David Harvey eta Kapitalaren kontraesanak

2014/07/15
harvey.jpg
Seventeen Contradictions and the End of Capitalism da lan honen izenburua, Hamazazpi Kontraesan eta Kapitalismoaren amaiera, alegia. Liburua, Pikettyren azken lanaren ingelesezko bertsioa argitaratu eta gutxira aurkeztu du David Harveyk. Liburuan zehar, ezkerreko prentsamendu kritiko baten gabezia nabarmentzen du. Nancy Fraserrek ere, Gizarte Kapitalistak gaur egun bizi duen krisialdiaren aurrean, teorizazio kritikoa falta dela sumatzen du. Kritikak kritika, ez al dira orduan Piketty eta Harveyren analisi eta proposamenak, hutsune hori betetzera datozen baliozko ekarpenak?

Aiala Elorrieta Agirre, Manu Robles Arangiz Institutua.

Aiala Elorrieta

 

 

Krisiak funtsezkoak dira kapitalismoa birsortzeko/erreproduzitzeko. Krisiak pasatu ahala, kapitalismoaren ezegonkortasunei egiten zaie aurre, eta ezegonkortasun hauek berritxuratu eta  birdiseinatu egiten dira kapitalismoa zertan datzan azaltzen duen bertsio berri bat osatzeko [...]Baina benetan harrigarria, ez da horrenbeste krisiek eragiten duten paisaia fisikoaren eraldaketa, baizik eta, bestelako aldaketa dramatikoak: pentsatu eta ulertzeko erak, instituzio eta ideologia menperatzaileak, leialtasun eta prozesu politikoak, subjektibotasun politikoak, teknologia eta antolaketa formak, harreman sozialak, edota egunerokotasuna itxuratzen duten gustu eta ohitura kulturalak. Krisiek munduaren eta munduan dugun lekuaren ikuskera errotik astintzen dute. Eta guk, Gogoz kontra behartuta, sortzen ari den mundu horretan biztanle eta parte-hartzaile nekaezin garenok, egoera berrira moldatu beharra dugu...Krisiak ez dira gertaera bitxiak. [...] Krisiaren abiarazle batzuk begi-bistakoak dira, baina eragiten dituzten mugimendu tektonikoak ulertzeko urte asko behar dira.” (David Harvey, 2014)



Pasarte hau, David Harveyren (Britainia Handia, 1935) azken liburuaren hitzaurrearen zati laburra duzue.  Seventeen Contradictions and the End of Capitalism da lan honen izenburua, Hamazazpi Kontraesan eta Kapitalismoaren amaiera, alegia. Liburua, Pikettyren azken lanaren ingelesezko bertsioa argitaratu eta gutxira aurkeztu du Harveyk.

Pikettyen liburua ekarpen garrantzitsua izan dela onartzen du Harveyk, baina ere berean, zenbait punturekiko jarrera kritikoa erakusten du.  Bere ustez, Pikettyk estatistikoki demostratu egiten du historian zehar kapitalak geroz eta desberdintasun maila handiagok sortzen dituela, baina ostera, ez digu ezer esaten kapitalismoaren baitako krisiei buruz.2008ko krisia zergatik sortu zen ez digu esaten. Ez digu azaltzen, zergatik behar den hainbeste denbora  langabeziak eta etxegabetzeek eragiten dute zama bikoitzaren azpitik irteteko”.

Harveyren aurreko lanean  (The Enigma of Capital), kapitalak krisirako bere joerak konpondu ordez, desplazatu baino egiten ez dituela proposatu zigun.  Marxek esan bezala, krisiak kapitalaren baitako kontraesanen adierazpena baldin badira, orduan, kontraesan horien inguruko ikasketa sakon bat oso baliagarria litzateke: kapitalaren krisialdirako joerak zergatik eta nola desplazatzen diren ulertzen lagunduko liguke. Harveyk berriki emandako elkarrizketa batean adierazi duen legez, horixe da bere azken liburuaren xede nagusia.

Krisialdien muinera iristeko saiakera dugu beraz lan hau. Harveyren ustetan, Marxen errentagarritasunaren legeak (irabazien tasak duen beheranzko joerak) ez digu balio krisien funtzionamendua ulertzeko. Hau da,  1980ko hamarkadan abian jarritako politika neoliberalak, ez dira “arau matematiko batek agindutako ezer”, “politika hutsaren” emaitza baino ez.

