Burujabetzarako bide berriak

2015/05/06
alternatiba donos.jpg
Koop57 Euskal Herrian martxan jartzeko arrazoi nagusietako bat,egun herri ekimenen bitartez sortu daitezkeen proiektuei finantzazio tresna solidario eta eraldatzailea eskaintzea da. Herritarrak sorkuntza ekonomikorako eta gizarte eraldaketarako tresnen jabe izateko asmoz hasi genuen koop57eh lurralde saila sortzeko prozesua.

Liher Gonzalez Koop57, Etxalde 2015eko apirila

Bi urteko ekinaren eta ilusioaren bidez gure herriko hainbat proiektuk jaso dute finantzazioa, tartean Ehne Bizkaia bera. Gogoan daukat lehenengo batzarra egin ge nuen egun hura, Txetxuren begirada mesfidatia... eskerrak Unzalu tartean zegoen apal puntu horrekin! Neuk ere banituen kezkak, galderak eta zalantzak, egoera guztiz barria zen denontzat, baina elkarri entzuten eta galdetzen, eztabaidan murgildu eta esku artean genuen tresnaren balioaz jabetu ginen. Ez zen nolanahikoa ez!

Egungo sistemaren aurrean alternatibarik badago, hori ekonomia sozial eta eraldatzaileak ekarriko du. Koop57ren helburua gizartea ekonomiatik eraldatzea da, aberastasunaren banaketa orekatuan, demokrazia ekonomikoan, pertsonen beharretara dagoen ereduan oinarrituz, gaurkoarekin apurtuko duen eredua sortzea.

Beraz, koopek herritarrei ematen die ekonomiako dinamizatzaile izateko aukera, bazkide laguntzaile edo zerbitzu bazkide eginez, zein berme mankomunatuen bitartez, besteak beste. Hartzen diren erabakietan parte hartzeko mekanismoak ditu koop57k, tokiko eraldaketa bultzatzeko ezinbesteko tresna da, tokira bertara egokitzen delako, beheruntz hazten da, lurrera, lurraldera, herrira. Tokian tokiko pertsonak dira tokian sortzen den aberastasunaren dinamizatzaile.

Baina nola lagundu dezake koop57k elikadura burujabetza erdiesterako orduan? Ba seguraski falta zaion hanka jarriz. Demagun kontsumo taldeak hornitzen dituen baserritar talde batek inbertsio bat egin nahi duela. Orain arte ezagun diren finantza tresnekin, baserritarrek arriskuan jarri behar dituzte beraien baserriak. Koop57k, aldiz, ez du horrelakorik eskatzen, abal mankomunatuak eskatzen ditu, hau da, norbanakoen abal txikiak, proiektua babesten dutela sinatzen duten abalistak. Era horretan arriskua banatu egiten da, txikitu, eta proiektuarekiko gizarte atxikimendua, aldiz, indartu.

Koop57eh agente aktiboa da, bizia, ekimen ezberdinen sustatzaile eta laguntzailea. Eraldaketarako saretzea klabea denez, Olatukoopeko kide ere bada. Egiteak beste garrantzia du egindakoa ezagutarazi eta elkarbanatzeak, gizarteak jakin behar baitu, txikiak izanik ere altematibak badirela. Behin ba direla jakinda, edonork dauka parte hartzeko aukera. Horregatik izan nahi du koopek Donostian eta Bilbon egingo den Altematiben Herrixkaren bultzatzaile.

Elikadura burujabetzan sinesten duen orok, burujabetza ekonomikoan sinetsi behar du, norbanakoaren burujabetzan eta kolektiboan, aldaketa norberak hasi behar duelako, kolektiboan eragin ahal izateko. Asko dira nekazal munduan martxan jarri behar diren enpresa eta ekimenak. Hauek gero eta oinarri sozial handiagokoak izan, orduan eta posibleagoa izango da tortilari buelta ematea, eta baserriko arrautzekin, Arabako patatekin, egindako patata tortila ederra jango dugu.

Denoi dagokigu bide honetan ale bat jartzea, etorkizuneko kimuak indartsu has daitezen, burujabetza integrala izan behar delako...izan gaitezen burujabe integralak.