Enpleguaren eta langabetuen egoera prekarioa

2015/03/30
portada 32.png
Langabezia Europako altuenetakoa da eta prekarietatea gero eta latzagoa. Gainera, langabetuak erabat bazterturik utzi dituzte, inongo babes sozialik gabe. Azken aldian zenbait diskurtso entzuten dira enpleguaren errekuperazioaz mintzo direnak, batez ere gobernuan daudenen aldetik. Propagandaz beterik dauden ahots horiek diotena ez da, ordea, kalean eta enresetan bizi eta sentitzen dugun egoera.

Iñaki Zabaleta, Landeia 203, 2015eko martxoa

Gazte jendeak, emakumeak, langabetuek eta oro har prekarietatea gehien sufritzen dutenek, egoera gero eta latzagoa dute, eta orain arte hartutako neurri guztiak beraien kaltetan doaz: enpresei potere gehiago emanez eta langabetuak baztertuta utziaz. Datuek ere egoera hau erakusten dute.

Prekarietatea gero eta gehiago. Biztanleria landuna, hau da, enplegua duena, 1.138.800 pertsonakoa izan da Hego Euskal Herrian 2014ko bukaeran, eta naiz eta azken urtean 7.500 pertsonako hazkundea izan, 2010 urtetik 103.700 pertsona gutxiago dira, %8,3 gutxiago.

Baina nahiz eta azken urtean enplegua duten pertsonak 7.500 gehiago izan, jardunaldi osoa lan egiten duten pertsonak 23.200 gutxiago dira, beraz, jardunaldi partziala duten pertsonak 30.700 gehiago dira. Horrela, enplegu partzialak enplegu guztiaren %16,6a izatetik enpleguen %18,9a izatera pasa dira 2014an.

Jardunaldi partzialen igoerak emakumeei eragiten die bereziki, izan ere, azken urtean 25.300 emakume gehiago ari dira jardunaldi partzialean, nahiz eta gizonezkoen artean ere enplegu mota hau hazi egin den 5.700 gizonezkotan. Ondorioz, enplegu partzialen %82,8a emakumeenak dira.

Soldatapeko pertsonak 947.400 izan dira 2014an. Azken urteko eboluzioak erakusten du soldatapeko enplegua duten pertsonak 12.900 gehiago direla, baina 2010 bukaeratik begiratuz gero, 98.900 soldatapeko enplegu galdu dira.

Bilakaera honek sektoreen arabera eragin ezberdina izan du. Nekazal sektoreak 3.000 soldatapeko enplegu galdu ditu azken urtean, honek %34,9ko jaitsiera suposatzen du. Eraikuntzan 2010etik enpleguen %39a suntsitu da, eta azken urtean 4.500 enplegu suntsitu dira. Industria sektorean soldatapekoen %22,7 egiten du lan, eta azken urtean 6.900 enplegu suntsitu dira.

Zerbitzu sektorean eman da igoera. Zerbitzuetan soldatapeko biztanleriaren %72,6ak egiten du lan, eta 30.100 enpleguko igoera izan du azken urtean, nahiz eta 2010etik 29.100 enplegu galdu dituen.

Sektoreen eboluzio ezberdin honek azken urteetan soldatapeko enpleguaren osaeran aldaketak ekarri ditu. Ondorio nagusia industri sektoreak izan duen pisu galera da, krisia hasi zenetik %26,6tik %22,7ra pasa baita (3,9 puntu gutxiago), zerbitzu sektorea %64,5etik %72,6ra pasa den bitartean (8,1 puntu irabazi ditu).

Beraz, ikus daiteke enpleguarekin zer gertatzen ari den, jardunaldi osoko enplegua, jardunaldi partzialekoagatik ari da aldatzen, sektoreek duten zama aldatzen ari den bitartean.

Behin-behinekotasunak ere gora egin du. 210.800 pertsona ari dira aldi baterako kontratuekin lanean, iaz baino 12.200 gehiago, eta behinbehinekotasun tasa %22,3koa da horrela, Europako bataz bestekoa %14,4koa den bitartean. Hemen ere gehiago sufritzen dute emakumeek, aldi baterako enpleguen %58,5a emakumeena baita, emeakumeen arteko behin-behinekotasun tasa %25,9koa izanik. Gainera, 2014an zehar sinatutako kontratu guztien %93,5a aldi baterako izan dira.

Langabezia mailan Europako muturrean gaude. Langabezia tasa Hego Euskal Herrian %16,2koa izan da 2014ko azken hiruhilean. Europa mailan (2014ko hirugarren hiruhilekoan) laugarren tasarik altuena izan da, Txiprek (%16,3), Espainiar Estatuak (%23,8), eta Greziak (%25,7) bakarrik gainditzen dute. Horrela, Hego Euskal Herriak UE- 28ko batez besteko langabezi tasa (%9,8ko da) 6,4 puntutan gainditzen du.

