Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Elite nafarrak: banketea txintxon partidarekin

Elite nafarrak: banketea txintxon partidarekin

2013/12/02
“Betiko Nafarroa, nork agintzen du hemen?” mahai inguru baterako izenburu ona izan liteke, abiapuntu egokia hamarkadetan nafarrak lotuta izan dituen interes ekonomiko eta politikoen mataza askatzen hasteko… baina inork ez zuen antolatu bat Manu Robles-Arangiz fundazioak, pasa den azaroaren 13an, NUPen, Patxi Zamora kazetaria, Ricardo Feliu soziologoa eta Ignazio Aiestaran filosofoa zitatu zituen arte, “elite” deitzen dugun amaraun ilun horretan argi pixka bat egiteko enkarguarekin. Eta ez ziren bakarrik egon, 120 pertsona inguru bertaratu baitziren entzutera Feliuren disekzio zientifikoa, Aiestaranen azalpen teoriko baina entretenigarria, eta Patxi Zamora sarkastikoaren kazeta kronika.

Ivan GimenezIván Giménez (Fundazioak itzulia)

Beti esan izan da UPN eta PSNk gurekin txintxonean aritzen direla: batek lapurtzen duen bitartean bestea begira dago, eta alderantziz”, halaxe amaitu zuen Zamorak Kontuz! Elkarteak Caja Navarraren eskandaluari buruz argitaratuko duen liburuaren izenburua argitu zuen hitzaldia: “El banquete”.

Beti esan izan da UPN eta PSNk gurekin txintxonean aritzen direla: batek lapurtzen duen bitartean bestea begira dago, eta alderantziz”

Ez dago gaizki ekarria irudia: hasteko, bankete ederra ospatzen dute finantza botere handiek (CAN eta beste zenbait erakunde), botere ekonomikoek (VW, enpresa handi energetikoak, eraikuntza enpresak), botere politikoek (UPN, Nafarroako Gobernua eta inguruan sortu bezeria sare trinkoa) eta botere erlijiosoak (Opus Dei). Banketeko mahaia sostengatzen, ezinbesteko hanka horiek, zilegitasuna eta normaltasun soziala ematen dutenak: sindikatuak (UGT, CCOO, UAGN), patronalak (CEN eta Merkataritza Ganbera), diru laguntzen gatibu diren mota guztietako elkarte seudo-hiritarrak eta betiko bisagra politikoa (PSN). Sektore hauek babes, gehiago ala gutxiago, esplizitua ematen dute mahai zapitik erortzen diren apurren truke: diru laguntzak eta esleipenak, iloba bat han, laguntxo bat hemen, eta norbera ere, inoiz ez jakin.

Hau izan zitekeen mahai inguruan entzundakoaren diagnostiko laburtua, orain gutxiko instituzio batean konpaktatua, lehen eta bigarren mailako elite horiek ezin hobeto azaldu eta kondentsatzen dituena: Moderna Plana. Izan ere, Ricardo Feliuk bere hitzaldia fundazio honen argazki batekin zabaldu zuen, Gobierno de Navarra, UPN, PSN, UGT, CCOO, Opus, UPNA… guztiak elkarri eskua ematen, diru publikoa ekimen pribatuetara bideratzeko zeregin nagusiarekin, irizpide partikularrak erabiliz eta inolako kontrol parlamentariorik gabe. “Plan Moderna-ren argazki hau apurtzen ari da”, esan zuen Feliu-k. “Pitzadurak daude elite horretan, kohesioa galdu da, baina ez gaitezen inozoak izan; horregatik izango dira geroz eta oldarkorragoak”.

