Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Eraso bortitz bat aukera bihurtu,boteretu eta irabazi

Eraso bortitz bat aukera bihurtu,boteretu eta irabazi

2017/12/20
Sarritan kontatu ditugu ehunka greba egun pasatu ondorengo garaipen epikoak. Bizkaiko Erresidentziak kasu, borrokek eta lanuzteek izan dute eragina, eta azkenean ere, badute horrenbeste merezitako Lan Hitzarmena. Estrategia baina, beti ez da greba egitea izaten. Garaipenaren kronika greba aurretik hasten da beti. Helburuak finkatu, sozializazio lan itzela egin eta azkenean bai, indarra badago, borrokarako eta grebarako hordagoa bota.

Amagoia LasagabasterAmagoia Lasagabaster, Deba eskualdeko arduraduna ELAn (artikulu hau Landeian argitaratu da)

Horrelako zerbait gertatu zitzaigun Debagoienean zabor bilketaz arduratzen diren langileekin. Hauek urtetan jasan dituzte udaletxe desberdinek zabor bilketaren inguruan hartutako neurriak. Orain atez atekoa, gero bosgarren edukiontzia, beste herri honetan bilketa mistoa… eta horren ondorio nagusiena, langileentzako etengabeko murrizketak eta aldaketak.

Eta halako batean, serio hartu gintuzten. Antolatuak eta amorratuak geundela ikusi zuten… eta noski, 10 eguneko greba, tok-tok, ate joka.

Duela hilabete batzuk Debagoieneko Mankomunitateak azpikontrata aldatzea erabaki zuen. Eta ezetz asmatu? Ba bai, kontratua esleitzeko baldintza-agiriak itzelezko murrizketak jasotzen zituen. Langileentzako etorkizun iluna idatzita omen zegoen orri horietan.

Halako batean jakin genuen nor izango zen zerbitzuaz arduratuko zen enpresa eta besazpian zer zekarren. Lanaldi murrizketak batzuentzako eta kale gorria zortzi langilerentzako. Bai, zortzi kaleratze goizetik gauera iragarriak. Horrez gain, argi eta garbi esan ziguten ez zutela Lan Hitzarmena beteko… ezinezkoa zela. To!  Eta hori guztia gainera, langileen ordezkariei ezer komunikatu gabe. Enpresa berriak zioen beraiek baldintza horietan hartu zutela zerbitzua. Arduradun politikoek, berriz, hau da,  Debagoieneko Mankomunitateak,  prozesu guztia ondo egin zutela, eta langile kopurua zerbitzu berrira egokitu beharra izan zutela bai ala bai. Esan beharra dago, bi kaleratzeen erruduna Mankomunitateak bere kabuz erabakitako zerbitzu txiki baten rebertsioa ere bazela.

Landeia 225Harri eta zur gelditu ostean, erreakzionatu eta lanean hasi ginen. Sekzio Sindikala batu eta berehalako erantzuna emateko erabaki irmoa hartu genuen. Zortzi kaleratzeak ez genituen inolaz ere onartuko, are gutxiago borroka gogorren ondoren lortutako lan hitzarmena ere.

Langileen asanbladan greba egitea adostu genuen, eta hara! Ordura arte gurekin biltzeko denborarik izan ez zuen Mankomunitateko arduradunak lekutxo bat egin zigun bere agenda okupatuan. Hortik aurrerakoa, grebarako aurre-abisuaren babesari esker bultzatutako 12 eguneko tira-biren kronika da. Debagoieneko Mankomunitateak bazekien zabor greba bati aurre egiteko baliabiderik ez zuela, baina negoziazio mahaitik zortzi kaleratzeak ez zituela kenduko argi eta garbi esan ziguten behin eta berriz. Horregatik, greba egiteko abisua bakarrik ez, giharra ere erakutsi beharra zegoen. Besteak beste Debagoieneko herriak kolapsatu zituen auto karabana erraldoiak egin genituen, hura zalaparta!

Eta halako batean, serio hartu gintuzten. Antolatuak eta amorratuak geundela ikusi zuten… eta noski, 10 eguneko greba, tok-tok, ate joka.

Errespetua. Azkenean, ez genuen greba egun bakar bat ere egin. Mobilizazioek eta 12 egunetako negoziaketa sutsuak eman zuten bere emaitza. Errebertsiorik ez, murriztutako lanaldi gehienen itzulketa, derrigorrezko kaleratzerik ez (bik zoritxarrez enpresa berriko panorama ikusita alde egitea erabaki zuten borondatez) eta hitzarmenaren betetzea bai ala bai.

Eta horretaz guztiaz gain, ERRESPETUA. Horixe irabazi zuten Debagoieneko zabor bilketaz arduratzen diren langileek. Zorionak talde guztiari, erakutsitako adore eta kemenagatik! Zorionak Ane eta Pablori ere, gidari bikainak izan zarete-eta