Hemen zaude: Hasiera Artikuluak COP21 Parisen: ezer ez da berdin

COP21 Parisen: ezer ez da berdin

2015/11/30
Urtero bezala, abenduarekin batera, iritsi da Klima Aldaketaren inguruko Nazio Batuen Goibilera (COP21). Aurten Parisek hartuko du lekukoa. Aurreko urteetan esan dugun berdina esan behar dugu oraingoan ere. Batetik, dagoeneko berandu ari garela, klima aldaketa sufritzen ari baikara dagoeneko. Eta bestetik, COP21ean parte hartuko duten gobernuek aurreraturiko informazioaren arabera, ez dituztela beharrezkoak diren neurririk hartuko.

Ainhara Plazaola, ELA ingurumena

Planteatu duten bakarra borondatezko emisio murrizketak dira, eta guztia aurrera eramanda ere, 2100ean planetaren tenperatura 3 gradu igoko litzateke, gutxieneko egonkortasun klimatikoa izateko muga den 2 graduko igoeratik urrun. Bestalde, herrialde txiroenei klima aldaketara egokitzeko funtsak ez du nahikoa diru jasoko, beraz, klima aldaketa gutxien eragiten dutenek gehien sufritzen jarraituko dute. Badirudi ordea, karbono emisio merkatuaren eta konpentsazioen inguruan ez dutela arazorik izango, mekanismo hauek ere berritu behar dira eta gobernu gehienek argi dute beraien jarrera zuritzeko eta industria kutsatzaileari bere horretan jarrai dezan uzteko ezinbestekoak direla, beraz, beraien interesen arabera berritzeko ez da arazorik egongo.

Ez dago denbora gehiago 2020rako emisioen murrizketak egia bihur daitezen. Klima aldaketa guztion arazoa da, eta etorkizuneko gerra eta indarkeriaren iturri izan daitekeena gainera

Eta guzti honen aurrean zer esan? Kopenhageko porrotaren ondoren eta Kiotoko protokoloa bete gabe eta berritu gabe iraungi ondoren, Parisko goibilera da negoziazioen azken geltokia. Ez dago hurrengo urteetarako agendarik zehaztuta. Ez dago denbora gehiago 2020rako emisioen murrizketak egia bihur daitezen. Klima aldaketa guztion arazoa da, eta etorkizuneko gerra eta indarkeriaren iturri izan daitekeena gainera. Parisen neurri konkretuak eta lotesleak hartu behar dituzte gobernu guztiek:

- 2020rako berotegi efektuko gasen murrizketak %25 eta %40 artean egon behar dute, 2100ean planetaren beroketa 2 gradutara iritsi ez dadin. 2050rako emisioen %80a murriztu behar da.

- Energia fosilak dira emisioen iturri nagusia. Beharrezkoak diren emisio murrizketa egiteko petrolio, gas eta ikatz erreserben bi heren lur azpian geratu behar dira. Energia trantsiziorako pausuak ematea ezinbestekoa da, energia berriztagarrietan oinarrituta eta energia nuklearra behin betiko baztertuta.

- Klima aldaketa eragitean herrialde bakoitzak izan duen ardura berezitu eta aitortu behar da, eta honen arabera klima aldaketaren eraginei aurre egiteko baliabiderik ez duten herrialdeei finantzatzeko funtsera ekarpenak egin behar dituzte.

Jendearen beldurraz baliatzen ari dira larrialdi egoera deitu eta oinarrizko eskubide eta askatasunen aurkako agenda errepresiboa ezartzeko, bere garaian Naomi Kleinek shockaren doktrinarekin ongi azaldu zuen bezala

- Klima aldaketari aurre egiteko saltzen dizkiguten soluzio faltsuak albo batera utzi behar dira: karbono emisioen merkatuko mekanismoak, REDD programak, agroerregaiak, frackinga, energia nuklearra, transgenikoak, geoingeniaritza,... Eta naturako baliabideen pribatizazio ahaleginak behin betiko geldiarazi.

- Bizitzaren iraunkortasuna erdigunean izango duen ekonomia eredu berri bat izateko trantsizio ekologiko eta sozialerako pausuak eman behar dira. Baliabideen erabilera eraginkor eta iraunkorra, kontsumo arduratsua eta hondakinen kudeaketa iraunkorrean oinarrituko den eredua da egoera honi buelta emateko alternatiba bakarra.

Parisen puntu hauek ez direla akordio lotesle batean sinatuko jada esan daiteke, negoziatzen ari diren dokumentuak ikusita ezinezkoa izango da.

Hau horrela izanik, Parisen mobilizazio sozial handiak espero ziren, ados ez gaudela eta alternatibak ditugula oihukatzeko. Baina azaroaren 13ko Parisko gertaerek dena aldatu dute. Gobernuek klima aldaketari aurre egiteko hartu beharreko erabakiak bigarren plano batean utzi dituzte. Dagoeneko komunikabideek ia ez dute ezer esaten hurrengo egunek gure etorkizunean izango duten garrantziaz. Bien bitartean, jendearen beldurraz baliatzen ari dira larrialdi egoera deitu eta oinarrizko eskubide eta askatasunen aurkako agenda errepresiboa ezartzeko, bere garaian Naomi Kleinek shockaren doktrinarekin ongi azaldu zuen bezala. Kalean mobilizatzea inoiz baino garrantzitsuagoa den COP21 honetan mobilizazio guztiak debekatu dituzte, azaroaren 29an eta abenduaren 12an Parisen ospatu behar ziren manifestazio jendetsuak barne. Baina traba eta mehatxu hauen denen gainetik, mobilizazioak birplanteatzen ari dira antolatzaileak.

Momentu honetan bereziki garrantzitsua da tokian tokiko azaroaren 28 eta 29ko mobilizazioetan parte hartzea, mundu osoko mobilizazioak izan behar baitira Parisen bilduko diren agintariei presio egingo diotenak. Euskal Herrian ere mobilizazioak eta jarduera ezberdinak izango dira hiriburu guztietan. Behin betiko “Sistema aldatu, ez klima” errealitatea izan dadin.