Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Europan elektrizitateak duen prezioaren analisi konparatiboa

Europan elektrizitateak duen prezioaren analisi konparatiboa

2014/04/16
Gorka Bueno EHUko irakasleak artikulu txukuna dakarkigu, hain ulertezina egin ohi zaigun elektrizitate fakturaren ingurukoak argitu asmoz. Bertan datu deigarriak eskaintzen dizkigu. Ba al zenekiten industrian kontsumitutako elektrizitatearen prezioa, orokorrean, etxeetan kontsumitutakoa baino baxuago dela? Edo, elektrizitate gutxiago kontsumitzea elektrizitate horrengatik prezio altuagoak ordaintzearekin zigortzen dela? Ez hori bakarrik, tarifaren egitura sozialki atzerakoia izateaz gain, UE27rekin alderatiz gero, erresibotasun hau espainiar estatuan. Jakinmina piztu bazaizue, hona, artikulu osoa irakurtzeko gonbita.

Elektrizitatearen fakturak espainiar estatuan egitura konplexua dauka. Modu sinplifikatu batean azalduta ondorengo eskemaren bitartez irudikatuko ahalko litzateke:



Elektrizitatearen fakturak bi oinarrizko osagai ditu, energia terminoa eta potentzia terminoa.

Energia terminoa fakturazio epean kontsumitutako energiari proportzionala den osagaia da. Kontadorean egiten den irakurketari proportzionala den osagai honetan ordaintzen da elektrizitatearen koste zuzena, merkatuak zehazten duena. Baina kontsumitutako energiaren koste zuzen honi bete zeharkako koste batzuk gehitu behar zaizkio, esaterako: ahalmenaren araberako ordainketa, elektrizitate berriztagarriaren ordainsari erregimenaren kostea, kogenerazioa eta hondakinen balorizazio energetikoa.

Beste osagaia, potentzia terminoa deitzen duguna, kontsumitzaileak kontratatuta daukan potentziari proportzionala da, eta sistemaren zeharkako kosteak ordaintzeko balio du. Koste hauek garraio eta banaketa sarea, sistemaren operadorearen funtzionamendua edo komertzializadoraren irabazi marjina dira.

Aurreko guztiari zerga elektrizitatearen zerga gehitzen zaio zerga berezi deiturikoetako bat , eta BEZa.

Elektrizitatearen faktura inoiz ez da zero, kontsumitzaileak beti ordaindu behar baitu, gutxienez, kontratatutako potentziaren arabera kalkulatzen diren zeharkako kosteak potentzia terminoa, eta honi dagozkion zergak. Gutxieneko hau da bezeroak fakturazio epean elektrizitaterik kontsumituko ez balu ordaindu beharko lukeena.

Beraz, elektrizitatearen kosteak zati finko bat (gutxienekoa) eta zati aldagarri bat (kontsumitutako elektrizitatearen araberakoa) dauzka. Honek eragiten du elektrizitatearen fakturaren kosteak, euro kilovatio orduko (€/kWh) unitatearekin kalkulatzen dena, behera egitea fakturazio epean elektrizitate kontsumoak gora egiten duen heinean.


Elektrizitatearen kostea europar estatistiketan (Eurostat)

Eurostat, Europar Batasuneko estatistiken bulegoak, Europan kontsumitzaileek elektrizitateagatik ordaintzen duten prezioaren informazioa biltzen du sei hilero. Zehazki, Eurostatek inkestak egiten ditu sei hilero europar herrialdeetan etxeko elektrizitate kontsumitzaile eta industriako elektrizitate kontsumitzaileen artean, eta elektrizitatearen prezioa kalkulatzen du kontsumo banden arabera (zapi banda kontsumo industrialerako eta bost banda etxeko kontsumorako). Datuak Eurostaten datu baseetan kontsultatu daitezke:

http://epp.eurostat.ec.europa.eu/portal/page/portal/statistics/search_database

Ondoren aipatzen diren datu guztiek dagozkien zergak gehituta dituzte.

