Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Buru jabetza barnatuz, krisia gainditu!

Buru jabetza barnatuz, krisia gainditu!

2014/04/11
Apirilaren 26an, larunbatarekin, MRA Fundazioa, Bizi! eta Euskal Herriko Laborantza ganbarak antolatzen dute hitzaldi-eztabaida berezi bat “Burujabetza barnatuz, krisia gainditu!” izenburuarekin. Arratsaldeko 17:00etarik goiti, laborantza, ekoizpena, energia, enplegua, etab. arloetan bertokiratzea Euskal Herrian deklinatzeko parada izanen da. Ez ohizko hitzaldia eskainiko duen Joseba Azkarraga soziologoak Alda!-ri hainbat argitasun ekartzen ditu burujabetzaren eta bertokiratzearen hobeki gure ganatzeko lagungarriak.

Joseba Azkarraga Etxagibel

Enbata.info 2014/04/08

Burujabetzaz ari girelarik Euskal Herrian, zein dira lehen definizioak ?
Burujabetzaren kontzepzio estatuzentrista nabarmendu zaigu, txapel juridiko-politikoaren garrantzia. Ez dago zalantzarik: estaturik gabe zail daukagu, besteak beste hizkuntza komunitate orok behar baitu gaur daukaguna baino segurtasun juridiko-politiko handiagoa biziraungo badu. Eta tresna gehiago behar da neurri ekonomiko-sozialak hartzeko eta ziurtatzeko garapen orekatua. Baina estatuarekin ez dago bermaturik ez hizkuntza komunitatea ez garapen eredu sozial, ekologiko eta demokratikoa. Egun, estatu direnak ere desjabeturik daude, behar dute botere politikoa berreskuratzea lurralderako, oligarkia finantzarioaren menpe daude.
Inpresioa dut Euskal Herrian zailtasunak ditugula burujabetzari loturiko pentsabideak berritzeko eta aberasteko. Gure herriaren forma administratibo-territorial-politikoak markatu du euskal ezkerraren agenda, Aitaren Etxeak, eta ez du aski indarrik izan gizartegintza alternatiboak eta behetik gora bestelako bizierak orain eta hemen eraikitzeak. Garapen ereduari azken bi paragrafoak eskaini zaizkio sarri.

Herri ekimenek burujabetzari buruzko ikuspundu hori aldatzen dute?
Herri gisa aurrera egin behar dugu txapel juridiko-politikoarekin hau ala bestea gertatu, eta berorren aldeko borroka politikoan jarraitu bitartean. Aitortuz herri honek historian zehar agertu duen gaitasuna egitura funtsezkoak sortzeko edozein gizarterentzat berebizikoak diren alorretan (hizkuntza, ekonomia, hezkuntza…), gehienetan herri ekimenaren eskutik. Itxura guztien arabera estaturik gabe kudeatu beharko dugu poshazkunde garaia, honen hastapenak behinik behin, eta aldi horretarako estrategia eta tresna berriak prestatu beharko ditugu, eurotako asko autoeraketaren bidetik.

Ukan duzun ibilbideak, zure burujabetzari buruzko ikuspundua nola osatu du?
Bai ekonomia solidarioak nola trantsizio ekosozialak, bi iker-eremuok eraman naute burujabetzaz pentsatzera ohikoak diren bideetatik harago. Ekonomia solidarioak, bere forma anitz eta ugariekin, haustura txikiak eragiten ditu sistemaren zirrikituetan, ekonomia egunero eginez bestelako logikekin. Arriskua da bihur daitekeela sistemaren aringarri eta biziraupen hutserako ekonomia. Bere desafioa da haustura txiki horiek handitzen joatea eta bere burua proiektu politiko zabalagoan kokatzea, helburu duena pertsonen, herrien eta lurraldeen autodeterminatzeko ahala handitzea.

Ondorioz, zer gehitzen diozu burujabetza kontzeptuari?
Auzi ekosozialari dagokionez, nahikoa da minutu gutxi batzuk hartzea ondokoaz jabetzeko: gaur hegemonikoa den zibilizazio eredua kondenatuta dago. Lau hamarkada eman ditugu esanez kolisiorantz goazela eta dagoeneko kolisio unea bizi dugu. Baliabide material eta energetikoak gutxiagora doaz, eta hondakinak gora (tartean berotze globala eragiten ari diren isurketak), baita arma biltegiak ere. Eta, paradoxikoa bada ere, makinak ez du inongo seinalerik ematen geldituko denik, ezta abiadura mantsotuko duenik ere. “Aurreranzko ihesa” hautatu da aterabide gisa eta horrek ondorio ikaragarriak izango ditu seguruenera. Hautu horrekin, kolapsoa ez da urrutiko probabilitatea, gertakari segurua da.
Nahiko garbi dago aldaketa erraldoiak ditugula zain. Nagusiki krisi energetiko globalaren ondorioz, nekez eutsi ahal izango zaio gaurko metabolismo sozialari, ekonomiak gaur duen eskalari eta gizarteak duen konplexutasunari. Aldaketa klimatikoak diosku aldatu behar genukeela ondorio lazgarriak bizi nahi ez baditugu, eta krisi energetikoak aldatu beharko dugula. Horrek esan nahi du kontrakzioa izango dela mugimendu zinez garrantzitsua: energiaren erabileran, produkzioan, mugikortasun geografikoan, kontsumoan, demografian, egolatrian… Ikusi behar zein erritmo eta neurritan. Nolanahi delarik, exijentzia fisikoa da gutxiagorekin bizitzea. Gutxiagorekin hobeto bizitzea da idatzi egikaritu beharreko gidoi politikoa.

