Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Ekhi: txanpon lokala mundu iraunkor bidezkoagora bidean

Ekhi: txanpon lokala mundu iraunkor bidezkoagora bidean

2015/10/15
Ekhi txanpona 2013an jarri zen martxan Bizkaiko zenbait herritan ekonomia erreala eta komunitatearen ongizatea bultzatzeko eta diruaren erabilera espekulatiboa saihesteko. Egungo eredu ekonomiko nagusiari aurre egiteko sortu zen. Eredu ekonomiko honek aberastasuna esku gutxitan pilatzen du gehiengoaren pobrezia eraginez eta gure habitat naturala suntsituz.

Ekhi txanpon sozialaEkhi txanponeko kideek idatzia

Hemen txanpon sozialei buruzko artikulu gehiago:

Txanpon lokalak: dirua birpentsatuz

Nik ere euskoa erabiliko dut

Zorionak Eusko!

Txanpon ofizialekin alderatuta, Ekhi eremu lokalean bakarrik funtzionatzen duen txanpona da, auzoari atxikituta dago, txanpona onartzen duten saltokietan mugitzen da eta finantza merkatuetara ihes egiteko aukerak saihestu egiten dira. Hau guztia posiblea izateko Ekhi txanponak banka etikoarekin lan egiten du; izan ere, dirua banka tradizionalean amaituz gero proiektu espekulatzaileetan, armagintzan edota ingurugirorako eta herrientzako eragin kaltegarriak izan dezaketen proiektuetan inbertituko litzateke, aldiz, tokiko txanpon honekin hau guztia ekidingo litzateke. Tokiko ekonomiaren sustapenak saltoki txikiak indartzea suposatzen du eta horrek kalitatezko postuak sortzeko aukera ematen du. Gainera, saltokietan euskararen erabilera ere sustatu nahi da.

Ekhi txanponak, azken urteetan munduan zehar sortu diren beste hamarnaka tokiko txanpon bezala, kapitalismo neoliberalak sortu duen krisi ekologiko eta sozial larriari erantzuna eman nahi dio

Ekhi txanponak, azken urteetan munduan zehar sortu diren beste hamarnaka tokiko txanpon bezala, kapitalismo neoliberalak sortu duen krisi ekologiko eta sozial larriari erantzuna eman nahi dio. Egun hamar eurotik bederatzi finantza merkatuetan dauden bitartean ekonomia errealak gabezia larriak pairatzen ditu. Arazoa da dirua berau sortzen duenaren zerbitzura dagoela eta, gaur egun, diru gehiena banku pribatuek sortzen dute ezerezetik. Ekonomia eta diruari buruz erabakitzen duten pertsona eta instituzio gutxi hauek era ilun eta ez demokratikoan egiten dute eta beraien helburua ez da gehiengoaren bizitza hobetzea, banku eta transnazionalen aberastasunak gora egitea baizik. Horrela, dirua helburu bilakatu da, bitarteko izateari utzi eta.

Tokiko txanponaren helburuen artean dirua soilik truke tresna bat izatea da, gutxi batzuk guztiarekin ez geratzeko. Aldi berean beste helburu bat da, erabiltzaileak eta saltokiak ahalduntzea eta jendeak erabiltzen duen dirua gobernatu ahal izatea. Lehenengoa lortzeko moneta iraungitu egiten da, hau da, txanpon honek denborarekin balorea galdu egiten du. Horrela dirua iraungitzen den edozein produkturekin berdintzen da eta bere pilaketa saihestea lortzen da. Bestalde, diru demokratikoago bat lortzeko kudeaketarako erabaki gunea asanblearioa da. Asanbladan moneta hau erabiltzen edo onartzen duen edozein pertsonak parte har dezake berdintasunean.

Ekhik elikadura burujabetza eta energetikoaren alde lan egiten duten ekimenen osagarri izan nahi du

Ekhi, gainera, diruaren erabilera arduratsua eta kontsumo arduratsuaren beharrari buruz kontzientziatu nahi duen txanpona da. Horretarako gizakiaren tamainako ekonomiaren eraikuntzan parte hartu nahi du, hau da, garraioen beharrak gutxitu eta produktu ekologiko lokalak bultzatzen dituen ekonomiaren eraikuntzan. Ekhik elikadura burujabetza eta energetikoaren alde lan egiten duten ekimenen osagarri izan nahi du. Horretarako bere sarean parte hartzen duten dendek elikadura eta energia ekoizpen lokala eta ekologikoarekin bat egitea lortu nahi da.

Ekhi txanponak arreta handia jartzen du berdintasunaren alde lan egiten duten ekimenetan eta patriarkatuaren kontra egiten du. Ekhi txanponaren asanblada gizarte feminista eraikitzearen alde dago

Amaitzeko, ekhi txanponak bere gaitasunak eskaini nahi ditu beste ekimen sozial eraikitzaileekin batera diskriminaziorik gabekoa eta bidezkoa eta jasangarriagoa den beste mundu bat eraikitzeko.