“Pitzadurak daude elite horretan, kohesioa galdu da, baina ez gaitezen inozoak izan; horregatik izango dira geroz eta oldarkorragoak”

NUPeko soziologoak botere politikoen eta enpresa interesen arteko konplizidadea irudikatu zuen “ate birakariak” deituaren hiru adibide erabiliz: foru Gobernuko hiru kontseilari (Iñigo Alli, Marta Vera eta Luis Zarraluqui) jauzika ibili dira, joan etorrian, Morgan Stanley eta Ernst&Young bezalako banku aholkularitzetatik edo MRA eta Larcovi bezalako eraikuntza enpresetatik botere publikora, horrek suposa lezakeen interes talkak beraiengan inolako ondoriorik izan gabe. Ondorio larriak soilik osasungintzaren eta gizarte zerbitzuen erabiltzaileek eta etxebizitza bila dabiltzanak nozitzen dituzte, hain justu, teorikoki politiko hauek zerbitzatu behar dituzten kolektiboek.

Bestalde, Feliuren ikerketek (bere doktore tesiak Nafarroan benetan agintzen dituen 90 pertsonak deskribatzen ditu) azaleratu dute “praktikoki, ekonomia produktiboan inbertitzen duten enpresariak desagertu egin dira Nafarroan; finantzetan dabiltzan espekulatzaileak eta multinazional handietako goi karguak soilik gelditzen dira. Eta horren arrazoietako bat da gazteek jasotzen duten trebakuntza mota IESE bezalako negozio eskoletan jasotzen dutela, Opus Dei-koa. Ideologia tiro bat bezala sartzen zaie”.

Leyren egiten den Prínicipe de Viana sarien sinbolismoa, betiko botere faktikoen presentzia: “politikoa, ekonomikoa eta militarra”

Ignazio Aiestaranek, bere aldetik, zentsurara garamatzan bideaz ohartarazi zuen jendea, berak bere buruan pairatu behar izan baitzuen Iruñeko UPNren udal Gobernutik. Hitzaldi bat eskatu zioten, berak “Democracia de excepción” izendatu zuena. Arriskatua zen, nola ez, baina alkatetzarentzat jasangaitza egin zuena izan zen “baliabide komunen” aldeko edukia. Beto diktatoriala izan zen XXI mende betean. Mahai inguruan Aiestaran haratago joan zen, eta azaleratu zuen Leyren egiten den Prínicipe de Viana sarien sinbolismoa, betiko botere faktikoen presentzia nabarmenduz: “politikoa, ekonomikoa eta militarra”. Ez zuen aipatu gabe utzi Elizak Nafarroan duen eragin izugarria, eta bere hitzaldia amaitu zuen esanez hiritar kritikoak kontsumista pribatizatu bihurtu nahi dituztela, El Corte Ingleseko irudi bat erabiliz joaera honen ikono gisa.


Hirurei etorkizunera begira jartzeko eskatu zitzaien, aurreratu zezatela nolakoa behar lukeen betiko Nafarroa honen alternatiba, eta guztiok azpimarratu zuten hori dela “denbora gehien” eskatu behar digun eginkizuna. Feliu zuzena izan zen: “Hor sartu behar da guztia txikitzeko marrazki bizidunetan agertzen den bola erraldoi horietako batekin”, eta haunarketa berri bat utzi zuen mahaian, kezkagarria eta askorentzat deserosoa: “Batzutan amets gaizto bat izaten dut. Gobernu berri bat ikusten dut, Geroa Bai-k, PSN-k eta I-E-k osatua, baina azkenean oposizioan zeudenean kritikatzen zuten egitura guztia berreraikitzen dute". Patxi Zamorak onartu zuten zenbaitetan amets gaizto bera datorkiola gauetan, baina zorrotzagoa izan zen erantzunean: “Barruan sartu behar zaigu 'PSN' eta 'aldaketa' batera oximoron bat direla 'adimen militarra', 'demokrazia kristaua' eta 'nafar pentsamendua' bezala. PSN hau inkonpatiblea da benetako alternatibarekin” eta “Urralburu, corrupción al servicio del Estado” liburuaren egileak dio.