Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Erlojua martxan: afiliatzeko garaia

Erlojua martxan: afiliatzeko garaia

2012/10/18
Negoziazio kolektiboaren erreformak testuinguru berri baten aurrean jartzen gaitu gure lan baldintzak zehazterakoan. Orain arte eginikoak hemendik gutxira ez du balioko, baldin eta enpresako eremuan eduki horiek ez baditugu bermatzen. Eszenatokia, protagonistak eta epaileak ere aldatu dira eta horren jabe izan behar dugu lehenbailehen inork adarrik jo ez gaitzan. Erreformaren helburuetako bat, besteak beste, indar kolektiboa ahultzea eta ezabatzea da.

Landeiaren 184. zenbakitik hartua

Joseba Villarreal, ELAko Negoziazio Kolektiboaren arduraduna

Horretarako enpresako esparruari ematen zaio lehentasuna lan baldintzak negoziatzerakoan, enpresa eremuan langileon indarra askoz ahulagoa delakoaren ustetan. Eta ziur aski hala da Espainiako eremuan. Eta legea horretara doa zuzen-zuzenean, zalantza izpirik gabe. Gustukoa izan ala ez, errealitateari ezin zaizkio begiak itxi, ez eta hutsalak suertatu daitezkeen sasiakordioen ametsekin engainatu. Hau da ezarri diguten negoziaziorako marko berria eta lehenetsia: enpresarena.

Zehaztasunetara joanaz, garrantzi itzela duen ultraaktibitatea dugu gainditu beharreko langa. Orainartean hitzarmenen ultraaktibitateak konbenio berri bat sinatu artean lan baldintza berberak bermatzen zizkigun. Berme hori ezabatu nahi digute, eta kronometroa abian jarri dute uztailaren 7ko dataren erreferentziaz atzera-kontua hasita dagoelarik. Epe hori dugu enpresetako lan hitzarmenak negoziatzeko eta ixteko, eduki duinak eta berme guztiekin. Atzera kontua, beraz, mehatxu eta erronkatzat hartu behar dugu, aukerak irekitzen baitzaizkigu enpresetan gure lan baldintza duinak bermatzeko. Espainian ez bezala, hemengo enpresatan indarra dugula erakutsi behar dugu eta mehatxu bezala planteatu dena aukera bihurtu. Eta nola egin behar dugu hori?

Nabaria da ez dagoela bidezidorrik borroka honetarako. Edo langileok erabakitzen dugu erasoari aurre egitea edota erreformak zapalduko gaitu. Erreforma enpresetako atea bortizki igarotzeko egina dago, orain artean dauden lan baldintzak behera botatzeko eta oihaneko legea, enpresariarena alegia, ezartzeko. Edo kontutan hartzen dugu hori edo gureak egin du. Nahitaezkoa da horretaz konturatzea, hori baita abiapuntua. Hortik aurrera, behin borondatera badugu, egundoko lana geratzen zaigu, lana itzela eta zaila. Baina gure esku dago. Guk nahi badugu alboan utzi dezakegu erreforma eta enpresaren hormatan harresiak eraiki erreforma sar ez dadin.

Edo langileak elkartzen gara gure interesak defendatzeko edo enpresariak irabazten du lan baldintzak pobretuz

Enpresariak indar handia du; beti izan du, baina oraingo aldaketekin gehiago. Nahierara joka dezake aurrez-aurre ez bagaitu. Hau ez da gauza berria. Lan harremanen historian ez dago besterik: edo langileak elkartzen gara gure interesak defendatzeko edo enpresariak irabazten du lan baldintzak pobretuz. Auzi horren aurrean, beharturik gaude gure indarrak handitzen, arrazoiz eta indarrez gure interesak babesten. Beraiek beldurra, izua eta xantaia darabilte armatzat, are eta gehiago kale gorrian langabetu dauden milaka eta milaka lankideekin. Bidezko gure aukera –eta ziur aski bakarra– gure interesen defentsan langileok lerrokatzea da, aho batez antolatzea, enpresatan batera jokatzea eta konpromisoa elkarrekin harturik ELAn afiliatzea. Afiliazioak, norbanakoen erabakiaz gainera, konpromiso kolektiboa erakusten du, klase izaeraren errekonozimendua, antolatzeko borondatea, ekarpenak egiteko grina eta, ezbairik gabe, lankideokin elkarrekin gure interesak defendatzeko prestutasuna. Ez da gutxi, baina guzti hori beharrezkoa da. Gu gara sindikatua. Enpresariaren aurrean erakutsi dezakegun indarraren araberako gatibu gara; ez legeak ez araudiak, kanpotik inork ez digu lagunduko geurea konpontzen.

Gu gara sindikatua: militanteak, delegatuak, afiliatuak, langileak… eta gure buruari ezarri diogun duintasunezko erronkari biziki heldu behar diogu: langile klasearen bizi baldintzak duinak izango dira baldin eta elkartutik, konpromisoa elkarrekin harturik, ELAn afiliaturik borrokatzen baditugu. Hori egiteko kronometroa abian da.