Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Cárcar muinotik: “Sindikalismoa aldapa gora”

Cárcar muinotik: “Sindikalismoa aldapa gora”

2012/06/08
Iván Giménez, Manu Robles-Arangiz Institutua / Ega ibai ertzean muino bat. Muinoaren magalean Carcar herria, eta gainean eliza. Eta are gorago zaharren egoitza eraiki zuten. Izerdia bota behar da bertara iristeko, baina esfortzuak merezi du: paisaia hobe ikusten da, ez geografikoa soilik, baita laborala ere. “Urrats dezente eman ditugu aldapa gora, baina egiteko asko dago oraindik”, onartzen dute Virgen de Gracia zentroko langileek, orain bi urte ordezkaritza sindikala ELAri eman zioten berek.

Artikulua pdf formatuan

Erribera Garaian barreiatuta dauden zahar-egoitzen artxipelagoan beste irla bat dira. Haietako askotan lan-baldintza propioak negoziatzea lortu da ELAren eskutik, Nafarroako sektoreko edukiak hobetuz, eta estatukoak zer esanik ez. Halako adibideak ditugu Martzillan, Andosillan (biotan ELAko afiliazio masiboarekin), Funes, Sesma, Lodosa, Mendabian...

Beraz, Carcarreko kasua ez da salbuespena, baina bai oso adierazgarria lan-baldintzak hobetzeko eskakizunak aurrera eramateko moduan, batik bat guztia kontra daukagun erresistentzia garaiotan. Enpresa txiki eta ertainetan itun edo hitzarmen bat lortzea ia ezinezko delako irudipen zabalaren kontra, Carcarreko hamabost bat langilek egoera iraultzea lortu dute, antolakuntza propioa landuz, eta beren ordezkaritza urruneko negoziazio mahaietan uzteari uko eginez, geroz eta emaitza kaskarragoak ematen dituztela sinetsita, eta epe laburrean ezerezean geratzeko arriskua dutenak. Hortxe, gertutasunaren eta lokalaren indarrean dago erresistentziarako gakoa. Langile gehienak Carcarrekoak dira (bat Alcandre herrikoa da, Errioxa), herriko bizitza sozial eta politikoan konprometituak, beraz, iniziatiba sindikala hartzeko baldintza ezin hobeak dituzte. Horretaz mesede aterako dute, halaber, zentroan dauden 44 egoiliarrak.

“Garai batean Ostalaritza sektoreko hitzarmenaren pean zegoen egoitza hau, denborarekin Erresidentzietakora pasa zen”, oroitzen du Mamen Urbiola ELAko ordezkariak, “sektore hartan Nafarroako hitzarmenik ere ez zegoen garaian”. Momentu jakin batean negoziazio mahai propioa osatzea erabaki zuten, soldata igoerak eta lanaldi murrizketak lortuz, eta goragoko hitzarmenen edukiak hobetuz. Eboluzio motel eta neketsu hau, ordea, eten egin zen 2010ean. Ordura arte UGTk ordezkatzen bazituen, asanblada batean aldatzea erabaki eta ELA aukeratu zuten. “Oso utziak sentitzen ginen, nahiz eta hemen UGTko zenbait afiliatu egon”, zehazten dute Ana Esther Pardo eta Joaquina Chalezquer-ek, besteak beste.

 

Argi geratu zen egoitza kudeatzen duen udal patronatuak gogor eutsiko ziola bereari, 2010etik lan-baldintzen hobekuntzarik gabe zeramatzaten bi urteek erakusten zuten moduan. Egoera hartan, 2011ko maiatzean, udal hauteskundeak etorri eta udaletxean aldaketa politikoa ekarri zuen: Agrupación Independiente de Cárcar taldeak UPN ordezkatu zuen alkatetzan. Haatik, ELAk aurkeztutako plataformak ez aurrera ez atzera jarraitzen zuen, patronatuaren osaketa atzeratzen zihoalako eta burokraziak prozesua luzatu besterik ez zuen egiten: negoziaketak ez ziren abiatzen. “Estatu hitzarmenaren pean egoteak zekartzan kalteak dastatuak genituen -oroitzen du Mamen Urbiolak-, enpresa saiatu baitzen langile berriek bertako taulen arabera kobra zezaten, gure hitzarmen propioaren igoerak bazterrean utziz: hori betirako soldata eskala bikoitza ezartzea zen, berau desagertzeko aukera bakarra beraiekin berdindu arte gure soldatak izoztea izanik. Hortik ezin genuela pasa ohartu eta atzera bota genuen”.

Negoziazio berrirako, lantalde osoaren asanblada irekiek antolatu zituzten, helburu zirenak eskaera kolektibo partekatu eta adostuetan bihurtuz. Hala, patronatuari negoziazioa luzatzeko zirrikitu txikiena ere itxi zioten. Soldata eskala bikoitza ezartzeko saiakeraren porrotaren ondoren zuzendaritzak bazekien lantaldeak ez zuela erraz etsiko. Azkenean, ELAko ordezkariak enpresako itun berria sinatua zuen 2012ko otsailaren 16an, lan erreformaren zehaztasunak oraindik argitu gabeak zirela. Edozelan ere, Nafarroako KPItik gorako %1eko soldata igoera lortu zuten eta lanaldiaren 14 orduko murrizketak hitzarmeneko urte bakoitzeko (2012-2013), urtean 1.710 orduko lanaldira iristeko. Hortaz gain, lantaldeak jornada murrizketak eskuratzeko erraztasun handiagoa eskuratu zuen, baimen eta lizentzietan erraztasun gehiago, eta baja hartzen den lehen egunetik %100 kobratzea lan istripuen kasuan (hirugarren egunetik aurrera ohizko gaixotasunetan).

Horiek guztiak sektoreko beste hitzarmenekiko hobekuntzak dira, estatukoa zein Nafarroakoa izan. “Azken honek indar gutxi du egun, eta etorkizun beltza”, sentitzen dute Carcarreko langileek. “Lan-erreforma aztertuz konturatu gara, daukagun egitekorik larriena enpresa ituna hitzarmen bihurtzea dela, babes legal handiagoa emango digulako. “Horretan eman behar ditugu orain orduak”, azpimarratzen du Mamen Urbiolak. Eta horretarako bidea “mundu guztia afiliatzea da; ELAk babestu eta ahokatzen badigu, ezin dugu albo batean utzi lantaldea afiliatu eta sindikalizatzearen lana. Prestatu egin behar gara.” Eta beraiek diote, Carcarreko mendixkaren gainetik, Erribera osoa bistan dutela.

Virgen de Gracia zahar-egoitzako langileak (Cárcar):

Mamen Urbiola (ELAko ordezkaria), Ana Esther Pardo, Joaquina Chalezquer, Ana María Sádaba, Inma Sola, Gracia Insausti, Gracia Ruiz, Mª Pilar Álvarez, Laura Alegría, Ondartxo Arrieta, Tania Calahorra, Adelaida Calahorra, Txus Ramírez, Araceli Reinares, Isabel Guerra, Alejandrina Langui, Carola Ágreda, Ana Ruiz eta Mª Gracia Pérez eta Teresa Sádaba aurrejubilatuak.