Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Etxebizitza Hego Euskal Herria: egoera eta alternatibak

Etxebizitza Hego Euskal Herria: egoera eta alternatibak

2014/07/11
Giza-eskubideen Adierazpen Unibertsalak 25.1 artikuluan honakoa dio: “Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, etxebizitza, mediku sorospena eta gizarte-zerbitzuak”. Beraz, bizitza duina izateko eskubidea.

Azterketak_30

Azterketak 30: Etxebizitza Hego Euskal Herrian: egoera eta alternatibak

Etxebizitza izateko eskubidea bermatzea ez da lehentasun politiko bat. Ezta alokairu soziala, sustapen publikoak, etxebizitza hutsekiko araugintza eta jardunbidea, nahiz espekulazioaren jazarpena ere. Orain arte garatzeko eta bizimodu independentea izateko eskaini izan den aukera jabetza izan da, eta bide bakarra, mailegu hipotekarioa. Hori izan da apustu politikoa, askoren interesa eta negozioa.

Beraz, egoera hori izanik, bizi-proiektu bati ekiteko etxebizitza bat eskuratu nahi zuten pertsona edo familiei  ez zitzaien geratzen erostea beste aukerarik, horretarako erabili beharreko bitartekoak itxuragabeak izanagatik ere (prezio neurrigabeak, hipoteken baldintzak, interes itzelak). Areago,  kreditua lortzeko “zortea” zutenek beren burua zorioneko jotzen zuten, euretako askok ez baitzuten usaintzen horrek hondamendira zeramatzanik.

"Orain arte garatzeko eta bizimodu independentea izateko eskaini izan den aukera jabetza izan da, eta bide bakarra, mailegu hipotekarioa"

Etxebizitza negozio bihurtu zen. Finantza-erakundeek mailegu ugari eman zuten negozio honetarako, eta berebiziko burbuila immobiliarioa puztu zuten horrela. Kredituekin diru asko irabazteko asmoa zuten, baita lortu ere.

Gobernuek errealitate hau ontzat eman zuten. Areago, urtetan burbuila hori zegoenik ere ukatu egin zuten. Aldaketa legalek eta birkalifikatzeko erabakiek, jarduera jakin batzuk errazteko, adierazten dute interesak nola batzen ziren negozio baten mesedetan. Bost axola zitzaien etxebizitza izateko eskubidea gupidagabe urratzea. Baita erostunak buru-belarri zorretan sartzea ere. Espero zitekeen moduan, burbuila lehertu egin zen.

"kreditua lortzeko “zortea” zutenek beren burua zorioneko jotzen zuten, euretako askok ez baitzuten usaintzen horrek hondamendira zeramatzanik"

Hori dena dago egungo krisiaren erroetan; besteak beste, finantza-erakundeek kredituak neurrigabe eta abusuz eman zituztelako; pertsonen eta familien zorpetzeari esker azken urteotan etekinak izugarri gehitzea lortu dute.

Hipotekaren definizioa: “kontratua, zeinetan bi aldek (mailegu emaileak -bankua- eta hartzaileak – etxebizitzaren eroslea-) hitz ematen duten diru kopuru bat ezarritako baldintzen arabera mailegatzea eta itzultzea, hurrenez hurren; kontratu horretan hitzartzen da dirua itzuliko dela bermatzeko, eskuratzekoa den ondasun higiezinaren gainean hipoteka bat sortzen delarik”. Bada, hipotekak eman ziren 50 urterainoko epeekin, interes-tasa izugarriekin, egun gehienezko muga izan beharko luketen gutxieneko 'zoru'ekin, eta etxebizitzaren balioa errealitatea baino askoz handiagoa zen kopuruekin, gainera abala exijituz eta famili-unitatearen diru-sarreren %50etik gorako ahalegina eskatzen zutelarik.

"Etxebizitza negozio bihurtu zen. Finantza-erakundeek mailegu ugari eman zuten negozio honetarako, eta berebiziko burbuila immobiliarioa puztu zuten horrela"

Hori zela eta, “etxebizitzaren krisi” hau hain nabarmena bilakatu aurretik hasi ziren ezagutzen eta azaltzen dagoeneko agerikoak diren sistemaren hutsegiteak. Ezin da onartu zor bat hartze hutsagatik -gehienean proportziorik gabea, abusuzkoa, eta are, legez kanpokoa- ordaindu ezinak heriotzara eramatea, edota familia osoak, baita haurrekin ere, kalean geratzea nahiz ordaintze aldera jan gabe egotea. Prezioa gehiegizkoa da.

Sistemaren baitako desberdintasuna gai honetan ere agerian geratzen da. Horrek dakar salaketa eta legeak aldatzeko beharra aldarrikatzea, edota etxegabetzeentzako alternatibak bilatzea, hala nola etxea ordainetan ematea, alokairu soziala, finantza-erakundeen esku dauden etxebizitzak aldi  baterako bahitzea...

"Gobernuek errealitate hau ontzat eman zuten, bost axola zitzaien etxebizitza izateko eskubidea gupidagabe urratzea, eta espero zitekeen moduan, burbuila lehertu egin zen"

Agiri honetan ikusiko dugunez alternatibak badaude. Espainiar estatuan eta HEHn hainbat ekimen abiatu da: kaltetutako jendeak osatu dituen elkarteak, Gunea osatzen duten sindikatu eta gizarte-antolakundeak, epaileak, zenbait talde politikoak... mugitzen ari dira. Aldaketa erreibindikatu eta haren aldeko borroka egin dute hainbat bidetatik. Hori bai, bide guztiok isilarazi eta kriminalizatu egin nahi izan dituzte. Agintzen dutenek eta egoeraz baliatu direnek elkar hartu dute. ELAk oso positiboki baloratzen du eragile sozial ezberdinek egindako salaketa, proposamen eta mobilizazioa lana, hain larria den egoera ezagutarazi duelako.