Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Eric Toussaint:"Zorraren zati handi bat legez kanpokoa da"

Eric Toussaint:"Zorraren zati handi bat legez kanpokoa da"

2012/07/25
Egun ezkerrak duen erreferente nagusienetakoa da Eric Toussaint belgikarra. Zientzia politikoetan doktorea, CADTM Hirugarren Munduko zorra baliogabetzeko Batzordeko presidentea, Munduko Foro Sozialeko Nazioarteko Kontseiluko kidea, Attac Frantzia eta Attac Belgikako kontseilu zientifikoko kidea eta Laugarren Internazionaleko nazioarteko Batzordeko ordezkaria ere bada, besteak beste. Toussaint gurean izan zen udaran, Manu Robles-Arangiz Fundazioa Institutuak UNED-Bergararekin elkarlanean urtero antolatzen dituen Udako Ikastaroen baitan.

-'Europar Batasuneko gobernuek adostutako politikak. Txirotze orokortua' izeneko ponentzia azaltzera etorri zara. Zer adierazi nahi duzu?

-Kapitalaren erasoaldi bete-betean gaude. Helburua Bigarren Mundu Gerraren ostean lortu zen Ongizate Estatuarekin eta gizarte eskubideekin amaitzea da. Kapitalari langile-jendea esplotatzeko erraztasun gehiago eman nahi dizkiote. Kapitalismoaren krisi sistemiko baten aurrean gaude, sistema bera da krisian dagoena, eta finantza-krisia krisi orokor horren adar bat da. Ezin dugu ahaztu krisiak beste adar batzuk ere badituela, batez ere elikadurarenak eta ekologikoak. Adar guzti horiek elkar lotuta daude. Gainera gauza bat aipatu nahiko nuke: elikagaien eta ekologiaren krisia gehien sufritzen ari diren horiek hegoaldeko herriak dira. Horiek aspaldi daude krisian, goseteak aspaldidanik ezagutzen dituzte.

-Azken urteetan lan handia egin duzu zorraren inguruan.

-Zorra nabarmen handiagoa da herrialde garatuak deitutakoetan hirugarren mundua deitutakoan baino. Zorra aspaldi ordaindu zuten arren egun ordaintzen jarraitzen dute. Egoera paradoxikoa da. Hegoaldeko herrietan Lurreko biztanleriaren %80a bizi den arren zor guztiaren %1a egokitu ahal zaie. Herrialde aurreratuena da zorraren %99a, bertan %15 bizi garen arren. Eta, kopuru horretatik zor publikoa %25a da. Arazoaren muinera jo behar da, eta egun zorrak zergatik hartu duen horrenbesteko garrantzia aztertu.

-Hasi gaitezen, beraz...

-Kapitalismoak 90. hamarkadatik 2008. urtera arte nolabaiteko hazkundea maila lortzen joan zen, urtean %3koa gutxi gora behera. Reeganek eta Tatcherrek 80. hamarkadan hasi zuten erasoaldi neoliberalak tartaren euren zatia handitzea lortu zuen, baina horrek ez zuen hazkundea eragotzi. Hiper-kontsumoa zen hazkundea ahalbidetzen zuena. Horretarako kredituak ezinbestekoak ziren, kreditu hipotekarioak zein kontsumorako kredituak. Zorpetzea ez zen soilik etxeetan eman, finantza erakundeetan ere eman zen. Aberatsetan aberatsenak ere zorpetzen ziren espekulatzeko. Horrek enpresetarako ere balio du. Irabaziak kontsumo produktuetan inbertitu ordez espekulatzeko erabili ziren, batez ere finantzetan produktu toxikoak deitutakoekin.

Ameriketako Estatu Batuetan etxebizitza-sektoreko burbuila lehertu zenean guztia erortzen hasi zen. Leherketa Europatik milaka kilometrotara gertatu arren bete-betean eragin zigun. Urteetan Europako bankuek izugarrizko inbertsioak egin zituzten AEBtako etxebizitzaren sektorean, batez ere Europa iparraldeko bankuek. Milaka eta milaka milioi galdu zituzten banku pribatu horiek. Handik aurrera zer gertatu den begi-bistakoa da.

-Krisiak bereziki astindu du Europar Batasuna. Zergatik?

-Europar Batasunak, eta batez ere euroa duten herrialdeak, diferentzia nabarmenak dituzte Ameriketako Estatu Batuekin. AEBak egitura federal bat dira, estatu indartsuenetik ahulenetara transferentziak egiten dituena. Europar Batasuneko egitura izango balu, Maryland edo Florida bezalako estatuek Greziaren antzerako egoeran egongo lirateke. Europar Batasunean aurrekontu komuna oso txikia da, eta horrelakorik pentsaezina izango litzateke.

Gainera, Europako Banku Zentralak legez ezin die krediturik eman euroa erabiltzen duten herrialdetako banku zentralei. Erresuma Batuan euro-gunean baina zor gehiago dago bataz-beste, baina krisiaren egoera ezberdina da, Ingalaterrako Bankuak Estatuari dirua ematen diolako. Altxorraren Bonoak erosten ditu, Ameriketako Estatu Batuetan Erreserba Federalak egiten duen bezala. Frantzian edo Espainian hori ez da gertatzen.

