Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Burujabetza prozesua indartzen: burujabetza feminista

Burujabetza prozesua indartzen: burujabetza feminista

2018/06/29
Ikuspegi feminista batetik proposatzen ari garen ikusteko erak jada aukerak eskaintzen dizkigu burujabetza bera indartzeko. Burujabetza prozesuez hitz egiteko orduan interesgarria da aztertzea zein zoruren baitan kokatuta egiten ditugun proposamenak. Gaur, orain eta hemen gure familia, etxe, lantokitan nola ari da eragiten kapitalismoa, neoliberalismoa edo patriarkatua?

Saioa IraolaSaioa Iraola, Bilgune Feminista (Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta burujabetza(k) mintegian eman zuen hitzaldia)

Audioa entzun

Nola ari zaizkigu eragiten prekarietatea, gaixotasunak, etxe kaleratzeak, alokairuen igoerak, herrialdeen arteko mugak hilerri bilakatzeak edo justizia eza adierazten duten epaiek. Zein bizimodu ari da nagusitzen gure  jendartean? Eta beraz, zein bizitzatatik ari gara burujabetza prozesuak eraikitzen? Zein sentipen indibidual eta kolektibo dira nagusi gure jendartean? Asaldura edo indignazioa, etsipena, amorrua, tristura, ziurgabetasuna... Sentitzen ari garen guzti horrek indartzen ote du burujabetza beharrizan bat, edo ez? Zoru hori, abiapuntu hori, ez da ziurra, arrakalak ditu, eta hortik ari gara burujabetzak birpentsatzen.

Burujabetzaren indarrak metatzeko, ongi bizitzearekin eta justizia sozialarekin lotu beharra dago.
Burujabetza indartu behar da, baina burujabetzak eraiki behar ditugu: eraikitzen ari gara eta eraiki behar ditugu prozesu asko

Askotariko sektoreetan, eremuetan, burujabetzari esleitzen dizkiogun ezaugarri eta ikusmoldeak aintzat hartu eta sentitzea guzti horiekin bide komun bat egiten ari garela. Hauxe da burujabetza indartzen duen elementuetako bat.

XXI mendean, bai han eta bai hemen, aldaketa aroa bizi dugu. Alde batetik Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoan, bakegintzan emandako urratsek indartu egiten dute burujabetza prozesua: ezberdinen artean adostasunak eraikitzeko ateak irekitzen ditu. Izan ere, desadostasunetan kontzientzia jarrita, adostasunak eraikitzeko etengabeko ariketa da burujabetza prozesua.

Beste alde batetik, ongizatearen promesa abailduz doa eta kapitalismoak gutxi batzuentzat lekua baino ez du eskaintzen gure jendartean. Gaur egun hainbat joera indartuz doaz: autoritarismoa, militarizazioa, arrazismoa, kontserbadurismoa... Guzti hauek burujabetzaren premia areagotu egiten dute, baldin eta burujabetzak lortzen baldin badu justiziarekin eta ongizatearekin bat egitea.

Ongizatea aintzat hartzen zuten instituzio horiek erortzen ari dira. Alde batetik murrizketen bitartez, herritarron oinarrizko eskubideetan atzera goaz. Bigarrenik, kapitalak bizitzaren geroz eta dimentsio gehiago merkantilizatu egiten ditu; gaur egun sabelei prezioa jartzen ari zaio. Prezioa jartzen ari gara zahartzaro duinei, prezioa gure ibai eta errekei. Gaur egun gero eta herritar gehiagok oinarrizko bizibideak eskuratzeko zailtasunak dituzte. Era berean, geroz eta eremu geografiko zabalenetara zabaltzen ari da kapitalismoa. Gaur egun Euskal Herrian zenbat erabaki baldintzatzen dira bertako politika edo instituzioetatik? Merkataritza eta inbertsio itun horiek, erabaki ahalmena espropiatzen ari zaigu herritar eta bertako instituzioei. Hirugarrenik, bizitzak sostengatzeko ardurak, beti feminizatuta egon dena, familiengan erortzen jarraitzen du, eta zehazki emakumeongan. Sektore hauek merkantilizatzen direnean, ez du jendartean dagokion aitortzarik ere. Erresidentzietako langileen baldintzak horren adibide garbia dira. Emakumeek eta kasu honetan ELAk sustatuta, eremu horiek politizatzeko pausuak eman dira, hortik ere burujabetza ariketa horiek egituratuz. Laugarrenik, orain gutxi arte prekarietatea enpleguari lotuta egon bada ere, bizitza prekarioez mintzo gara.

Gaur egun deman dagoena bizitza eta kapitalismoaren arteko gatazka. Hau horrela izanik, nondik eraikiko ditugu burujabetza prozesuak?

Lau elementu hauek, elkarren arteko talkan, herritarren bizitzak jo-puntuan daudela erakusten dute. Gaur egun deman dagoena bizitza eta kapitalismoaren arteko gatazka. Hau horrela izanik, nondik eraikiko ditugu burujabetza prozesuak?

Burujabetza feministaren lehen proposamena ildo horretatik doa. Enpleguarekin lotutako aferak beharrezkoak dira, baina ez nahikoa. Erresistentziak eta burujabetza prozesuak bizitzaren prozesu ezberdinetatik eraiki behar ditugu. Horren adibide da martxoaren 8ko greba: eremu produktiboa, erreproduktiboa eta kontsumo ohiturak aintzak hartu zirelako.