Jarraian elektrizitatearen kostearen bi grafiko, €/kWh-tan, espainiar estatuan 2013ko lehen seihilekoan etxeko kontsumitzaileen eta industriako kontsumitzaileen kontsumo banda ezberdinetan. Erreferentzi gisa, 2010ean espainiar estatuko etxeetako urteko elektrizitate kontsumo batez bestekoa 3.500 kWh izan zen (DC banda).

gorka bueno 2.taula kontsumoa espainian


Zera ikus daiteke:

  • Industrian kontsumitutako elektrizitatearen prezioa, orokorrean, etxeetan kontsumitutakoa baino baxuagoa dela.

  • Elektrizitatearen kostea modu esanguratsuan gutxitzen da elektrizitatearen kontsumoa gehitzen den heinean. Etxeetako kontsumoa, kontsumo baxueneko bandaren prezioak (DA banda) banda altuenekoaren (DE banda) prezioa bikoizten du. Kontsumo industrialetan kostea laukoiztu egiten da.

  • Tarifaren egitura honek energia aurreztea eta energia eraginkortasuna hobetzea sustatzearen aurkakoa da: elektrizitate gutxiago kontsumitzea elektrizitate horrengatik prezio altuagoak ordaintzearekin zigortzen da.

  • Tarifaren egitura hau sozialki ere atzerakoia da: diru sarrera gutxiagoko etxeek elektrizitate gutxiago kontsumitzen dute, baina askoz prezio altuagoa ordaintzen dute gehiago irabazi eta gehiago kontsumitzen dutenak baino.



Hurrengo grafikoetan etxeko kontsumo eta kontsumo industrialen kontsumo banden araberako elektrizitatearen kosteak azaltzen dira espainiar estatuan, Alemanian, Danimarkan eta Europar Batasunean (UE27). Datuak 2013ko lehen seihilabetekoan dira.

gorka bueno 3.taula europarekin alderatuz

Zera ikus daiteke:

  • UE27n ere elektrizitatearen prezioak behera egiten du kontsumoa igotzen den heinean, batez ere industriako kontsumoan. Baina ez joera ez da hain nabarmena etxeko kontsumoetan kontsumo gutxieneko bandan ezik (DA banda).

  • Espainiar estatuan elektrizitatearen kosteak UE27an baino nabarmen altuagoak dira kontsumo gutxieneko bandetan (IA eta DA bandak). Espainiar estatuko eta UE27ko prezioen arteko ezberdintasuna gutxitu egiten da kontsumoa igotzerakoan, eta alderantzizkoa izatera iristen da. Kontsumo gehienezko bandetan, nahiz industrialak (IF banda) nahiz etxekoetan (DE banda), elektrizitatearen kostea merkeagoa de espainiar estatuan UE27ko batez bestekoan baino. Beraz, elektrizitatearen tarifaren izaera erregresiboa nabarmenagoa da espainiar estatuan UE27an baino.

  • Elektrizitatearen kostea baxuagoa da orokorrean espainiar estatuan Danimarkan eta Alemanian baino, kontsumo gutxieneko bandetan izan ezik: banda baxueneko espainiar estatuko kontsumitzaileek, nahiz kontsumo industrialetan (IA banda), nahiz etxeko kontsumoan (DA banda), danimarkarrek baino gehiago ordaintzen dute alemaniarrek espainiar estatukoek baino gehiago ordaintzen dute—.

 

Hurrengo grafikoetan UE27, Danimarka, Alemania eta espainiar estatuko elektrizitatearen prezioen igoerak azaltzen dira, bai industriako kontsumitzaile eta baita etxeko kontsumitzaileentzat, kontsumo banda ezberdinetan, 2007ko 2.seihilekotik 2013ko 1.seihilekora bitartean.

gorka bueno 4.taula prezio igoera

Zera ikus daiteke:

  • Elektrizitatearen prezioak gorakada handia izan du Europan azken 6 urteetan. UE27ko batez besteko prezioen gorakada %20 eta %30 artekoa izan da, banda mota eta kontsumoaren arabera.

  • Espainiar estatuan igoera %50 baino handiagokoa izan da etxeko kontsumoetako bost bandetatik lauetan, eta ia %60koa izan da batez besteko etxeko kontsumoaren bandan (3.500 kWh/urtean, DC bandan).

  • Elektrizitatearen prezioaren igoerak, bai espainiar estatuan bai Europan, ez dute balio izan elektrizitatearen tarifaren egitura erregresiboari buelta emateko (gutxiago ordaindu kilovatio-orduko kontsumoa igotzen den heinean).