Hemen zaude: Hasiera Artikuluak ETAren desarmatzea; erronka berriak

ETAren desarmatzea; erronka berriak

2014/03/12
Ezker abertzaleak gaur aurrez-aurre eta errotik heldu behar dio egungo munduan eta Europan subiraniaren, independentziaren edota autonomiaren benetako esanahiaren eztabaidari, baita horretara eramango gaituzten estrategia eta bideei buruzkoa ere. Txetxek sakoneko hausnarketa egin du ETAk egin duen lehen arma-zigilatzearen ondoren.

Txetx

Txetx Etcheverry, Ipar Euskal Herrian Manu Robles-Arangiz Fundazioko arduraduna. (artikulu hau 2283 zk. Enbatan argitaratu da.)

 Joan den ostiralean, otsailak 21, Su-etena Egiaztatzeko Nazioarteko Batzordeko adituek ETAren armategiak neutralizatzeko lehen operazioen irudiak erakutsi dituzte. Hau, noski, erakunde armatuaren urrats oso handia da, are zailagoa kontutan izanik espainiar eta frantses gobernuek hura errazteko ez dutela ezer egin, kontrara baizik. Errepresioa eta probokazioak ugaldu egin dira, eta aldebakarreko bake-prozesu hau bultzatzeko lanean ari direnak ere espetxean sartzeko arriskua hartzen dute beren gain, edota kartzelan daude jada, esaterako Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta beste asko.

"ETAren borroka armatuarekin lotutako ziklo politikoaren amaiera Euskal Herriko historia garaikidean gertakari garrantzitsua da. Horrek ezker abertzalea hainbat desafioren aurreran jartzen du"

Espainiar gobernua etsi-etsian saiatzen ari den bake-prozesua saboteatzeko lanak, aitzitik, adierazten du zenbateraino bihurtu zen euskal borroka armatua helburu eta interes abertzaleentzako kaltegarri.


Ziklo berria, erronka berriak
ETAren borroka armatuarekin lotutako ziklo politikoaren amaiera Euskal Herriko historia garaikidean gertakari garrantzitsua da. Horrek ezker abertzalea hainbat desafioren aurreran jartzen du; desafio horiek guztiontzat ezagunak dira, eta ia nonahi eztabaidatu dira, neu ere horretan gehiegi luzatzeko: preso politikoak kaleratzeko eta euskal iheslariak etxera itzultzeko borroka; Euskal Herriko bizitza eta borrokaren esparru guztietan estrategia ez bortitzak definitu eta esperimentatzea; Euskal Herriaren autodeterminazioa helburu duten dinamika herrikoi eta bateratuak antolatzea; zazpi lurraldeen mailan eraikuntza nazional eta sozialerako lan tinkoa, etab.

"Borroka armatua amaitzen denean eta bere atzean benetako mugimendu sozial bat izan denean, aukera berri eta ugariak agertzen zaizkie bere kideei, baita ordezkari eta buruzagiei ere"

Beste funtsezko auzi bat ere ikusten dut borroka abertzalearen bidegurutze erabakigarri honetan: Nola saihestu ziklo berri honetan sistemak euskal irredentismoa irensteko arriskua? Zer egin behar da ezker abertzaleak herri honetan indar desberdina izaten jarrai dezan, bere xedea herri hau eraikitzea eta eraldatzea delarik, guztion eta datozen belaunaldien intereserako? Munduan zehar izan diren borroka erradikaleko beste prozesu askoren historiak  gai honekiko gogoeta sakona egitera bultzatzen gaitu, eta zuhurtzia handiz gainera.


