Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Doakotasunaren laudorioa

Doakotasunaren laudorioa

2018/11/20
Oinarrizko errenta unibertsalaren proiektuak zeharo liluratzen ditu pertsona batzuk, ekitate eta eskuzabaltasun sentipenek mugituta. Baina beren asmoak oinarri sendoak al ditu, kontutan izanik proiektu horren abiapuntua dela “lanaren krisia”, zeinaren arabera biztanle gero eta gutxiagok aurkituko duen lana? Produktitibatearen hazkundeari erreparatuz gero, eta hau II. Mundu Gerratik hona oso urria dela ikusirik, kontrako ondorioa atera liteke, alegia, humanitateak ez duela lana amaiarazi. Ez ote litzateke hobea gogoeta beste krisi bati buruz egitea, merkantilizazioari buruz?

Paul AriesPaul Ariès, Doakotasunaren Nazioarteko Behatokiaren zuzendaria (artikulu hau 2018ko azaroko Le Monde diplomatique-n argitaratu da)

Kapitalismoaren xedea da mundua salgai bihurtzea, eta ezin dio prozesu horri eutsi humanitatea hondamendira eramateko puntuan jarri gabe, finantza, jendarte, politika eta ekologiaren ikuspuntutik. Egoera honen kontzientzia hartzeak bestelako oinarrizko errenta bat lehenestera garamatza, desmonetarizatua bera; hau da, doakotasuna da giltzarria, eta hau hedatzea defenditu beharko litzateke, egundo ez baita erabat desagertu. Oinarrizko errenta edo doakotasuna; dilema, laburbilduz, honakoa da: zerk merezi du gehiago, herritarrei dirua ematea ala doako zerbitzuak eskaintzea?

Zerk merezi du gehiago, herritarrei dirua ematea ala doako zerbitzuak eskaintzea?

Galdera erantzuteko hiru faktore har ditzakegu aintzat. 2017an Londresko University Collegek konparatu egin zuen Erresuma Batuan zenbat kostako litzatekeen oinarrizko errenta unibertsala eta oinarrizko zerbitzu unibertsalak ezartzea (etxebizitza, elikadura, osasuna, hezkuntza, garraio zerbitzuak, zerbitzu informatikoak, etab.). Bigarrenak 42.000 milioi liberako kostua izango luke (48.000 milioi euro inguru), eta oinarrizko errentak 250.000 milioikoa (284.000 bat milioi euro). Batetik, BPGaren %2,2 adina; bestetik, %13. Antzeko emaitzak lortuko lirateke Frantzian. Honek lehen ondoriora garamatza: a priori doakotasuna “errealistagoa” da oinarrizko errenta unibertsala baino.

Larrialdi sozialari eta ekologikoari erantzutearekin batera, doakotasunak aukera ematen du gizateriaren eta planetaren arrisku nagusiak, Apokalipsiko lau zaldunak, menperatzeko: merkantilizazioa, monetarizazioa, utilitarismoa eta ekonomismoa

Kostuaz gainera, oinarrizko errenta unibertsalak eragozpen bat dauka: mantendu eta areago hedatu egiten dela bizitzako arlo guztiak diru kopuru batekin parekatzea. Saria emateak, gurasoei beren seme-alabak hezteko; estudianteei, irakur dezaten, edota nekazariei, ingurumenari egiten dioten zerbitzuagatik, ez ote du finean merkantilizazioaren logika indartzen? Honelako gogoeta baten ondorioz baztertu zuen André Gorz intelektualak asignazio unibertsalaren ideia (zeina inoiz uste izan zuen zela “tresnarik hoberena ahal den neurrian birbanatzeko hala lan ordaindua nola jarduera ez ordainduak”), doakotasuna lehenetsiz.

Oinarrizko errenta unibertsalaren inguruko proiekturik onenak ere erdibidean gelditzen dira: batetik, ez dago bermerik finkatutako kopuruak baliatuko direnik balio ekologiko, sozial eta demokratikoa duten produktuak eskuratzeko; bestetik, sistema honek jendartea mantentzen du beharrizanen banakako definizioaren logikan, hots, kontsumo-jendartearen logikan.

Larrialdi sozialari eta ekologikoari erantzutearekin batera, doakotasunak aukera ematen du gizateriaren eta planetaren arrisku nagusiak, Apokalipsiko lau zaldunak, menperatzeko: merkantilizazioa, monetarizazioa, utilitarismoa eta ekonomismoa. Beharrizanen eta eskasiaren logikarantz bultzatzen gaitu .

Defenditu beharreko doakotasuna eraikuntza bat da. Hasteko, ekonomikoa: eskola publikoa doakoa bada, izango da zerga bidez finantzatzen delako. Doakotasunak prezioaren loturatik askatzen du, ez kostuarenetik. Bigarrenik, kulturala: kontua ez da ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko askatasun basatia agintzea, baizik hau arauen bidez bermatzea.

Lehen araua: doakotasuna ez da mugatzen bizirauteko behar diren ondasun eta zerbitzuetara, esaterako ura edo oinarrizko elikadura. Aitzitik, bizitzaren eremu guztietara hedatzen da: parke eta lorategi publikoak izateko eskubidea, haur-parkeak, hiriak edertzea, oinarrizko energia, osasuna, etxebizitza, kultura, parte hartze politikoa... Erronka da doakotasun irlak biderkatzea, bihar artxipelagoak eta etzi kontinenteak osatuko dituztelako itxaropenez.