-Europar Batasunaren egiturarekin kritiko zara, beraz.

-Bai. Europako integrazioa merkatuen interesen arabera egin zen. Euro-gunean dagoen soldaten disparitatea izugarria da, aldea 10-1ekoa da. Hori Hegoaldeko Konoan ere ez da gertatzen, kopurua 3-1ekoa da bertan. Hori kapitalarentzat izugarrizko pagotxa da, merkatu beraren barruan langileak errazago esplotatu ditzakeelako. Europar Batasunaren baitan lan-baldintzak izugarri bota ditzakete behera, deslokalizazioekin mehatxatuz. Eta, soldaten arteko tarte hori gero eta handiagoa da.

-Euroaren etorkizuna jende askoren ahotan dabil bolo-bolo...

-Euroa sortzeko hartu ziren irizpideak erabat erratuak izan ziren. Espainia, Grezia edo Portugal bezalako herrialdeen monetak gain-baloratu egin ziren. Parekidetzak ez ziren ongi egin. Euro batek 166 pezeta balioko zituela erabaki zen, baina kopuru hori handiagoa behar luke izan, 200 edo 220, esaterako. Zergatik egin zen hori? Alemaniako produktuek merkatu horietan abantaila gehiago izan zitzaten, euro-guneko periferian kokatzen diren ekonomietan abantailak izateko. Arazo horiek hasiera-hasieratik egon dira, nahiz eta gehiengoa ez jabetu, finantza-burbuilaren euforia bete betean geundelako.

Eta prozesu honek dituen gabezia demokratikoak ahaztu gabe: eskumenik gabeko Parlamentuak, kapitalaren esanetara dagoen Banku Zentral bat, zein neurri hartu behar diren inposatzen dituzten herrialdeak... Italiaren kasua oso adierazgarria da. Presidentea, Monti, ez da presidente demokratiko bat, merkatuek, Europako Batasunak eta enpresariek Berlusconiren kontra eman zuten kolpe baten ondorioz ezarritako presidentea da. Bide batez. Nondik dator Monti? Godman Sachsetik. Ez dut gogoko Berlusconi, baina gauzak diren bezala esan behar dira, eta Italian gertatutakoa kutsu diktatorial nabarmena du.

-Bizi dugun abagune honetatik ateratzeko nondik nora jo beharko genuke?

-Ataka honetatik atera nahi badugu Europako perspektiba kontenplatu behar dugu. Esfortzuak egin behar ditugu Europa mailan. Soilik gure enpresaren edo gure nazioaren ikuspegitik borrokatzen badugu ez gara aurrera aterako, borrokak globala izan behar du.

Zorraren aurkako borroka funtsezkoa da. Murrizketa plan guztiak aurrera eramateko darabilten aitzakia da. Guk zorra bera jartzen dugu auzitan. Krisitik atera nahi badugu zilegi ez den zorra bertan behera gelditu behar da. Zor publikoaren gaia orain arte tabu moduko bat izan da, eztabaida publikotik ezkutatu nahi dute. Badago legezkoa den zor bat, bidegabea dena, bai, baina legezkoa. Baina, ezin dugu ahaztu zorraren beste parte handi bat ez dela legezkoa. Hori da gure lana, legez kanpokoa den parte hori identifikatzea.

-Horrekin nahikoa izango litzateke?

-Ez, neurri gehiago ere hartu beharko lirateke. Bankuen sektorean neurri erradikalak hartu behar dira. Esaterako, kreditu-sektorearen desjabetzea eta publifikazioa. Banka publiko bat garatu behar da.

Europako banku handi gehienak amildegiaren muturrean daude. Europako Banku Zentralaren diru publikoaren laguntzagatik ez balitz dagoeneko horietako asko amildegitik behera egongo lirateke. Bankuek diru publikoz bete dituzten arren, ez diote krediturik ematen elkarri, jakin badakitelako besteak ere zein egoera tamalgarrian dauden.

-Orduan, zer egiten dute diru horrekin?

-Europako Banku Zentraletik dirua %1eko interesekin ematen zaie eta gero Estatuen zorra erosten dute %7ko interesarekin. Badakite hor negozioa dagoela. Eta, hori legez kanpokoa da. Okerrena da kontua ez dela hor bukatzen. Europako Banku Zentralean dirua %1ean depositatzen dute eta %0,25ean jaso. Zergatia, kasu honetan ere, agerikoa. Badakite Europako Banku Zentralean dirua “esku onetan” dagoela, bankua pribatuak aktibo toxikoz beteta daudelako. Arazoa bankuen zor pribatua da, ez zor publikoa. Eta bankuen zor pribatu hori legez-kanpoa da.

-Proposamen gehiago?

-Bai. Zerga politika lehenbailehen aldatu beharra dago. Gehien duenak gehiago ordaindu behar du. Bidezkoa gauza da, eta borondate politiko hutsa. Azken urteetan neoliberalismoak kapitalari eman dizkion abantaila bidegabe horietan atzera egin behar dugu.

Eric Toussaint:"Zorraren zati handi bat legez kanpokoa da"