Aukerak eta arriskuak
Borroka armatua amaitzen denean eta bere atzean benetako mugimendu sozial bat izan denean (hots, oinarri sozial orotatik aldendutako talde murritz bat izan ez denean), aukera berri eta ugariak agertzen zaizkie bere kideei, baita ordezkari eta buruzagiei ere. Garai batean baztergarri zena berehala solaskide preziatu bihurtzen da, bere oinarri soziala edo indar elektorala medio, gizartearen zati bat antolatzeko edo erakartzeko duen ahalmenagatik, etab. Era guztietako aliantzak egingarri agertzen dira, eta banatzeko dauden postu eta karguak askoz gertuago ikusten dira. Urtetan oposizioa, ostrazismoa edo bazterketa, borroka gogor eta gatazka bortitza bizi izan ondoren ikuspuntu positiboago bat hartzeko modua sortzen da: azkenean erakusteko moduan gara gure kudeatzeko eta jarduteko gaitasuna, ekintza instituzionaleko tresna indartsuak oinarritzat hartuta.
Instituzioetara iristeak, tokikoak edo beste batzuk direla ere,

"Historian eta toki askotan gertatu izan da garai batean sistemarekin erabat liskartuta zeuden mugimendu edo liderrak gero sistema beraren aliatu edo bozeramaile bilakatzea"

galdera hori are biziago botatzen digu, erronka nabarmenago agerrarazi. Funtsean, hitzetatik eta leloetatik haratago, zertarako gaude gu, sistema kudeatzeko ala bera eraldatzeko? Begibistakoa da intentzioak hasieran beti onak izaten direla; baina historian eta toki askotan gertatu izan da garai batean sistemarekin erabat liskartuta zeuden mugimendu edo liderrak gero sistema beraren aliatu edo bozeramaile bilakatzea, edota hoberenera jota, bere gatibu (kargu edo postuen gatibu, baldintzatzen, itsutzen edo piskanaka oharkabe aldatzen zaituzten menpekotasun eta logikek kateatuta).


Ziklo berria, estrategia berriak
Hasi den aro berriak sakoneko hausnarketa bat eginarazi behar digu, erabakitzeko zein tresna eta dinamikek emango diguten aukera gurea bezain zintzo eta borrokalariak izan diren beste mugimendu batzuk izan duten bilakaera saihesteko. Hausnarketa eta eztabaida horrek aztertu beharreko gaiak: herritar parte hartzea eta masa-dinamika progresista eta autodeterministen aktibazioa; tresna nazionalak eta alternatiba sozial eta ekologikoak eraikitzea,

"Aro berri bati ekiteak oinarrizko gogoetak eskatzen ditu ere bizi izan gaituen kultura politikoari buruz; zein etika aldeztu nahi dugun..."

Euskal Herriaren trantsizio nazional eta soziala martxan jartzeko; kontrabotere sindikal, sozial, kultural, mediatikoen eginkizuna eta hauen autonomia alderdi zein instituzioekiko; zein erlazio dialektibo behar den, batetik instituzioen kudeaketa, eta bestetik, euskal herritarren eta gizartearen auto-antolakuntzaren artean; ezkerreko programaren eta gizarte-proiektuaren gure ikuspuntua, etab.
Aro berri bati ekiteak oinarrizko gogoetak eskatzen ditu ere bizi izan gaituen kultura politikoari buruz; zein etika aldeztu nahi dugun; mobilizatzeko, komunikatzeko, egituratzeko eta jarduteko modu berrien inguruan. Azkenik, datozen urte eta hamarkadetarako gure estrategiak pentsatzerakoan zorrotz aztertu behar ditugu globalizazioarekin lotutako bilakaera nagusiak; ideologia neoliberalaren zale diren mundu eta nazio mailako oligarkien eraso-estrategiak  (Naomi Kleinek xehetasunez aztertu duen txoke-estrategia); populismo erreakzionarioen eta nahaste konplotistaren hazkundea; Europar Batasunaren ataka, eraikuntza sozial eta demokratikoaren gabezia medio; energiaren etorkizuneko krisia eta honek dakartzan ondorioak ekonomia berlokalizatzeko, baina baita politika dezentralizatu eta gizartea berrantolatzeari dagokionez; krisi ekologikoa eta, batik bat, gure egutegiak -eta horrenbestez, erabaki ditzakegun estrategiak- hankaz gora jartzen dituen klimaren erronka.
Hots, esaldi bakarrean laburtzekotan, ezker abertzaleak gaur aurrez-aurre eta errotik heldu behar dio egungo munduan eta Europan subiraniaren, independentziaren edota autonomiaren benetako esanahiaren eztabaidari, baita horretara eramango gaituzten estrategia eta bideei buruz ere.