Gazteen langabezia tasa (25 urtetik beherakoena) %42koa da hemen. Honek esan nahi du 28-EBko batez bestekoa baino 20,7 puntu altuagoa dela, 2014ko hirugarren hiruhilekoan %21,3koa izan baitzen. EAEn %43,2koa da, Nafarroan %39,1ekoa den bitartean.

Gazteen langabezia tasaren inguruan azpimarratu behar da azken urtean eman den jaitsiera (%47tik %42ra), batez ere biztanleria aktibo gaztearen jaitsieragatik eman dela. Hau da, lanean dauden edo lanerako prest dauden gazteak iaz baino 4.100 gutxiago dira, langabezian daudenak 32.700etik 27.500ra pasa diren bitartean, 5.200 gutxiago. Honek esan nahi du langabezia tasaren beherakada ez dela eman 25 urtetik beherakoen artean enplegua sortu delako, enplegua modu aktiboan bilatzen ez dutelako baino.

Langabetuak bazterturik utzi dituzte Gobernuek. Langabezia zerrendetan 219.944 pertsona izan dira 2015eko otsailean, urtarrilean baino 1.649 gutxiago eta duela urte bete baino 9.174 gutxiago.

Sexuaren arabera aztertzen badugu, langabetuen %52,8a emakumeak izan dira, eta gainontzeko %47,2a gizonezkoak. Azken urteko bilakaerak emakume eta gizonen arteko aldea handitzen ari dela erakusten du, 2014ko otsailean emakumeak langabetu guztien %51,6 zirelako (1,2 puntu gutxiago), eta gizonezkoak %48,4 (1,2 puntu gehiago).

Langabezia jaitsi izanaren arrazoietako bat jende askok atzerrira alde egin behar izan duela da. Azken urtean zehar, 2014an, migrazio saldoak 3.175 pertsonak alde egin dutela erakusten du, hau da, 3.175 pertsona gehiagok alde egin dute HEHtik, etorritakoak baino. Gainera 2010etik ikusten badugu, 48.038 izan dira kanpora joandako pertsonak. Hauetako asko gazteak eta enplegurik gabe daudenak, eta alde egiterakoan langabezia zerrendetatik ateratzen direnak.

Langabeziaren inguruan ematen den egoera larrienetakoa iraupen luzeko langabezia da. HEHan 139.000 pertsona daude langabezian urte bat baino gehiago daramatzatenak (duela urte bat baino 9.800 gehiago, eta aurreko hiruhilabetean baino 10.100 gehiago). Honek suposatzen du langabeziaren %63a, iraupen luzeko langabezia dela.

Duela urte bat iraupen luzeko langabezia %57,6a zen, orain baino 5,4 puntu gutxiago, eta 2010etik 19,4 puntu handitu da.

Iraupen luzeko langabeziari, enplegurik gabe daudenek langabezia-estaldura eza eta babes sozial falta gehitu behar zaizkio.

Langabetuen erdia baino gehiago, prestaziorik gabe. 2014ko abenduan, langabezian izena emandakoen %55,3ak (118.028 pertsonek) ez zuen inolako langabezia prestaziorik edo subsidiorik jasotzen. Eta kotizaziopeko prestazioa soilik %25,1ak jaso zuen (prestazio honen zenbatekoa eta iraupena egindako kotizazioen araberakoa da). Era honetan, EAEko bataz besteko kotizaziopeko prestazioa 903,1 eurotakoa izan da, eta 905,3 eurotakoa Nafarroan. Gainontzerako %19,6ak langabezia subsidioa edo Gizarteratze Errenta Aktiboa jaso zuen (426 eurotakoak direnak).

Bilakaerari erreparatzen badiogu, gero eta jende gehiago inongo babesik gabe eta estaldura sozialetik kanpo dagoela ikus dezakegu. Azken urtean babesik gabeko egoeran daudenak 7,3 puntu hazi dira, 104.971 lagunetik 118.028ra pasaz, 13.057 gehiago.

Langabeziaren estalduran eman den jaitsiera prestazioen gastuaren murrizketan antzematen da. 2014ko abenduan prestazio, subsidio eta Gizarteratze Errentaren gastua 99,8 milioietakoa izan zen HEHan, duela urte bat baino 27,1 milioi gutxiago, hau da,%21,4eko murrizketa eman da.

Langabeziaren estalduraren gastuaren bilakaera oso kezkagarria da. Azken bi urteetako gastuari erreparatzen badiogu 2013tik 2014ra 306,9 milioi euro gutxiago gastatu dira, hau da, %19,1eko murrizketa eman da.

Hau guztia aztertu eta gero, ikus daiteke ez dela egia enplegua errekuperatzen ari denik: langabezia ikaragarria dugu, Europako altuenetako, eta prekarietatea gero eta latzagoa da enplegua dutenentzat. Gainera, langabetuak erabat bazterturik utzi dituzte, inongo babes sozialik gabe.