Burujabetza, berez, ez da egoera ideal bat. Euskal Herrian ezagun egin diren lemetako bat, izan zen “Euskal Herriak burujabetza behar du”.  Euskal Herria subjektu soil eta bakarra al da? Aitortza instituzional bat soilik da nahi duguna? Edo burujabetza ere lotzen dugu ongizatearekin? Bizitzatik eta bere dimentsio anitzetatik antolatu behar dugu erresistentzia. Herritar guztiak izan gaitezke subjektu politikoak, eta eduki dezakegu eragiteko ahalmena burujabetza prozesuetan. Subjektu politikoak ez dira bakarrik instituzioetan parte hartzen dutenak, sindikatu edota talde feminista antolatuak. Neure ama, bere etxean, bere lantokian, bere auzo elkartean, herrian, subjektu edo agente bat izan daiteke.

Bizitzei eman behar diegu garrantzia eta hauek erdigunean jarri. Teorian eraikitakoa praktikan gorpuztu egin behar da, eta horixe da oro har, mugimenduok dugun erronka.

Bizitzaren espazio guztiak bilakatzen dira borroka edo erresistentziarako eremu: espazio kolektibo edo intimoak,  lantegi, etxe, gurasotasunak, maitasun harremanak... Bizitzei eman behar diegu garrantzia eta hauek erdigunean jarri. Teorian eraikitakoa praktikan gorpuztu egin behar da, eta horixe da oro har, mugimenduok dugun erronka.

Gure ustez ibilbide horretan, pausu garrantzitsu bat da bizitza aldarrikatzea baina bizitza ondo bizitzeko orduan, topatuko ditugun mugen inguruan posizio bat hartu beharra dugu. Bizitzak mugak baldin baditu, burujabetzak ere mugak izan behar ditu. Nik egunero Costa Ricatik etorritako piña bat kontsumitzen baldin badut, etxean hori telebista baditut, bi auto baldin baditugu etxean... denok ondo bizitzea posible al dugu? Mugen inguruan posizio bat hartzeak esan nahi du, erabakiak hartu behar direla. Honekin lotuta Amaia Pérez Orozcok planteatu izan du, unibertsaltasunaren ideia: denek auto bat izan dezakegu eta horrek aukera ematen du denok ondo bizitzeko?

Burujabetza indartzeko gaitasuna duen beste elementu bat, aliantzetarako ditugun espazioetan askotarikoen artean eztabaida soziala sustatzea da. Horren adibide izan da Ekainaren 2ko Iruñeko Alternatiben Herria.

Aintzat hartu behar dugu burujabetzaren ideia politikoaz gain, soziala ere badela. Horretarako, armiarma sare bat irudika dezakegu: sare horren txapela burujabetza prozesu kolektiboa da, baina sare horretan burujabetza prozesu guztiak gaude. Garrantzitsua da abian diren prozesu desberdinak ez mailakatzea. Norberak ez pentsatzea berea dela prozesu egoki bakarra. Bakoitzak bere espaziotik beste prozesuekiko begirunea landu behar da.

Burujabetzak ez dio soilik erreferentzia egiten lurraldeari edo egitura administratibo politiko subirau bat izateari. Gure gorputzetatik igarotzen da burujabetza ere. Gure gorputzetan bada urteetako memoria, eta gure gorputzak eguneroko praktika batzuk deseraiki behar ditugu. Gure gorputzen dekolonizazioa, burujabetza prozesuan egin beharreko ariketa indibidual eta kolektiboa ere bada.

Burujabetza ere bada gure harreman sexu-afektiboetan jabe izatea, gatazken konponbiderako ekinbideak martxan jartzea, elikadura burujabetza ere... burujabetza prozesuan kontuan hartu beharrekoak dira, nola ez. Horregatik esaten dugu paraleloki armiarma sare horretan joan behar dute prozesu sozialak, ekonomikoak eta politiko ugarik. Denek elkarrekin joan behar dute.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua martxan dago eta ezinbestekoa da. Baina neurri berean ezinbestekoa da proposamen ekonomikoak landuz joatea, eta hor fiskalitatearekin lotuta urratsak eman litezke. Eta prozesu politiko-instituzionalak ere behar ditugu.

Burujabetza horrela ulertzeak, indartu egiten du burujabetza prozesua bera: prozesu paraleloak direla, eta denak beharrezkoak direla.

Beste bi elementu garrantzitsu dira: zein herritartasun eredu sostengatu nahi dugu?  Enplegua oinarri duen sistema hau oso mugatua da gaur egun: atzerritarren legeak herritarrak mailakatu egiten ditugu, langabeziarako eskubidea mugatuta dago.... Asmatu behar dugu eskubideen titulartasun eredu berri bat. Gaur egun familia nuklearra eta norbanako autosufizientea ditugu. Bi aukera horien baitan izan zaitezke soilik eskubideen onuradun. Pixkanaka adiskidetasunaren aitorpen instituzional bat proposatu genezake.

Azkenik, burujabetza ere bada politikoaren mugak zabaldu behar dituen prozesua: herritarren boteretze prozesu bat baldin bada, boterea birpentsatzera garamatza derrigorrez. Batzuen boteretze prozesua den heinean, subjektu edo instituzio batzuren desboteretzea ere bada.  Boterea dago botere eremu publikoan dago, eremu pribatuan dago eta  eremu intimoan ere bai.

Burujabetzaren indarrak metatzeko, ongi bizitzearekin eta justizia sozialarekin lotu beharra dago.
Burujabetza indartu behar da, baina burujabetzak eraiki behar ditugu: eraikitzen ari gara eta eraiki behar ditugu prozesu asko.