Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Greba orokorrari balioa eman

Greba orokorrari balioa eman

2012/11/28
Tertulianoek, egunkarietako editorialek, telebista programek lan asko hartzen dute sindikalismoa eta bere instrumentuak kritikatzen. Ezbaian jartzen dituzte egiten ditugun ekintza sindikal, sozial, politikoak eta greba orokorraren baliagarritasunaz beraz galdezka hasi dira. Nolako arinkeriaz jokatzen duten!

 

Adolfo Muñoz "Txiki", ELAko Idazkari Orokorra

Adolfo Muñoz "Txiki"

Greba Orokorra guztiok deitzen badugu, grebak ez direla beharrezko diote (ez dela ezer lortzen); bereizita deitzen baditugu berriz, sindikalismoari zilegitasuna kentzeko, batasun sindikalarena erabiltzen dute modu demagogikoan. Sistemaren medioei bost axola zaie batasun sindikala. Sindikalismoari egurra eman behar zaio eta berdin egiten dute medio publikoek zein pribatuek. Publikoak, zoritxarrez, momentuko gobernuaren propaganda aparatuak dira, eta gobernuari ez zaio interesatzen gizartearen kultura politikoa garatzea. Horregatik, zorroztasun informatiboaren gabezia nabarmena da, eta posizio politiko, sozial eta sindikal desberdinen atzean dagoena ezkutatzen saiatzen dira, gizarte demokratikoetan gertatu behar ez lukeen moduan.

Gobernatzera deituek "kontsentsu" hori sindikalismora zabaldu nahi dute, sindikatua gizarte konkordiarako instrumentu bilakatzeko asmoz

Egun, krisi garaiotan, entzuten dugun proposamen politikoa "kontsentsua" da. Kontsentsu politikoa, soziala, sindikala... eta ahal bada, guztiok batera joan sistema lagundu eta kapitalismora ezinbestean egokitu gaitezen. Kontsentsu parametro horietan daude, hala iruditu ez arren, politikako gehienak. Izugarri sentitzen dugu! Beraien arteko ezberdintasunak erretorika hutsa dira hauteskunde kanpainetan. Hala, gobernatzera deituek "kontsentsu" hori sindikalismora zabaldu nahi dute, sindikatua gizarte konkordiarako instrumentu bilakatzeko asmoz. Haatik, sindikatuen artean eredu desberdintasunak sakonak dira, bai enpresa mailako ekintza sindikaletan (negoziazio kolektiboa) bai gizarte ereduan (elkarrizketa sozialaren antzezpenaren balioa), eta baita politikarekin eta mundu ekonomikoarekin erlazionatzeko moduan ere (autonomia edo subordinazioa).

UGTko buruzagi batek irailaren 26ko greba orokorraren aurka hitz egin zuen "ez da grebarik egin behar, beste garai bateko kontua da" esanez. Egun batzutara argazkiak atera zituen Lopez Lehendakariarekin, espekulatzaileei zerbitzatzeko eta arlo soziala birrintzeko konstituzioa aldatu zuen alderdi bateko kidea.

Greba orokorra deitzea oso kontu garrantzitsua da sindikatu baten bizitzan, eta berau aurrera ateratzea zaila da. ELAk, greba orokorra deitzea erabakitzen duenean, eztabaida serio baten ondoren egiten du. Emaitza ona lortzeko gure ustez hiru faktore eman behar dira. Lehena, greba justifikatuko duen arrazoiren bat egotea (egun, sobera daude); bigarrena, erakunde deitzaileen benetazko oinarria; eta hirugarrena, greba aurrera ateratzeko enpresa eta gizartean egiten den lan militantea. Bai, greba bat aurrera ateratzeko lan handia egin behar da. Ez da nahikoa konbokatzearekin, hori erraza da; jendearengana iritsi behar da, jendea informatu behar da, asanbladak egin behar dira, jendearekin egon behar da... Grebak ez dituzte komunikabideek ateratzen. Lan oso gogorra da. Baina ongi egiten bada, kontzientziazio indibidual zein kolektiboa sortzen du. Hori guztia ez bada ematen, ez dago greba orokorrik.

