Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Enplegu berdeen sorrera sektoreka

Enplegu berdeen sorrera sektoreka

2014/06/06
106.000 lanpostu berde berri sortu daitezke Hego Euskal Herrian sektore estrategikoetan iraunkortasunaren aldeko apustua egiten bada. Baldintza nagusietakoa ekoizpena, kontsumoa eta lanaren inguruan ditugun ideiak aldatzean datza.

19IngurumenBuletinaAinhara Plazaola, ELAn ingurumeneko arduraduna (Artikulu hau 19. Ingurumen buletinean argitaratu da)

Zer dira enplegu berdeak?

Badira sektore estrategikoak non enplegu berdeen sorrera jada errealitatean den. EAEn nahiz Nafarroan enplegu sorrerarako benetako aukera dira:

Eraikinen  birgaitze lanak

Krisiak gogorkien astindu duen sektorean dago, hain justu ere, EAEko eta Nafarroako enplegu berdearen hobi nagusia: eraikuntzan. EAEn eta Nafarroan urtean 20.000 eta 4.000 etxebizitza, hurrenez hurren, birgaitzeko plan batek 18.000 eta 3.500 enplegu (zuzenekoak eta zeharkakoak) sortuko lituzke. Lanpostu horietako asko energia sistema eraginkorren instalazioak, estalki eta fatxaden isolamenduak eta berreraikuntzak sortuko lituzke; horrez gain, sektore berri eta bizi bat sortuko litzateke arkitektura bioklimatikoaren eta energiaaholkularitzaren inguruan. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenek obra berrietarako 6.432 eta birgaitze lanetan beste 7.893 zuzeneko enplegu kalkulatzen dituzte, zeharkako enpleguak gehituz, 30.000 enplegu sortzera iritsi daiteke.

Energia-sektorea

Trantsizio ekologikoak gure herriko energia horniduraren egitura aldatzea ere eskatzen du, eta energia berriztagarrien erabilerak %100era iritsi behar du, azken energia kontsumoa igo gabe eta frackingik gabe.

"Sistema deszentralizatu bat behar da, eta lehentasuna eman autogenerazioko eta sare banatuko instalazioetan ekoitzitako energia berriztagarriari"

Sistema deszentralizatu bat behar da, eta lehentasuna eman autogenerazioko eta sare banatuko instalazioetan ekoitzitako energia berriztagarriari (potentzia txikiertaineko eolikoa; fotovoltaikoa estalkietan, etab.). Sare hori fabrikatzeko, instalatzeko eta mantentzeko behar den azpiegiturak 20.000 enplegu sortuko lituzke EAEn. Horrez gain, euskal industrian ere eragin positiboa izango luke (hodiak, material elektrikoa, ekipoondasunak...). Nafarroan, non erabiltzen den energia berriztagarrien portzentajea %20tik gorakoa den, 2020rako %30era igotzea eta 6.300 lanpostu sortzea aurreikusten da.

Mugikortasuna

"EAEk eta Nafarroak murriztu beharra daukate petrolioarekiko mendekotasuna, eta pertsona zein merkantziak garraiatzeko modua aldatu beharra dute"

EAEk eta Nafarroak murriztu beharra daukate petrolioarekiko mendekotasuna, eta pertsona zein merkantziak garraiatzeko modua aldatu beharra dute. Auto pribatua gutxiago erabili behar da, eta alde batera utzi AHTa bezalako azpiegitura handiak, ingurumen inpaktu handia eragin eta merkantzia garraioa berenganatzeko ahalmen txikia baitute. Bestalde, ez dira gai tokian tokiko garraio premia nagusiak asetzeko. 2.000 lanpostu sor daitezke EAEn eta Nafarroan enpresa handietan eta industrialde guztietan mugikortasun iraunkorrerako planak ezarriz, garraio publikoko sareak populazio gune bakartuetara hedatuz, aldiriko trena modernizatuz, garraio publiko sarearen integrazioa burutuz eta autoa partekatzea sustatuz.

Hondakinak

Aprobetxatu beharreko bertako beste baliabide bat hondakinen kudeaketako materialak dira. Horretarako, hondakin bolumen orokorra arras murrizteaz gain, hondakinak jatorrian bertan gaika bereizteko ohitura hedatu behar da, tresna eta objektu baliagarrien berrerabilera sustatu, eta berriz erabiltzeko ontziak kudeatzeko itzulketasistemak ezarri. EAEn, 7.000 lanpostu sor daitezke paper hondakinak eta ontzi arinenak birziklatuz gero (155.000 tona eta 115.000 tona, hurrenez hurren, 2010ean). Hondakin hauek zabortegira bidaltzen dira edo erraustu egiten dira. Nafarroan, 900 lanpostu sortuko lirateke.

