Christian Dufour: "Sindikalgintzak langile klasearen bila atera behar du"

2017/10/18
dufour unai.jpg
Christian Dufour, CRIMT eta IRESeko ikerlari frantsesak, sindikatu eta alderdi politikoen arteko harremanaz hausnartu zuen urriaren hasieran egin zigun bisitan. Hitzaldi hartan esandakoak jaso ditugu artikulu honetan.

Christian Dufour, IRES eta CRIMT-eko ikerlari frantsesa

christian dufourEuropan, historikoki oso harreman estua egon izan da sindikatu eta alderdi politikoen artean. Baina azken bizpahiru hamarkadatan gutxinaka gutxinaka bi aktore horien arteko lotura ahulduz joan da.

Sindikatu eta alderdiren arteko harreman hau hiru korronte nagusiren inguruan gauzatu izan da: korronte komunista, sozialdemokreta eta kristaudemokrataren bueltan hain zuzen.

Sindikatu eta alderdi politikoen arteko harremanaren hausturak tabu bat dela ematen du.

Harrigarria dirudien arren, ez dago harreman haustura hau ikertu duen lan soziologikorik: ez da honetaz hitz egiten, tabu bat dela ematen du. Baina soziologo gisa, bi aktore hauen artean zer gertatu den jakitea interesatzen zaigu. Ez dugu ahaztu behar, bai sindikatu eta baita alderdi politikoak ere sakoneko mugimendu historikoak izan direla.

Abagunearen ikuspuntutik, mundu politikoaren garapenarekin dago lotuta sindikatu eta alderdi politikoen arteko haustura

Haustura fenomeno hau, bi ikuspuntutatik aztertu daiteke. Alde batetik, abagunearen ikuspuntutik begiratura apurketa hau mundu politikoaren garapenarekin lotuta dagoela esan genezake. Sobietar Batasunaren desegitea honen adibide garbia dugu. 1989 urtetik honantza Europako alderdi komunisten eta sindikatuen artean zeuden harremanak goitik behera eraldatuta gelditu dira.

Era berean, sozialdemokraziaren baitan sindikatu britaniarren eta Blairren politiken artean egondako haustura azpimarratu beharra dago. Sindikatuak alderdi laboristan zuten barne posizioaren preso egon dira eta horrek behartu izan ditu gustuko ez zituzten politikei sostengua ematera. Gaur egun ere zailtasunak dituzte egoerta honetatik irteteko.

80ko hamarkadan Alemaniako kasua ikertzen hasi ginenean, oso ohikoa zen federazio arduraduna aldi berean SPDko (Alderdi Sozialdemokrata) diputatu izatea. DGB sindikatuko presidentea (Alemaniako sindikatuen federazioa) SPD alderdiko diputatu ere izan zitekeen. Oso sakona zen lotura hau haulduz eta desagertuz joan da eta behin alderdia boterera iritsita, sindikatuak konturatu ziren SPDren politikak krisira zeramatzala. Kristaudemokraziaren harira, antzerako joerak ikusi ahal izan ditugu Belgika edota Italiaren kasuan.

Ikuspuntu estruktural batetik aztertuta, haustura honetatik autonomia handiagoa lortu nahi dute sindikatuek

Baina irakurketa koiuntural honetaz gain, fenomenoaren irakurketa estruktural bat ere egin dezakegu. Ikuspuntu estruktural honetatik interesatzen zaiguna zera da: haustura honetatik sindikatuek zer lortu nahi duten ulertzea. Eta sindikatuek, lortu nahi dutena, autonomia handiagoa da. Kasurik argiena, kristaudemokraziaren korronteko sindikatuena izan da. Hauek izan ziren lehenak konturatzen eta esaten “ezin dugu Elizaren harreman hau izaten jarraitu autonomia irabazi nahi baldin badugu”. Autonomia irabazteko prozesu beretsua bizi izan dute baita mugimendu komunistak eta sozialdemokratak. Guzti honek eragina izan du nazioarteko panorama sindikalean, izan ere, mundu mailako sindikatuak hiru korronte hauen inguruan antolatzen diren konfederaziotan antolatzen baitira.

Despolitizazio prozesuak langile klasearen ikuspuntu mugatu bat barneratzera eraman ditue sindikatuak.

Sindikatuak alderdiekin zuten lotura honetatik askatzen direnean, beraien funtzio-egiteko nagusian espezializatu dira: soldata harremanen kudeaketan. Interesgarria da galdegitea, ea despolitizazioak langileengandik gertuago egotera eraman dituen ala ez. Lehen ikuspuntu batetik, esan genezake baietz, autonomia gehiago izanagatik, era zuzenago batean arduratu daitezkeela lan harremanez, soldataz, negoziazio koletiboaz... Baina hala ere, emaitza ezkorrago batera ere iritsi gaitezke: sindikatuak funtzio honetan espezialitzatzen direnean, beraien jomugatik kanpo geratzen da lan-zentroekin zuzenean erlaziorik ez duen guztia.

