Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Emica Bombas: Borrokaren fruitua

Emica Bombas: Borrokaren fruitua

2015/10/27
Hiru hilabete pasatxo egin dituzte greban Emica Bombas enpresako beharginek. Abanton, Campillo industrialdean kokatutako lantegi txiki bateko beharginak dira; 32 langileko taldea. Uztailaren 8an ekin zieten protestei, eta atzo goizean lortu zuten akordioa zuzendaritzarekin. Grebarako arrazoia sinplea zen. Uribarri Irigoras ELAko Ezkerraldeko arduradunak azaldu du: “Hitzarmen bat gura dute. Besterik ez”. Eta lortu dute. Azken egunotan negoziazioetan aritu dira langileen batzordea eta zuzendaritza, eta atzo goizean sinatu zuten ituna.

Bizkaiko Hitzan argitaratua 2015eko urriaren 23an

Lan erreforma indarrean sartu zenez geroztik, enpresak alde bakarreko erabakiak hartzeko aukera zabaldu zen. Horren aurka egin nahi zuten protestarekin. “Beharginek ikusi dute enpresak ez duela errespetatzen hitzarmenetan jasotakoa ere”. Hala, aho batez erabaki zuten greba hastea, hitzarmena lortu arte. Eta lortu dute hori ere: akordioak erreforma laboralaren aurka blindatzen ditu langileak, eta enpresak ezingo ditu lan baldintzak alde bakarreko erabakiz aldatu.

Langileak gustura azaldu dira lortutakoarekin, eta borrokaren baliagarritasuna nabarmendu dute: “Borroka da oparirik ematen ez duen patronalaren inposizioei aurre egiteko tresna”

ELAkoaren hitzetan, langileek orain arte ez zekiten hurrengo hilean zer kobratuko zuten ere. Akordioan zehaztu dute soldatak %2 igoko direla aurten, %1,10 datorren urtean, hurrengoan %1,20 eta 2018an %1,25.

Egungo lanpostu guztiak mantentzea ere onartu du enpresak, eta behin behineko kontratua duten langileei behin betiko kontratua egitea.

Orain arte 2008tik 2011ra bitartean indarrean egon den siderurgia eta metalurgia arloetako hitzarmena aplikatzen zuen enpresak, baina hitzarmenen ultraaktibitateari buruzko sententziek arriskuan zituzten langileen baldintzak.

Egoera “ulergaitza” izan da

Langileak gustura azaldu dira lortutakoarekin, eta borrokaren baliagarritasuna nabarmendu dute: “Borroka da oparirik ematen ez duen patronalaren inposizioei aurre egiteko tresna”. Izan ere, enpresak orain arte izan duen jarrerarekin “harrituta” egon dira bai langileak eta bai ELA sindikatua: “Industrialdean bertan dauden beste enpresa txiki batzuekin beste hitzarmen batzuk sinatu ditugu, eduki berarekin, langileek gutxiengo segurtasun bat izatea besterik ahalbidetzen ez dutenak”, azaldu du Irigorasek.

Hartara, “ulergaitza” iruditu zaie gutxieneko horiek lortzeko hiru hilabeteko greba egin behar izatea. Are gehiago, enpresaren egoera ekonomiko eta finantzarioa “ezin hobea” denean. ELA sindikatuak merkataritza-erregistroan jaso duen informazioaren arabera, iaz, esaterako, 530.000 euroren irabaziak izan zituen.