. Zuzen dabiltza kausa handiago baten truke zerbait sakrifikatzeko prest daudenean, esaterako Normandian bigarren bizilekuak erosteko edota greziar uharte batean bizitzeko aukera erraza.

Baina zein da alternatiba? Ez bada aukera ona nazio-estatuaren txokora biltzea edota EB delako demokraziarik gabeko esparru suntsitzailearen aurrean amore ematea, ba ote da hirugarren biderik?

Bai, bada. Hain zuzen Europa” ofizialak eta herrialde batzutako eliteek beren ikusmolde autoritarioaren indar guztiekin aurre egiten dieten alternatiba: erauntsi demokratiko bat, beren bizimodua teknokrata arduragabe, politiko konplize eta erakunde ilunen kontrolpetik atera eta beren esku hartu nahi duten europarrek eragingo dutena.

Otsailaren 9an guretako batzuk, aurreko helburua lortzeko uste osoz, Berlinen bilduko gara mugimendu berri bat sortzeko: Democracy in Europe Movement 2025 (DiEM25). Kontinente honetako alde guztietakoak gara, baita Britainia Handikoak ere, eta kultura, hizkuntza, ahoskera, joera politiko, ideologia, larruazal-kolore, genero-identitate, sinesmen eta jendarte ereduari buruzko ikusmolde desberdinek batzen gaituzte.

Ideia soil eta erradikal batek mugitzen gaitu: EB demokratizatu nahi dugu, jakinik bestela desegiteko arriskuan dagoela, eta horrek guztiontzako kostua izugarria izango lukeela. Gure aurreneko lehentasuna da erabakiak hartzeko prozesuetan erabateko gardentasuna iristea (Europar kontseilu, Ecofin eta Eurotaldearen bilerak live-streaming bidez ematea; merkataritzaren inguruko negoziazioen berri oso-osorik ematea; EBZaren aktak argitaratzea, etab.), baita EBko erakundeen xedea aldatzea ere, benetan lan egin dezaten pairatzen ditugun krisiak konpontzeko: zorrarena, bankuena, inbertsio okerrena, hedatzen ari den pobreziarena eta migrazioarena.

Epe ertaineko gure helburua da biltzar konstituzional bat eratzea, non europarrek eztabaidatuko duten nola gauzatu 2025erako bene-benetako europar demokrazia, autodeterminazio nazionala aintzat hartu eta boterea parlamentu nazionalekin, eskualde-biltzar eta tokiko erakundeekin partekatzen duen parlamentu burujabe batekin.

Hau utopikoa al da? Noski. Baina utopikoa da ere uste izatea egungo EB honek onik gaindituko duela bere harrokeria antidemokratikoa, eta ardurarik ez izateak bultzatzen duen gaitasun eza. Edota amestea demokrazia berpiz daitekeela merkatu “bakarretan” eta merkataritza-itun sekretuetan itotzen ari den nazio-estatuen habian.

Hala da. Gure mugimenduari guk ere utopiko deritzogu. Halere, horren alternatiba bakarra gure begien aurrean dugun distopia beldurgarria da, EB desegiten ari delarik; David Cameronek pozez hartu du ekialdeko europar batzuri gizarte-segurantzako laguntzak kentzeko aukera; diru-gosea bernazionalizatu egin da; xenofobia bor-borka dago, eta gero eta hesi gotorragoak eraikitzen ditugusegurtasunaren izenean segurtasun eza sortaraziaz