Hau da, sindikatuek interesa dute negoziazio kolektiko, soldata, lan baldintzatan... Baina langile klaseaz barneratu duten ikuspegiak kanpo uzten ditu enplegatuta ez dauden langile guztiak. Esan genezake, despolitizazio prozesuak langile klasearen ikuspuntu mugatu bat barneratzera eraman dituela sindikatuak: emakumeak, etorkinak, gazteak, prekarioak... kanpoan geratzen dira, eta zerrenda gero eta luzeagoa da.

Sindikalgintza ez du bere burua aktore global moduan ikusten

Hein handi batean, sindikatuek bere burua aktore global moduan ikusten ez dutelako gertatzen da hau. Azken finean, sindikatuek langile-estatusa aintzat hartzen dute, lan kontratua sinatzen den unean bertan. Ostera, langile munduaren historiak kontrakoa erakutsi izan digu: langilea existitzen da lan kontratua sinatu aurretik eta baita kontratua amaitu edo eteten denean ere.

Sindikatuek bere buruari zein paper ematen dioten, hor dago gakoa: langile klasea osotasun-sozial bat bezala perzibitzen duten ala ez. Denbora askoan zehar, lan mundua espezializaziatuta egon da: sindikatuak alde batetik langileriaz arduratzen ziren eta bestetik alderdi politikoak era globalago batean gizarteaz eta botere politikoaren kudeaketaz arduratzen ziren. Baina gutxinaka, sindikatuen eskuhartze-esparrua murriztu egin da erabat.

Sindikalgintzak langileen ahotsa antolatzen du gizartean. Taldearen ahotsa izanik, espazio soziala sortzen du.

Sindikalgintzak zein espazio okupatzen du erreferenzi-sozialaren ikuspegitik? Argi eta garbi, sindikatua langileen defentsaren aldeko tresna da. Baina horretaz gain, langileen ahotsa antolatzen du gizartean. Taldearen ahotsa izanik, espazio soziala sortzen du. Honetaz eta horretaz arduratzen da sindikalgintza, hau edo bestea esaten du, eta sindikatuek eskatzen dute entzunak eta errespetatuak izan daitezela. Gauza bat edo beste izateko antolatzen dira. Alderdi politikoekin lotura existitzen zen bitartean, sindikatuek bere buruari erreferentziako espazio soziala ematen zioten, bere burua gizarteko aktore global moduan ikusten zuten, arazo sozialen mezulari global gisa. Ez zitzaien ezertxo ere debekatzen.

Sindikalgintzak kokalekuz aldatu beharra du, ez baita ari bereak diren funtzioak betetzen. A priori, sindikalgintzaren eskuartze-esparruak ez dauka mugarik.

Langile klasearen kontzepzio murriztu honekin, sindikalgintzak zailtasunak ditu. Kokalekuz aldatu beharra du, izan ere, sindikalgintza ez da ari kubritzen bereak diren funtzio eta ardura hadienak. A priori, ez dago eta eskuhartze espazion mugarik, eta ez dago mugatuta ere zer izan nahi duten. Insistitzen dut, “nahi izate” horretan, izan ere, sindikalgintza zertarako den gai jakitea da garrantzitsua.

Sindikalgintzak langile klasearen bila irten behar du: langile klase bakar bat, enpresa barruan eta kanpoan dibertsifikatuta dagoena eta lan munduaz harago interesak ere badituena.

Marxek kapitala eta langileria definitu zituenean, harreman sozialak zirela esan zuen. Sindikalgintzak galdera honi erantzun behar dio: zein da sindikatuek euren buruari ematen dioten espazio soziala, langileriaz era global batean arduratu ahal izateko? Lan zentruetatik kanpo jaio eta bizi diren langileak daudelako: enpresetatik kanpo dagoen langileria hau askoz anitzagoa da dagoeneko lantokietan dauden langileak baino. Sindikalgintzak langile klasearen bila irten behar du: langile klase bakar bat, enpresa barruan eta kanpoan dibertsifikatuta dagoena eta lan munduaz harago interesak ere badituena.

Quebec-eko delegatu sozialen kasuan ikusi dugu delegatu horien indarra ez datorrela hainbeste lan hitzarmen bat negoziatzeko duten ahalmenetik, baizik eta dauden tokian daudela ere, langileen arazo errealei heltzeko duten gaitasunetik. Hortik aurrera posible da gauzak egitea. Lan-zentruetan egotera mugatuta ez badago, sindikalgintza gai da gauzak egiteko.

Sindikatuek beren burua berdifinitu beharra dute. Erreferentzia diren espazio sozialetan birpentsatu behar dute beren burua, desiragarria zer den esateko gai den aktore gisa, kontuan hartuz zertarako gai diren.