Bigarren araua: dena doakoa izan badaiteke, prezioetan igoerak gertatuko dira. Paradoxa al da? Inola ere ez: doakotasuna neurritasunarekin lotuta dago. Adibidez, ura doakoa izatea ez da soilik kezka sozial baten ondorio, baizik emergentzia ekologikoak derrigortua, esaterako, galerak (herenetik gorakoak) murrizteko banaketa sare txikiagoak egitera behartuz, edota ura soilik behin erabiltzea dakarren sistema merkantilistaren printzipioa zalantzan jarriz. Etxeetan erabilitako ur grisen berrerabilpena Frantzian oraindik ere galarazita dago osasun arrazoiak medio. Haatik, garatzen ari da beste herrialde batzutan (AEB, Japonia, Australia), non jendea ez den Frantzian baino sarriago gaixotzen. Baina nola liteke berdin ordaintzea kontsumorako ura eta igerileku bat betetzeko erabiltzen dena? Ez dago definizio zientifikorik, are gutxiago moralistarik, “ondasun publiko”en erabilera egokia edo okerra zein izango litzatekeen erabakitzeko. Horrenbestez, herritarren esku izango da -hots, prozesu politikoen baitan- definitzea zer izan behar den doakoa, zer garestitu behar den, edo areago, zer debekatu. Garreth Hardinen fabulak kontatzen duen “komunen tragedia”tik oso urrun, doakotasunak arduratsu izatera bultzatzen du ingurumena ustiatzerakoan.

Hirugarren araua: doakotasuneranzko urratsak eskatuko du produktuak eta zerbitzuak eraldatzea. Esaterako, eskoletako jantokietan tokiko elikadura ezartzeko aukera eman beharko luke, sasoiko produktuekin, ur kontsumo txikiagoarekin eta haragi gutxiago zerbitzatuz; eskolan bertan prestatuko litzateke. Mediatekek irakurtzaile berriak erakarriko lituzkete, baina ohitura berriekin, karnet bakoitzeko mailegu askoz gutxiagorekin, kontsumoaren logika baztertuko bailitzateke, non edonork bere dirua baliatu eta ahalik gehien mailegatzen duen. Doako ehorztetxeak, legez baimenduak, abagune ona izango lirateke zeremonia errepublikarra sortzeko, edota humusazio zein ehorzte ekologikoa legeztatzeko; inondik ere, familiei laguntza sozial eta psikologiko emateko politikak ere ezar daitezke.

Hiriak, garraio publikoen doakotasuna testatzeko laborategiak, agerian uzten dute oker geundekeela neurri bakarra txartelak desagerraraztea balitz: areago, zerbitzua bera ere eraldatu egin behar da, teknologia eta azpiegitura alternatiboak ezarri. Halakoak ez dira soilik hiri txiki eta ertainetan gertatu; baita zenbait urbetan ere, esaterako Tallin Estoniako hiriburuan edota, ordu jakin batzutan, Txinako Chengdu hirian (14 milioi biztanle). Île-de-Francen Valérie Pécresse eskualdeko lehendakariak eskatutako txostenaren arabera doakotasunaren arazoa ez litzateke izango finantza arazoa, baizik sarearen saturazio arriskua. Honek erakusten du merkatu-sistemak ez duela hiriaren eskubidea asetzen, eta ez diola erantzunik ematen krisi ekologikoari. Horregatik, txosten horrek berak irtenbide gisa ustezko eta ezinezko kotxe “garbia” hautatzen du. Doakotasuna eta kalitatea kontrajartzen dituen ideia tematia gorabehera, doakotasunak ez du inongo eremutan zerbitzuaren kalitatea hondatzen. Esperientziak hau erakutsi du: Ez du ez egiteko edo hondamen handiagorik ekartzen, kontrara baizik.

Alabaina, batzuren ustez merkantilizazioa litzateke baliabide naturalak babesteko bide bakarra: petrolioa urritu ahala, esaterako, are garestiagoa izango da, eta horrek bere erabilpena mugatuko du. Beraz, doakotasuna energia xahutzeko operazio antolatu gisa aurkezten dute. Baina hori ez da inondik ere egia. Goazen energiaren kasura: kontua ez da energia guztia doakoa izatea, ezta gure produkzio gaitasunaren mugetara iristea ere. Gaur edonork daki gizateriaren biziraupenak eskatzen duela petrolio izakinen zati handi bat lurpean uztea, hauek baliatuz gero klimaren beroketa areagotu egingo bailitzateke. Xedea energiaren doakotasuna bada, trantsizio arin eta leuna egin behar da bizimodu energiborotik neurrizko ohituretara. Politika hau ezin hobeto egokitzen zaio negawatt eskenatokiari, zeinaren oinarria den jatorrian energia beharrizanak mugatzea, erabilera desberdinetatik abiatuta.

2018ko urriaren 1ean “Doako zibilizaziorantz” izeneko deialdia plazaratu zen, Frantzian argitaratutako Gratuité versus capitalisme liburu-manifestuaren inguruan, eta pertsona ospetsu zein erakunde politiko ezkertiar eta ekologista ugariren babesa jaso zuen. Bi doakotasun kontzeptu kontrajartzen ditu: sistemaren lagungarri dena (tarifa sozialena, “erori direnei” zuzenduak, betiere errukiz eta estatuaren jarraipenaz lagundua) eta emantzipazio-doakotasuna (eskola publikoarena, gizarte-segurantzaren printzipioarena, Erresistentziaren Kontseilu Nazionalaren programa jaso zen moduan). Eta erruan oinarritutako ekologia oro baztertzea proposatzen du.

Emantzipatzailea den aldetik, doakotasunak “areago gozatzea” goraipatzen du. Kontsumo-jendarteari hainbat motibogatik har diezaiokegu kargu; halere, finean beti lortzen du erakartzea, gehiago kontsumi dezagun. “Edukitzearen gozamena” utzi eta bestea hauta dezagun, “izatearen gozamena”.