Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Darpon sailburua Karidadeko Bentan

Darpon sailburua Karidadeko Bentan

2015/01/09
Sailburu baten lana ez da karitatea bultzatzea, justizia soziala burutzea baizik. Sailburuak benetan uste badu minbiziaren alorreko ikerketak lehentasuna izan behar duela badaki zer egin behar duen, bide horretan erabakiak hartu... Hobe luke karitatea Angelina Jolie, Bill Gates edo Amancio Ortegari uztea eta berak erabaki politikoak hartzea. Telemaratoiko irudi horrek Dickens-en nobeletako irudia ekarri zidan burura, miseria zabaltzen ari den bitartean karitatea injustizia ezkutatzeko erabiltzen deneko irudia.

Pello Igeregi, ELAko Osasun arloko arduraduna

Abenduak 18an EITBk urteroko Telemaratoia burutu zuen, aurtengoan minbiziaren ikerketaren alde bildu nahi zuten dirua. Egun guztian zehar jende famatu ugari pasatu zen handik eta jende askok dirua eman zuen kausa horren alde, guztira ia 500.000 euro bildu omen ziren. Aipatutako famatu horien guztien artean ETBk gure Osasun Sailburua elkarrizketatu zuen, espero dut elkarrizketa honegatik Eusko Jaurlaritzak ez zuela ordaindu beharko, jakinik Osasun Sailak Sailburuaren lana goraipatzeko horrelako sasi-erreportaiengatik ordainketa irregularrak egin izan dituela ez ninduke gehiegi harrituko.

Edonola, deigarria iruditu zitzaidan Eusko Jaurlaritzan osasun arloko ikerketaz ardura duen pertsonak diru-bilketa horretan parte-hartzea. Denbora apur bat izan dudanean begiratu dut Osasun Sailak zenbat diru erabiltzen duen ikerketarako, guztira 7 milioi eta erdi euro bideratzen ditu ikerketara. Zenbatekoa ikusirik harridura haserre bihurtu zitzaidan.

Gure sindikatuak, ELAk, sarri aipatu du azkenaldian osasun arloan Eusko Jaurlaritzak burutzen duen gastuak herrialde aberatsenen azkeneko postuetan kokatzen gaituela. Zehazki, ELGEko (OCDE) herrialdeek Barne Produktu Gordinaren (BPG) %6,7 bideratzen zuten bataz-beste osasun-arlora, 2012ko datuak harturik, konparaketarako dauzkagun azkenak. 2012an Eusko Jaurlaritzak BPGaren %5 bideratzen zuen osasun arlora eta 2015eko aurrekontuetan %4,9 bideratzea erabaki dute (EAJ eta PSE-Eeren aldeko botoekin). Diferentzia honek urtero 1.250 milioi euroko defizita eragiten du. Magnitude horiekin 7,5 milioi euroko gastua erabat irrigarria da.

Edozein kasutan, Sailburu baten lana ez da karitatea bultzatzea, justizia soziala burutzea baizik. Sailburuak benetan uste badu minbiziaren alorreko ikerketak lehentasuna izan behar duela badaki zer egin behar duen, bide horretan erabakiak hartu.

Praktikan ze erabaki hartu du Sailburuak? Bere ardurapean dauden ikerlari urriak, 150 inguru, esklabotza egoeran izatea. Langile horiek Osakidetzak edo Osasun sailak zuzenean kontratatuak izan beharrean Fundazio baten bitartez kontratatzen dituzte, Fundazio horren aurrekontua Europak emandako dirulaguntzen arabera handitu eta txikitzen da, langileek ez dute inolako egonkortasunik, doktoretza egina duten pertsonak izan arren kasu gehienetan apenas daukate 1000 euroko soldata, ez daukate lan-hitzarmenik… Hainbat langilek ez-legezko lagapen kasuengatik salaketak ezarri dituzte. Epaileek arrazoia emango baliete delitu horren erantzule zuzena Osasun Sailburua litzateke.
Horiek dira Darpon Sailburuak minbiziaren ikerketarako ezarri dituen baliabideak. Hobe luke karitatea Angelina Jolie, Bill Gates edo Amancio Ortegari uztea eta berak erabaki politikoak hartzea.

Gure Idazkari Nagusiak azkenaldian behin baino gehiagotan errepikatu du Britania Handiko Lehen Ministroak esandakoa, hauteskundeen ondoren bere nahia gastu publikoa 1938ko egoerara bueltatzea litzatekeela, hemen norabide bera daramagu. Telemaratoiko irudi horrek Dickens-en nobeletako irudia ekarri zidan burura, miseria zabaltzen ari den bitartean karitatea injustizia ezkutatzeko erabiltzen deneko irudia. Justizia eragiteko gaitasunik ez daukaten pertsonek bere kontzientzia zuritzeko dirua biltzen dute. XIX. mendeko gizartera garamatzaten honetan, borrokaren bitartez irabazi ditugun elkartasun tresna guztiak desegiten ari dira, hauek kentzean boteretsuen aurka ekiteko eta behartsuen amorrua leuntzeko karitatea erabiltzen da. Ez da karitate garaia, justizia garaia da.