Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Demokrazia sindikaturik gabe? DHL-Mercedeseko langileek EZETZ esan diote eskala bikoitzari

Demokrazia sindikaturik gabe? DHL-Mercedeseko langileek EZETZ esan diote eskala bikoitzari

2018/10/23
Eskuetan daukazun Jon Las Herasek egindako lanak, DHL-Mercedeseko hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren nondik norakoak aztertzen ditu. Baina ez da negoziazio baten kronika soil bat. Gorrotoaren kronika bat ere bada. Kapitalismoak, bere indarra mugatzen duen edozer gorrotatzen du: demokrazia, sindikalismoa eta kontra boterea.

D41 DHL-MercedesIrakurri dokumentu osoa

Hitzaurrea

Unai Martínez, ELAko Industria eta Eraikuntza federazioko idazkari nagusia

Jon Las Herasek, sakon aztertuko du "enpresa eredu berriaren" atzean zer dagoen eta agerian utziko du nola enpresek "demokrazia" edo "askatasun" terminoak bere esanahiaz hustu egiten dituen.

Hitzaurre honetan hitz batzuk eskeini nahi dizkiet, enpresetan langileen antolakuntzan dihardutenei. Ezkerrak historian eta munduan zehar ikur eta lider asko izan ditu. Erreferenteak behar ditugu. Baina askotan, langileen eta herrien askapenaz asko hitz egiten da, langile eta herri horiek beraien egunerokotasunean egiten dutenari erreparatu gabe.

Egunkari, publikazio edo telebista kateetan, prekarietatea aipatzen da, edo lan gatazka bat, baina ez da enpresetako langileen lana izaten inoiz hizpide. Beraiek dira, ezkerraren eta kontra boterearen ideiak praktikara eramaten dituztenak. Kapitalismoaren aurrean dagoen lehen barrikada. Gainera oso baldintza desorekatuetan, bere eta gainontzeko lankideen soldatak ordaintzen dietenen aurka antolatu behar direlako. Legedia ere, enpresetako zuzendaritzen neurrira egina dago.

Irakurtzearen zaletasuna gaztetatik izan dut. Ideologia kritikoan eta antikapitalistan sakontzeko eta mundu ezberdin bat eraikitzeko, erabateko garrantzia du pertsona desberdinen idatziaz eta pentsamenduez elikatzea. Baina aitortzen dut, ELAko delegatuen eguneroko esperientziek eman dizkidatela ikasgai garrantzitsuenak.

Dokumentu honek hilabete luzeetan gertaturikoak azaltzen ditu, modu mamitsu, baina labur batean. Enpresak baliabide ekonomiko guztiak erabili zituen, bere helburuak lortzeko. Pentsa ezazu, ELAko delegatu eta afiliatuek, egunero 8 ordu pasa zituztela enpresako zuzendaritzaren erasopean. Lanean, produkzio katean, presipoean. Lankideen zalantzak argitzen, eta beldurrak uxatzen. Indibidualismori, pentsamendu kolektiboarekin erantzuten.

DHLko negoziazioa bukatu eta hurrengo egunean, Gasteizko letretako fakultatean industriako delegatuen asanblada bat izan genuen negoziazio kolektiboaren ildora. Mar, DHLko delegatuari eskatu genion oholtzara igotzea negoziazioaren nondik-norakoak azaltzeko. Kostatu zitzaigun, lotsatuta zegoela zioen. Azaldutakoaren bueltan, han geundenak, haserretzeko, pozteko eta parre egiteko aukera ere izan genuen. Txalo zaparrada batekin agurtu genuen Mar, multinazional ahaltsuari irabazi zion atal sindikalaren ordezkariari.

Etorkizuna ez dago idatzita. Kapitalismoari aurre egingo dion alternatiba eraiki behar dugu. Ezkerrak, Mar bezalako erreferenteak behar ditu. Hori ahazten badu, eta konpetitibitate eta "enpresa eredu berriaren" ideología bereganatzen badu, langile klaseak  bizkarra emango dio. Estatu Batuak, Brasil, Italia, Frantzia...