Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Elorrioko udalak kaleratzearekin mehatxatu ditu soldata arrakalarekin amaitzeko greban diren langileak

Elorrioko udalak kaleratzearekin mehatxatu ditu soldata arrakalarekin amaitzeko greban diren langileak

2019/07/11
"Soldata arrakalarekin amaitzeko Elkarrekin Podemosek legebiltzarrean aurkeztu zuen mozioa ikusita, Elorrioko udalera joan ginen legebiltzarrean diotena betetzea eskatzeko: soldata arrakala kuantifikatzeko sektore alderagarririk ez den tokietan aurrekontuak %20 igo behar dira soldatak beste horrenbeste igotzeko."

Mari Cruz ElkoroMari Cruz Elkoro, ELAko Zerbitzuak federazioko idazkari nagusia

Greban daude Elorrioko udaleko garbikuntzako azpikontratatuak. Elorrioko udalean EH Bilduk agintzen du Podemosen abstentzioarekin. Eta onartu behar dut hasieratik bertatik akats bat egin genuela: uste genuen ezkerreko gobernu batean ez zela soldata arrakalaren inguruko pedagogiarik egin behar.

Greba indarrean den bitartean gurekin ez zela eseriko esan zuen, eta guk, harrituta: ezkerreko gobernu batetik espero genuen azken gauza da hori. Tira!, esan zigun, ezker-eskuin diskurtso horiek gainditu egin behar ditugu hemen

Elorrioko garbikuntzan ematen den soldata arrakalarekin amaitzea eskatzen ari gara. 15 emakumeko kolektibo bat dugu, haietako batek soilik lan egiten du jardunaldi osoan, eta haien soldata kale garbitzaileekin (%100ean maskulinoa) alderatuta 9.000 euro txikiagoa da, plusak kenduta.

Esan behar da hau Urkullu jauna eta ADEGI patronala bultzatzen ari diren Enpresa Kultura Berriaren adibide garbia dela. Alkateak, ordezkaritza sindikala saltatuz, langileak batzarrera deitu zituen esateko: ez dakit ongi ulertu duzuen edo sindikatuak proposamena ongi azaldu dizuen. Hori, bere eskaintza zero euroko soldata igoera zenean. Ez dakit non egon zitekeen gaizki ulertua...

Gainera, greba indarrean den bitartean gurekin ez zela eseriko esan zuen, eta guk, harrituta, ezkerreko gobernu batengatik espero genuen azken gauza zela hori esan genion. Tira!, esan zigun, ezker-eskuin diskurtso horiek gainditu egin behar ditugu hemen.

Greban jarraitzen dugu eta orduan publifikazioaren gaiarekin datorkigu. Esaten digu diru publikoa ongi kudeatu behar dela, eta soldata igoerak eskatzen badira aurrekontuak ere igo beharko direla. Jakina, hori da ondorio logikoa.

Zer ari gara eskatzen? Sindikatu guztiek ondorioztatu dugu 17.000 eurotik beherako soldata duen oro enplegu prekarioa dela. Garbitzaile bakarra dago jardunaldi osoz eta 16.300 euro kobratzen ditu. Ondorioz, legebiltzarrean zuek eskatzen duzuena eskatzen ari gara, soldatak %20 igo behar direla. Datorren urtean %9 eta hurrengoan %11, batuta %20 ematen du. Eta orduan galdetzen digu ea zer daukagun publifikazioaren aurka.

Ez daukagu ezer publifikazioaren aurka, gu publifikazioaren alde gaude, baina publifikatzeko erabltzen ari zareten sistemaren aurka gaude. Publifikazioa langileak greban daudenean planteatzearen aurka gaude

Ez daukagu ezer publifikazioaren aurka, gu publifikazioaren alde gaude, baina publifikatzeko erabltzen ari zareten sistemaren aurka gaude. Publifikazioa langileak greban daudenean planteatzearen aurka gaude. Publifikazioa grebaren aurkako neurri gisa erabiltzearen aurka gaude . Soldata arrakalaren aurkako borrokan, borroka feministan, dabiltzan emakumeen kontra erabiltzearen aurka, mehatxu moduan erabiltzearen aurka: mugitzen dena kalera doa. Hau da, langile azpikontratatuka baliagarriak dira esplotatuak dauden bitartean baina aldarrikatzen hasten badira publifikazioaren gaia ateratzen dut. Elorrion ez baitziren hitz egiten ari garbikuntzaren publifikazioaz. Elorrion pleguetaz eztabaidatzen ari ziren, prezioaz. Eta prezioaz ari zirela guk esan genien "horretaz hitz egin nahi dugu". Prezioa oso baxua bada, lan baldintzak oso kaskarrak baitira. Eta soldata arrakalarekin amaitu nahi dugunez, hauxe da horretaz hitz egiteko unea.

Elorrion ez zegoen garbikuntza publifikatzeko proiekturik mahai gainean, azpikontratatzen jarraitzeko proiektua zegoen. Eta publifikazioaren proiektua azaltzen da soldata arrakalarekin amaitu nahi dugula jakinarazten diegunean.

Orduan esaten digute, ez zarete egongo lanpostuen kontsolidazioaren aurka ezta? Ez. Baina Elorrioko udalak lanpostuak kontsolidatu nahi baditu hortxe dauka, udalean bertan, %30eko behin behinekotasuna, eta EPEak egiten has daiteke udalean bertan, ez greban diren 15 langileekin. EPEak egin nahi baditu, aukera ona dauka administrazioan EPEak eginez betekada ederra hartzeko.

Hauxe da gertatzen ari zaiguna, eta hauxe gertatzen ari zaigun ezkerrarekin. Berriro diot: Enpresa Kultura Berriaren adibide paregabea. Mugitzen hasten denari kaleratzearekin mehatxatzen zaio, norbait mugitzen bada sindikatuen gainetik jauzi egiten da, eta esan ziguten azkena: publifikazioaz hitz egin behar badugu, ez pentsa mahai honetan egingo dugunik, udaleko mahaian egingo dugu, udaleko lan-batzordearekin. Hau da, paretik kendu nahi gaituzte gai honen inguruan ireki nahi dugun eztabaida ez dadin ireki.

Atzo bilerara etorri zen langileak zioen:  nik 700 euro kobratzen ditut, ez daukat koltxoirik kalera botatzen banaute. Eta, ezkerraren ahotik mahai hauetan entzun ditugunak entzutea oso gogorra da. Errematea esaldi honekin eman ziguten: jakin ezazue EPEa ateratzen badugu emakume hauek ez dutela gaindituko.