Krisiaren abiarazle batzuk begi-bistakoak dira, baina eragiten dituzten mugimendu tektonikoak ulertzeko urte asko behar dira.”  Arazoa, errentagarritasunean baino,  kredituan dagoela uste du. Izan ere, “zorraren finantzarizazio globala izan da 2008ko irailaren 15an Lehman Brothers inbertsio bankuaren  erorialdia eragin zuena”.

“Kapitala eta kapitalismoaren arteko bereizketa argia” egiten du egileak liburuaren hasieran, izan ere, “liburua kapitalean zentratzen da, eta ez kapitalismoan”. Hau da, kapitalismoa gidatzen duen motorra du aztergai, eta honen funtzionamendua aztertzearekin batera,  makina hau zerekin eta nola ordezkatu beharko litzatekeen iradokitzen du.

Lanari izenburua ematen dioten hamazazpi kontraesan hauek, kapitalaren barneko tentsio intrintsekoak dira. Hauen artean, gure garaiko kontraesanik arriskutsuenak elkarren eskutik doazela uste du: etengabe eta era esponentzialean hazteko dugun beharra eta geroz eta ingurugiroan geroz eta larriagoak diren tentsioak.

Ohikoa den bezala, Harveyren liburua goraipatzen duten autoreekin batera, lanaren nolabaiteko kritika plazaratzen duten ahotsak ere entzuten dira. Horien artean bat ekartzearren, Chris Knight antropologo britainiarrak iradokitako bat aipa genezake. Dagoeneko aipatu bezala, Harveyk aurkezten dizkigun kontraesanak kapitalaren baitakoak badira, kapitalaren kanpo-kontraesanak analisitik kanpo geratzen dira. Knight hamaseigarren kontraesanean pausatzen da Harveyren lanaren ahultasunetako bat nabarmentzeko. Kapitala eta Naturaren arteko harremanari egiten dio erreferentzia kontraesan honek. Atal honek oinarri zientifiko sendoak ditu eta klima aldaketaren gainean etorkizun hurbileko ikuspegia aurkezten da. Baina Harveyk kapitalaren barne-kontraesan gisa azaltzen duen hau, kapitalaren kanpo-kontraesana ez ote den galdegiten du Knighek. Hau da, kapitalak eta ingurugiroak duten harremana onartu arren,  erlazio hau kapitalaren baitakoa izate hori jartzen du kolokan.  Klima-aldateka barne aldagaia dela kontsideratzen badugu, zergatik uzten ditu Harveyk genero eta jatorri-harremanak analisik kanpo?

Harveyk kritika honi erantzunteko genero eta jatorri harremanak kanpoan utzi izana argudiatzen du "kapitalismoan omnipresenteak diren arren, kapitalaren berezkoak ez direla" arrazoituz. Knight bat dator iritzi horrekin, baina bere ustez,  naturaren narriadura ere ez da kapitalaren baitakoa...

Harveyk, liburuan zehar, ezkerreko prentsamendu kritiko baten gabezia nabarmentzen du. Nancy Fraserrek ere, Gizarte Kapitalistak gaur egun bizi duen krisialdiaren aurrean, teorizazio kritikoa falta dela sumatzen du. Kritikak kritika, ez al dira orduan  Piketty eta Harveyren analisi eta proposamenak, hutsune hori betetzera baliozko ekarpenak?

 

Ikus, beheko taulan liburuaren aurkibidetik abiatuta, hamazazpi kontraesanen izenburuak.



  1. Erabilera Balioa eta Truke Balioa

  2. Lanaren balio soziala eta Moneta bidezko bere Adierazpidea

  3. Jabetza pribatua eta Estatu Kapitalista

  4. Eskuratze pribatua eta Aberastasun Komuna

  5. Kapitala eta Lana

  6. Kapitala, prozesua ala gauza?

  7. Ekoizpena eta Errealizazioren Batasun Kontraesankorra

  8. Teknologia, Lan eta Giza baztergarritasuna

  9. Lanaren banaketa

  10. Monopolioa eta Lehiakortasuna: Zentralizazioa eta Deszentralizazioa

  11. Bilakaera Geografiko Desorekatuak eta Espazioaren Ekoizpena

  12. Aberastasun eta Errenta desberdintasunak

  13. Erreprodukzioa Soziala

  14. Askatasuna eta Dominazioa

  15. Hazkunde Etengaberako Obligazioa

  16. Kapitala eta Naturaren arteko Harremana.

  17. Giza Naturaren Errebolta: Alienazio Unibertsala