Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Emantzipazioa feminismorik gabe? Erakunde mistoetan feminismoa bazterreko izatetik lehentasunezko izateko bidea egitea

Emantzipazioa feminismorik gabe? Erakunde mistoetan feminismoa bazterreko izatetik lehentasunezko izateko bidea egitea

2015/07/01
Silvia Piris: Pasa den martxoaren 8an ELA sindikatuak antolatutako ekitaldian du sorburua testu honek. Feminismoarekin eta feminismotik begiratzeak, eraikitzeak eta ekiteak duen garrantziari buruz egin zen gogoeta ekitaldi hartan; eta erakunde politiko mistoek, duintasuna, berdintasuna eta justizia oinarritzat harturik, gaur egungo sistema eraldatzeko egiazko apusturik egiten duten ala ez eztabaidatu zen. Alde horretatik, gure uste sendoa da nekez egingo dugula aldaketa sakonik eta aurrerapausorik, baldin eta ez badiogu irmotasunez aurre egiten munduko biztanleriaren erdiak emakume izate hutsagatik jasaten duen mendekotasunegoerari.

Silvia Piris

Formaziorako oinarrizko liburutegia: Emantzipazioa feminismorik gabe? Erakunde mistoetan feminismoa bazterreko izatetik lehentasunezko izateko bidea egitea

GOGOETARI ETA EZTABAIDARI BIDE EMATEN JARRAITZEKO ZENBAIT IDEIA…

Aurreko puntuetan, labur-labur halabeharrez, feminismoaren funtsezko zenbait elementu erakusten saiatu gara, baita egoera aldatzeko borondatea duten erakundeetan parte hartzeko eta agenda feministari lekua egiteko izan daitezkeen eragozpen eta korapilo batzuen berri ematen ere. Jakina, dena ez da negatiboa, badira elkarguneak, badira modu alternatiboan eraikitzen ari diren erakundeak, beren agendetan eta jardunetan feminismoa aintzat hartzen duten mugimenduak…

Gaude, ordea, sarri askotan, ematen diren erantzunak partzialak direla, ahalegina egiten dela zenbait neurri “zuzentzaileren” bidez emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta agenda feministaren zenbait gai aintzat hartzeko, baina ez dela gaiaren muinera jotzen; izan ere, gure ustez, gaiaren muina da gizon eta emakumeok elkarrekin, eroso, berdintasunean, bizi eta partekatzeko erakundeak eraiki behar ditugula; erronka handia da hori, baina baita aukera paregabea ere. Hala, erakundeen ardatzetako bat bihurtu behar dugu feminismoa eta estrategia bat sendotu behar dugu horretarako. Alde horretatik, uste dugu hiru hauek direla prozesu horietan aurrera egiteko gakoak:

Onartzea eta ohartzea: Feminismoa gure erakundeen egitura guztietara zabaldu beharra dagoela. Gure agenda eta egituren gain ikuspegi osoa izan behar dugula, feminismoa benetan lerro nagusian egoteko estrategiak jarri behar ditugula martxan. Erantzun itxirik ez dagoela, baina honako maxima hauek zehazten joateko borondatea eta konpromisoa, aldiz, egon badagoela: “iraultza feminista izango da edo ez da izango” eta “kapitalismoak eta patriarkatuak batera erori behar dute”. Emakumeak ahalduntzeko jardun politikoa sustatzea ezinbestekoa dela gure erakundeetan, horrek emango baitugu aukera guztion ahalduntzea ekarriko duten jardunak eraikitzeko.

Sormena: Beharrezkoa da elkarrekin irudimenari bide ematea eta, batzuetan zer esparru estuetan

mugitzen garen jabeturik, muga horiek gaindituko dituzten erakundeak eraikitzea. Etxeak goitik behera aldatu behar ditugu, bete-betean heldu behar diogu egiten eta esaten diogunari ez ezik, moduei, berregin egin behar ditugu erakundeen kulturak. Eta horretarako, zeregin konplexua izan arren, sakon berrikusi behar ditugu bai gure lehentasun politikoak eta agendak, bai gure egiturak, parte hartzeko, komunikatzeko eta erabakiak hartzeko moduak, etab. Emakumeak eta gizonak eroso eta berdintasunean bizi daitezkeen erakundeak eraiki behar ditugu. Eta horretarako, guztion artean gure etxeak nolakoak izatea nahi dugun zehazteko eta erabakitzeko guneak behar ditugu, jakinik aurreko alderdi batzuk baliagarri izan ditzakegula baina seguru asko zer edo zer berria eraikitzeko erronkari egin beharko diogula aurre. Gaude, feminismoak funtsezko gakoak emango dizkigula horretarako.

Aliantzak: hitzari benetako edukia eman eta aliantzak sendotu behar ditugu hiru noranzkotan: feministen artean, erakundeetan bertan; mugimendu eta erakunde feministekin; eta beste aliantza zabalago batzuk, kapitalaren eta pribatizazioaren logikari uko egin eta bestelako balioak (bizitzaren iraunkortasuna; parte-hartzea eta demokrazia berriro definitzea eta egunerokotasunaren politizazioa) lehenesten ditugun mugimendu, pertsona eta erakundeok bat egingo dugun aliantzak. Lan eskerga da, gune horiek zehaztu behar dira, noren artean egingo dugun erabaki behar da, edukiak, moduak… Aurreko egituratze esperientzietatik ikasgaiak atera behar dira eta, nola ez, gune feminista autonomoen eta espazio mistoetako feminismoaren arteko elkarguneak sendotu behar dira.

Espero dugu testu hau baliagarri izango dela bideak zehazten jarraitzeko, modu kolektiboan eta feministok elkar hartuta, aurrera begira beste bizitza batzuk eta bestelako erakunde batzuk izan daitezen, eta pozez esan dezagun, horiek bai, bizitzea merezi dutela.