Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Egoeraren azterketa: deflazioa doikuntza politiken ondorioa da

Egoeraren azterketa: deflazioa doikuntza politiken ondorioa da

2015/03/16
Egoeraren Azterketa honetan enpleguan zentratu gara, 2014an izan duen egoera eta eboluzioa aztertuz. Azkenaldian enpleguaren errekuperazioaz hitz egiten duten diskurtsoak entzuten dira. Baina ez da hori kalean eta enpresetan dagoen irudipena. Datuek ez dute establishment politiko eta ekonomikoak, nahita, ateratzen duen ondorio hori baieztatzen.

Egoeraren azterketa  127. Zenbakia, 2015eko martxoa

Deflazioa doikuntza politiken ondorioa da

INEren arabera, iaz prezioak (KPI) espainiar estatuan %1 jaitsi ziren. 2015eko lehen hiletan ere joera antzekoa da: Urtarrilean prezioak %1,3 murriztu ziren urtearteko tasari dagokionez (azken hamabi hilabeteetako tasa), eta otsailean %1,1 jaitsi ziren.

Duela ia urtebete ohartarazi genuen oso posible zela deflazioa gertatzea (prezioen gainbehera jarraitua). Orduan azaldu genuen ekonomilari ofizialen tesia (egungo hondamendi ekonomiko eta sozialera ekarri gaituzten politiken aitzindariena): inflazioari aurre egiteko interes tasak jaitsi behar direla eta bankuei likidezia eman behar zaiola, kreditua gehi dadin. Horixe egin izan du, hain zuzen, Europako Banku Zentralak (EBZ). Baina begibistakoa da horrek ez duela deflazioa geldiarazi. Izan ere, asmoa ez baitzen hori. EBZren helburu nagusia bankuen erreskatea izan da, zor pribatua publiko bihurtuz. Eta hori lortu du.

Datuek erakusten dute Europar Batasuneko prezioen jaitsierarik nabarmenena gertatzen ari dela doikuntza politika gogorrenak ezarri diren lekuetan. Ez da harritzekoa. Izan ere, politika horrek -soldata murrizketak, lanaren prekarietatea, pentsioen eta beste gizarte-prestazioen jaitsiera- lanpostu asko eta asko suntsitu ditu. Beraz, herritarren gehiengoa pobretu egin da, eta horixe da deflazioaren arrazoia.

Deflazioari bidezko erantzun bat emateko soldatek aberastasun orokorrean duten zatia handitu beharra dago (azken hamarkadetan gertatu den kontrakoa, hain zuzen). Gainera, aurrekontu-politikak ere goitik behera aldatu behar dira: lehenetsi egin behar da politika sozialetako gastu publikoa (gizarte-prestazioak eta kalitatezko zerbitzu publikoak), eta ekonomiaren birmoldaketa sozial eta ekologikoa bultzatu. Finean, azken urteetan Euskal Herrian eta Europa mailan aplikatu izan diren politikak baztertu egin behar dira. Alabaina, horretarako borondate politikorik ez dugu ikusten.