Agroekologia, arrantza eta basozaintza iraunkorrak

Hamarkadak dira nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta basozaintza gainbehera ari direla , merkatu askeak ezartzen duen lehia desleialagatik, neurrigabeko industrializazioagatik eta neurrigabeko hazkundearen lasterketagatik.

"Hamarkadak dira nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta basozaintza gainbehera ari direla , merkatu askeak ezartzen duen lehia desleialagatik, neurrigabeko industrializazioagatik eta neurrigabeko hazkundearen lasterketagatik. Hala eta guztiz ere, kalitate eta iraunkortasun iturri emankorrak izan daitezke"

Hala eta guztiz ere, kalitate eta iraunkortasun iturri emankorrak izan daitezke, hiru bide hauetatik joz gero: - Azalera handiagoa erabiltzea ekoizpen ekologikorako. Gure kalkuluen arabera, ENEEKek (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua) egiaztatutako azalera % 10 handituz gero, urtean beste 500 lanpostu sortuko lirateke; arrantza iraunkorrak edo artisau-erakoak, berriz, 450 lanpostu zuzenekoak nahiz zeharkakoak sor ditzake (eraldaketa industrian adibidez). - Sektore ez-iraunkorren birmoldaketa ekologikoa. Nekazaritza ekologikoak nekazaritza intentsiboak baino %30 eskulan gehiago behar du; hori dela eta, 5.400 lanpostu sor litezke EAEn eta Nafarroan sektore horretan. - Ekoizpena elikadura-burujabetzara bideratzea. Nekazaritzan ekoiztutako elikagaien %20 EAEn bertan ekoitziz gero (egun, % 5 ekoizten da), 330.000 hektarea erabiliko lirateke horretarako, eta horretan diharduen biztanleria aktiboa, berriz, % 1,5etik % 5era igoko litzateke, hots, 25.000 lanpostura (egun, 8.000). Birkokatze horrekin batera, ekoizpen eta kontsumo zirkuitu laburretan egin behar da komertzializazioa (kontsumo taldeak, ekoizle eta kontsumitzaile kooperatibak, etab.). Posible da enplegua sortzea egungo baso-industria balio erantsi handiagoko espezieen ustiapenera edo biomasaren ekoizpen iraunkorrera bideratuta, eta erregai fosilekiko mendekotasuna murriztuko litzateke. Nafarroako Gobernuaren kalkuluen arabera, 1.650 lanpostu zuzenekoak eta zeharkakoak sor daitezke hori eginez gero, egun sektoreak dituen 4.000 lanpostuen osagarri.

Uraren kultura berria

Beste 1.000 lanpostu sor daitezke, ura aurrezteko eta zentzuz erabiltzeko politikak areagotuz gero. Ura ondasun eskasa dela eta izango dela jakinik, nekazaritzako ureztatze sistemak modernizatu eta hornidura sareetako galerak murriztu egin behar dira. Hondakin urak arazteko planak burutu egin behar dira eta saneamendu sare bereiziak finantzatu. Sare horiei esker, euri-ura araztu eta beste erabilera batzuk eman dakizkioke.

Industria

Iraunkortasunerantz bidera daiteke euskal ekoizpen eredu industriala (ekodiseinua eta bizi-zikloaren azterketa, produktuen iraupen luzeagoa). IHOBEren (2011) kalkuluek diotenez, 2020an beste 850 lanpostu izan ditzake industriak birziklatze lanetarako, 100 altzairu-sektorean eta 1.250 ekipo eraginkorragoen fabrikazioan.

Saltokien leku-aldaketa, zerbitzu publikoak eta lanaldiaren murrizketa

Azkenik, enplegu berdetzat zenbatu ez ditugun arren, 15.000 enplegu sor ditzakete beste jarduera batzuek. Adibidez, EAEko hirietako saltoki handien eta hipermerkatuen ordez tokian tokiko merkataritza sustatzeak. Bestalde, 10.000 lanpostu (gutxienez) sortuko lituzke herritarren premiak (hezkuntza, osasuna, berdintasuna, mendekotasuna, gizarte-zerbitzuak) kalitatezko zerbitzu publikoen bidez asetzeak; lanaldia murriztuz enplegua banatzeak (35 orduko lanaldiak ezartzeagatiko hobariak), berriz, 15.000 lanpostu.