Eta kontatzen ez bada?

2018/11/13
NHBarcelogreba.jpg
Euskal hedabide batek lerroburu horixe dakar: “Eta kontatzen ez bada?”. Gure bizitzan istorio asko eta asko ez dira kontatzen botereak horretarako interesik ez duelako. Hedabide hark galdera erantzuten du: “Kontatzen ez bada, ez da”. Honetan, ordea, ez nator bat. Kontatzen ez denik ez du esan nahi existitzen ez denik. Hedabideetan gauza batzuk besteak baino gehiago agertzen dira, baina izan, badira.

Adolfo Muñoz "Txiki"Adolfo Muñoz Txiki, ELAko idazkari nagusia

Kontu hau ekarri dut hona Bilboko bi hoteletan gelak garbitzen dituztenak egiten ari diren greba dela eta. Nahiago genuke ikusgarriagoa balitz! Eusko Jaurlaritzaren arduradun baten ustez greba “kutrea” da (zarata, lurrak paperez beteta…), MTV-Bilbo honen irudia zatartzen duelako. Agian horregatik Eusko Jaurlaritzak ez du azkar esku hartzen hotel horiek grebalariak ordezkatu eta greba eskubidea urratzen dutenean. Gure agintarientzat sobera ez dago esplotazioa, baizik eta antolatzen den jendea, protesta kalera eramaten duena. Ez da harritzekoa, bestalde: Jaurlaritza tematuta dago esplotazioa ezkutatzen eta enpresei babesa ematen.

Beste datu bat: 60 lagun hauen artean hamabost nazionalitate zenbatu ditugu. Immigrante hauek duintasunez bizi nahi dute, eta beren eskubide eta helburuen alde borrokatzeko sindikatu batean ari dira antolatzen

Bestalde, hoteletako baten jabea den Barceló kateak, berrikuntza enpresarial handi bat asmatu du gatazka amaiarazteko: Bere bezeroei belarrietarako tapoiak eskaini dizkie “hotelean garbitasun zerbitzua egiten duen kanpoko enpresan” greba dagoelako; auziak Barcelórekin zerikusirik izango ez balu bezala. Barcelóren kezka beste bat da, etekinak pilatzea, edozeren eta edonoren lepotik gainera.

Grebalariak esplotatuta daude. Gela bakoitzeko 2,50 € ordaintzen diete. Estatuan “las kellys” deitzen zaie (“las ke limpian”). Bada, hemen ere, gure erakundeek saldu nahi diguten paradisu honetan, badira kellyak; baita esplotazioa ere. Greban dagoen kolektiboa heterogeneoa da. Batzuk emakumeak dira, martxoaren 8koak, badakitenak beren arazo askoren jatorria ekonomikoa eta politikoa dela. Beste batzuk, aldiz, gizonezkoak dira; hauek, beren lankide emakumeak bezalaxe, baldintza negargarrietan lan egitera daude behartuta. Batzuk diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE edo RGI, erdaraz) jasotzen dute, baina ez gustuz: euren soldatak hain kaskarrak direlako jasotzen dute laguntza. Langile oso txiroak dira. Beste datu bat: 60 lagun hauen artean hamabost nazionalitate zenbatu ditugu. Immigrante hauek duintasunez bizi nahi dute, eta beren eskubide eta helburuen alde borrokatzeko sindikatu batean ari dira antolatzen. Borroka sindikal eta sozialak nortasun bat indartzen du, baina integratzerakoan ere lagungarri gertatzen da.

Gatazka honetan, zeinetan aniztasuna nagusi den -emakumeak, gizonezkoak, immigrazioa, gizarte-laguntza jasotzen dutenak...- helburua da esplotazioa amaitzea

Gatazka honetan, zeinetan aniztasuna nagusi den -emakumeak, gizonezkoak, immigrazioa, gizarte-laguntza jasotzen dutenak...- helburua da esplotazioa amaitzea. Gatazka honetan berriro agerian geratu da Jaurlaritzaren eta enpresa handien hipokrisia eta ahoz gora plazaratzen duten “ardura soziala”. Gatazka honek, beste askok bezalaxe, klase-borrokaren kontakizuna indartzen du, eta jendeari ikusarazten dio greba dela tresnarik behinena. Ikusarazi, diot... kontatzen bada.

Baten batek esan zuen klase-borroka iraganeko kontua zela, moda hori joan zela eta grebak zaharkituta daudela. Hauek sufritzen duen jendea eta honen benetako beharrak gutxietsi egiten dituzte. Defenditu beharreko eskubiderik eta garaitu beharreko areriorik ez balego bezala. Baina berriz nabarmendu behar da ez kontatzeak ez duela esan nahi arazoa hor ez dagoenik. Esplotazioa, eta klase-borroka, hor dago. Galdetu, bestela, irabazten ari direnei. Nahiko genuke euskal Michael Moore bat agertuko balitz, borroka hauei dagokien maila eman eta ezagutaraziko dituena; jendeak dituen arazoak behar bezala kontatuko dituena.