Hemen zaude: Hasiera Artikuluak "Egin ditugun greba guztietatik bereziena gaurkoa da"

"Egin ditugun greba guztietatik bereziena gaurkoa da"

2019/03/08
"Egun on denoi. Ni Aitziber naiz, erresidentzia bateko langilea. Azken 6 hilabetetan erresidentzietako langileok hainbat greba egun eta mobilizazio egin ditugu. Baina greba guzti hauen artean bereziena gaurkoa da, Martxoaren 8an inoiz baina indartsuago sentitzen garelako. Gure artean, emakumeon artean, indarberritzen garelako." #m8grebafeminista-n Donostiako bulebarrean Aitziberrek egin duen hitzaldia.

Aitziber, ELAko ordezkaria Gizpukoako zahar-egoitzetan

 

Gaur, Martxoak 8, erresidentzietako emakumeok mugimendu feministen deialdira batu gara, eta zuen alboan gogor borrokatuko dugu emakume bezala. Erresidentzietako emakumeok argi daukagulako berdintasuna lortzeko, soldata arrakalekin bukatzeko, zaintza lanei daukaten balioa emateko, bizitza erdigunean jartzeko, eta emakumeak, gizonak bezala, lehen mailako pertsona kontsideratuak izateko, Martxoak 8ko borroka egunero egin behar dela. Egunero da guretzako Martxoak 8. Sistema heteropatriarkal neoliberal honi aurre egin ahal izateko, egunero esan behar zaio argi eta ozen, gerrarako prest gaudela.

Gaur hemen gaudenok greba feministari gure atxikimendua adierazten diogunok, beste gauzen artean, indarkeriari, parekidetasun ezari, prekarietateari, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari eta abar aurre egiteko etorri gara. Zergatik izendatzen ditut beste hainbat borroken artean hauek? Guk erresidentzietako borrokarekin gure egunerokotasunean argi eta garbi interpelatzen ditugun borrokak direlako. Oso kontziente garelako alde batetik etxeko lan eta zaintzak emakumeok doan egiten sistema honen sostengu bihurtu gaituztela eta bestetik, zaintza hauek lan merkatuan egiten ditugunean erabat prekarioan egitera behartuta gaudela.

Gu, erresidentzietako langileak, zuek bezala, sistema patriarkal neoliberal honek sortzen dituen diskriminazio eta indarkeri egituratuaren adibide argi bat gara. Gipuzkoan gauden emakume guztion diruarekin agintariek beraien enpresentzako kortijo bat montatu dutelako. Sektorea azpikontratatu dute, beren lagun enpresariei negozioa emateko. Baina beraien laguntxoen patrikak diruz bete ahal izateko gure lana esplotatu behar dute. Esprimitu nahi gaituzte. Gure erabiltzaileei gero eta arreta okerragoa eman, orduan eta irabazi gehiago dituzte. Gure sektorea soldata arrakala pairatzen duen sektore bat da. Ttitulaziorik gabeko gizonezko sektoreek baino %30 gutxiago irabazten dugu, urtean 6.000-7.000 euro inguru.

Erabiltzaileak gure zaharrak dira, langileak. Gu geu emakumeak gara eta gure lana zaintzea da, bizitza zaintzea. Orduan, irabaziak lehenesten dituen sistema honek zein eskaintza egiten dio Gipuzkoako zaintza ereduari?

Guri, langile emakumeei soldata baxuak, total, emakumeek badaukagu gizon bat etxean benetako soldata bat eramango duena... bigarren mailako langile nahi gaituzte.

Erabiltzaileei, hau da, gure adinekoei, duintasun gabeko zaintza bat, total, laister hilko dira eta produzitu behar zutena jada produzitu dute...

Eta jendarteari? Kalitate gabeko zerbitzu publikoak, eta hori bai, diru zorroa beteta edukiko duten enpresariak, total, politikarien lagunak diren enpresariak dira boterea daukatenak...

Hau da sistema kapitalista patriarkal honek egin dezakeen eskaintza bakarra. Baina gurekin jai daukate! Gu sistema hau iraultzeko jaioak gara. Iraultza feminista egitera etorri gara. Bizitza erdigunean jartzeko borrokatzeko etorri gara.

Argi eduki dezatela gurekin ezingo dutela. Gu gara gure bizitzaren protagonistak, gure borroken protagonistak. Eta irabazi arte egongo gara jo ta ke. Gora erresidentzietako langileak! Gora emakume langileak! Gora emakumeon borroka! Gora borroka feminista!