Hemen zaude: Hasiera Artikuluak ESTATALIZAZIOA: Balizko lan erreforma bati buruzko ELAren proposamena

ESTATALIZAZIOA: Balizko lan erreforma bati buruzko ELAren proposamena

2018/10/18
Estatu mailan abagune bat ireki da aurreko gobernuak lan arloan ezarritako legeetan aldaketak egiteko. Honek aukera sor dezake du negoziazio kolektiboaren estatalizazioari aurre egiteko. Hemen duzu nagoziazio kolektiboaren estatalizazioaren historia eta balizko lan erreforma baterako ELAren proposamenak jasotzen dituen dokumentua.

D40 EstatalizazioaDokumentu osoa irakurri

Sarrera

2018ko ekainaren 1ean Pedro Sanchez espainiar Gobernuburu izendatu zuten; ezusteko galanta izan zen. ELAk ez du uste aldaketa honek aldaketa handirik ekarriko duenik PPk hainbat arlotan ezartzen zituen politikei dagokienez. Ez dugu esperantza handirik, ez herri, ez langile-klase garen aldetik.

Dena dela, aurreko gobernuak ezarritako legerik polemikoenetan azaleko aldaketak egiteko aukera sor daiteke. Erreforma aukera horien artean, 2012an erabaki zen azken lan erreforma (3/2012 legea, uztailaren 6koa).

Langileen Estatutuaren balizko erreforma hori egiteko abiapuntua oso kezkagarria da ELArentzat, hiru arrazoi medio:

  • Gobernuak beto ahalmena eman dio patronalari, erreforma egiteko baldintza gisa eragileen arteko adostasuna ezarri baitu. CEOEri emandako blokeo ahalmen hau oso larria da, kontutan izanik azken erreformek patronalari nahi zuen guztia eman diotela, akordio sozialen beharrik gabe; beraz, patronalak betoa ezartzea enpresen interesen alde zeharo lerratuta dagoen egitura legala iraunaraztea litzateke. Horregatik, ELAren iritziz Valerio ministroak esan duena iraingarria da: lan erreforman ukituak egingo direla, eta ez dela indargabetuko -oposizioan zeudenean agindu zuten moduan-, eta legea edozein kasutan “enpresarioen elkarteekin batera” aldatu behar dela.
  • AENCaren laugarren saioak Pedro Sanchezen gobernuari aukera eman dio azaleko ukituen diskurtsoa balia dezan, izan ere, ezarri baitzen sakoneko aldaketa bakarra azpikontratazioaren eremuan egin behar dela (patronalaren beto ahalmenetik abiatuta). Beraz, estatuan ez da izango eztabaida publiko sakonagoa eragingo duen mugimendu sindikalik, eta gainera gobernua mugiarazteko mobilizazioak egiteko aukera ere baztertu egin dute.
  • Langileen Estatutuko edozein aldaketa 2012ko azken erreformaren inguruan izango dela dirudi. ELAren ustez ezinbestekoa da Langileen Estatutuaren osotasuna eztabaidatzea, 2010ean eta 2011n egindako erreformak barne -hauen xedea lan baldintzak merkatzea izan zen-. Soldatak jaitsiarazteko estrategia horren estrategiaren baitan sektoreko lan-hitzarmen probintzialei lehentasuna kendu zitzaien, eta erraztu egin zen negoziazio kolektiboa estatalizatzeko prozesua. Horregatik, sektoreko hitzarmenaren lehentasuna aldeztea enpresek salbuespena ezartzeko duten aukera edota estatu mailako hitzarmen miserableen erreferentzialtasuna eztabaidatu gabe, soldatak jaisteko estrategiari eustea litzateke.

Sanchezen gobernuak bere gutxiengoa baliatzen du 2012ko Lan Erreforma goitik behera ez indargabetzeko aitzakia gisa, jakinik ez EAJk, ezta PdCATek ere, ez dutela onartuko erreforma sakonagorik. PSOEren gobernuak erabaki du ez dituela trantze horretan jarriko, izan ere, PP rekin funtsean bat baitator azken lan erreformaren mamiarekin. Baina etorkizuna interesgarria izan daiteke, Ciudadanos eta PP ziurrenik erreformaren aurka jarriko direlarik EAJren, Bilduren, nazionalista katalanen edo Unidos Podemosen botoak ezinbestekoak izango baitira edozein aldaketa aurrera aterako bada. ELAren iritziz egoera honek abagune bat irekitzen du negoziazio kolektiboaren estatalizazioari aurre egiteko.