Etxebizitza duin baten alde

2012/06/01
Dibujo1.JPG
ELAko Azterketa Bulegoa / ELAk Etxebiz-Hitza Plataforman parte-hartzen du. Bada urtebete etxebizitza lege berriak jaso beharreko neurrien dekalogoa egin zela. Orain dela pare bat hilabete dekalogoa Legebiltzarrean aurkeztu zen. Honako puntu hauek jasotzen dira bertan:

1. Etxebizitzarako eskubide subjetiboa : 18 urte baino gehiago dituen pertsona orok, alokairuan, bere beharretara egokitzen den etxebizitza duin baterako eskubide subjetiboa izango du. Eskubide hau bermatzeko sektore publikotik alokairu publikoko etxebizitza eskaintza nahikoa bermatuko duen Etxebizitza Zerbitzu Publikoa garatuko da.

2. Etxebizitza publikoa alokairuan baino ez : administrazio publiko guztiek, euren politikak birbideratu beharko dituzte, esku hartze publikopean eraikitako etxebizitza berri oro alokairuan edo antzeko era batean esleitu dadin.

3. Etxebizitza publikoen esleipenaz : zozketa bidezko etxebizitza esleipenak amaitu beharreko errealitate bat direla ulertzen dugu.

4. Etxebizitza Zerbitzu Publikoa : jendarte osoaren behar sozialak lehenesteak, Etxebizitza Zerbitzu publiko bat sortzearen beharra dakar. Honek etxebizitza eta hirigintzan garatutako ekintza ezberdinak koordinatuko lituzke. Zerbitzu honek legeak ezarritako helburuak lortzea bermatu behar ditu eta esklusiboki bertara jo beharko dute herritarrek euren etxebizitza duin eta egokirako duten eskubidea bermatu dadin.

5. Etxe huts eta azpi okupatuak: premiazkoa da egoera honetan dauden etxebizitzen gain hainbat pizgarri eta neurri zigortzaile jartzea, etxebizitza mota hauek behar sozialei erantzun diezaioten.

6. Alokairu librearen merkatuaren interbentzioa: Etxebizitza Zerbitzu Publikoak alokairu librearen merkatuko errentak arautzen dituen sistema bat ezartzea nahitaezkoa da.

7. Hipoteka Legea : hipoteka legea aldatu beharra dago, bai hipoteken amortizazio epeei eta baita zorpetze-ratioei ere gehienezko bat ezarriz. Horrez gain, hipoteka legeak “ordainean ematea” onartu beharko du, hau da, zorra pisua banketxeari ematearekin kitatzea.

8. Behin behineko abagune neurriak : behin behinekoa den abagune neurri bezala, beharrak bultzatuta hipoteka ordain ezinean dauden kasuetan, Etxebizitza Zerbitzu publikoak higiezina Obra Publikoaren Prezioan bereganatuko du, berau Etxebizitza Parke Publikora gehituz. Neurri ez-ohiko onuradun izandako pertsonak Etxebizitza Publikoaren erabiltzaile izatera pasatuko dira, zeinek kalitate eta bizigarritasun baldintza guztiak bildu eta familia edo elkarbizitza unitatearen beharrak betetzen dituen etxebizitza bat erraztuko dien.

9. Zerga eta aurrekontuak:aurrekontuetan lortu beharreko helburua Etxebizitza Zerbitzu Publikoa gastu maila egoki batera eramatea izan behar da, gaur egun maila egoki hau BPGd-ren %4a dela ulertzen dugularik. Horregatik, zerga gastuaren politikarekin (kenkariak) bukatzeaz gain, zerga sistema birbideratu beharra dago, erakundeek gehiago eta bidezkoa den modu batean bildu dezaten.

10. Herritarron parte-hartzea: botere politikoek benetako herritar parte-hartze sistemak garatu eta ezarri behar dituzte, gardentasuna ziurtatuko duten mekanismoaz eta ustelkeriaren prebentziorako tresnez gain.