Greba bat aurrera ateratzeko lan handia egin behar da; jendearengana iritsi behar da, jendea informatu behar da, asanbladak egin behar dira, jendearekin egon behar da

Bada ere laugarren arrazoi bat, iritzi publikatua manipulatzen dutenak ahanzten dutena, ez kasualitatez. Helburuekin zerikusia du. Greba, politika aldatzeko egiten da; fase honetan, politikak botere ekonomikoaren txotxongilo papera betezeari utz diezaion. Eta laugarren arrazoi honen aurrean, beharrezkoa da aztertzea interpelatuak diren alderdi eta instituzioen jarrera. Eskuina, bere egoera puruan azaltzen da; badakite zeinen esanetara dauden eta eskatzen dietena egiten dute. Instituzio agintea duen ezkerra, bestalde, boluntarioki harrapatua dago eta joko bikoitza darama: alde batetik, eskaera neoliberalei men egiten diote, ez da inor gidoitik ateratzen, ez dago platera apurtzen ausartzen denik; eta bestetik, greba eguneko manifestazioetan parte hartzen dute ezartzen dituzten politikekin bat ez datozenaren itxura emateko. ELAk argi esaten du: ezin da agenda neoliberala aldatu alderdi guztiek instituzio guztietan berbera egiten badute. Deigarria da laugarren arrazoi honetan inork ez sakontzea, daukagun arazo nagusia denean: kapitalaren aginduei men egitea eta honek ezartzen dituen tarte estuak onartzea.

Bai, alderdien arteko desberdintasunak lausotu egiten dira; zailtasunik gabe bat egiten dute aurrekontuak, fiskalitatea... onartzeko. Edozer "gobernugarritasunean" dabiltzala erakusteko. PNVko buruzagi batek ederki azaldu du: "ziurtasuna eta erosotasuna nahi dugu Aurrekontuak onartzeko garaian." Erosotasuna nahi dute murrizketak ezartzeko. ELAk ez du inoiz esan alderdi guztiak berdinak direnik; esan duguna da, eta hala mantentzen dugu -ez frustaziorik gabe- alderdiek gobernatzen dutenean, beraien arteko desberdintasunak ia atzeman ezinak direla. Emaitza: politika alternatiboak desagertu egiten dira eta burujabetzaren aldeko borroka hankamotz gelditzen da, arlo soziala ahaztuta.

ELAk ez du inoiz esan alderdi guztiak berdinak direnik; esan duguna da, alderdiek gobernatzen dutenean, beraien arteko desberdintasunak ia atzeman ezinak direla

Batzuk -bere burua ezkerrekotzat dutenak- UGTko buruzagiaren antzeko iritzira heldu dira: "Mobilizazio errepertorioa berritu behar da... greba orokorra prebisiblea da eta ez da beste ekimen batzuen zerbitzura jartzen..." Zer ekimeni buruz ari dira? Zer errepertoriotaz hitz egiten dute? Zer esan nahi dute hitz horiekin politika arrastaka dabilenean erradilkaltasun demokratiko eta sozial orori muzin eginez? Politika ez da esnatzen (ezkerra ez da esnatzen); kaleko eskaerekin bat egiteko gaitasunik ez du. Hori da arazo nagusia. Kapitalak badaki eta guk ere bai. Ezin da politika eraberritu politikak aldatu gabe, bai prozedura zein edukietan.

ELAk bere esku dagoen guztia egingo du aliantza sozial alternatiboa indartzeko. Hala egingo dugu inongo subordinazio mailarik onartu gabe. Hau esanda, ezinbestekoa da mobiliazioaren eta greba orokorraren balioa aldarrikatzea. Greba orokorrak ez dira beste garai bateko kontuak. Ez dago ezer greba orokorra bezalakorik pertsonen parte hartzea bultzatu, alternatibak gizarteratu eta politika interpelatzeko.