Zergaitik osagai horiek baitezpadakoak dira eta zentzua emaiten dute “burujabetzaren” ohiturazko kontzeptuari?
Kontrakzioa ezaugarri nagusi izango duen etorkizunari ganoraz aurre egiteko, garrantzitsua izango da komunitate txiki eta ertainen ahalduntzea, gizarte antolatuan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboak ematea, egitura txikiagoak eta auto-antolatuak sortzea, hobetzea auto-hornikuntza tasak bai energian nola elikaduran. Lurraldeek burujabetzan aurrera egitea, hitz batean.Hortik ikusita burujabetzaren gaineko gogoeta kokatzen da oso plano ukigarrian. Kontzeptuak uzten dio entelequia hutsala izateari, eta bere praxiak uzten dio arerioaren borondatearen menpe egoteari… Edukiz betetzen da, funtsean garapen-ereduaren galdera behingoz ekarriz debate politikoaren muinera. Eta protestaren, akusazioaren edo erresistentziaren logikatik eraikuntzaren logikara eramaten gaitu. Burujabetza norabide guztietan indar berarekin aldarrikatzean datza kontua, baita elikagaietan eta energian ere, eta horretarako estrukturak eta estrategiak sortzen gaur bertan has gaitezke. Hasiak gara.

Euskal Herriaren kasuan zer ondorio ditu holako ikuspunduak?
Burujabetzaren proiektuak jende ez abertzalea erakartzeko potentziala izan lezake. Euskalherrigintzak bere garaian integratu zuen gizarte moderno industrialaren kalapita nagusia, ‘nazioa’ eta ‘klasea’ uztarri berean jarriz. Gaur tamainako operazio ideologiko, politiko eta praktikoa behar genuke, integratuz aro berriaren funtsezko taupada: trantsizio sozioekologikoak (berau behartua izan ala borondatez moldatua) egundoko eragina izango du herritar ororen bizitzan eta gizarteko arlo guztietan. Osotasuna berriro pentsatzera eroango gaitu: nola antolatu gizartea hazkunderik gabe. Eta abertzaletasunak globala den krisi sozio-ekologiko hazkorraren soluziobideak pentsatu behar ditu.
Eta emankorra izan liteke eraberritzea, esaten ari baikara bizitzaren administrazioa igaroko dela estatuen eremutik eskala txikiagoetara, neurriak neurri. Tokikotasunaren, eskualdeen, erregioen edota bioerregioen giharra tenkatzeaz ari gara. Komunitate burujabeagoen eratzeaz. Euskal Herria bezalako lurraldea eraikitzeko egitasmoa bat dator iraunkortasunari ganoraz erantzuteko indartu beharreko lurralde-eskalarekin.

Gogoeta honek hazkunde mugagabearen eta iraunkortasunaren arteko kontra-erranetara garama…
Etorkizuneko proiektua ezin da izan hazkundea, pizgarri keynesiarrekin ekonomia estimulatzea eta herritarron erosahalmena handitzea. Politika neoliberalak nola ikuspegi sozialdemokratak, biak daude hazkundearen erlijioari atxikita, muga biofisikorik ez balego bezala.Ongizate estatua ez da proiektua. Eraiki da lehengaiak eta funtsezko fluxu energetikoak herrialde pobretuetatik aberastuetara ekarri ditugulako. Eta ikuspegi ekologikotik nekez aurki daiteke aldi historiko hondagarriagorik: gizadiaren historia guztian zehar, bizitzaren azpiegituran eragindako interferentziarik handiena ekarri du.

Bertokiratzearen kontzeptua zer da ?
Batez beste 1.600 kilometro egiten dituzte elikagaiek ekoizpen-lekutik gurera. Absurdoa eta inefizientea da. Sistema hau posible da barnebiltzen ez dituelako koste sozial eta ekologikoak.
Bizigarria den proiektua izan daiteke birtokikotzea, gauzak nola egiten diren. Zibilizazio krisiak sufrimendu are handiagoa ekarriko digu itxura guztien arabera, baina aldi berean aukera paregabea izan daiteke mundua berrasmatzeko, birpentsatzeko eta berridazteko. Zenbaitzuek diote nekez eutsi ahal izango zaiela Europa bezalako makroestruktura ekonomiko eta politikoei. Askorentzat, estatu-nazioak eurak ere lanak izango dituzte euren buruari eusteko, euretako askok dutelarik huts egindako estatu bihurtzeko probabilitatea (are, menpekotasun energetiko handikoak). Proiektu estrategikoa eta ekimen endogenoa duten lurraldeak askoz hobeto ibiliko dira.
Esaten ari gara desafioa dela botere soziala berreskuratzea, indartzea herritarrok prozesu ekonomiko eta politikoak kontrolatzeko ahalmena. Gauzak ondo, krisia gainditzeko bidean gaurko instituzioak pixkanaka ordezkatuak izango dira euron lekuan jarriz herritarrek sorturikoak.

Eta Euskal Herrian bertokiratzea gauzatzen ahal litaike?
Prozesua hasia da. Ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu zabalean ere. Victor M. Toledo mexikarrak esaten duen moduan, enpresa monopoliko erraldoien lekuan, kooperatibak, mikroenpresak eta familia eskalako enpresak sortuko dira. Banku handien lekuan, aurrizki kutxak, herri bankuak eta kreditu kooperatibak. Kate komertzial handien lekuan, bidezko merkataritza, tokiko nekazaritza eta ekologikoa, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko komertzio zuzena. Energia fosilen ekoizpen eta kudeaketa pribatuaren lekuan, eguzki energiaren eta berriztagarrien ekoizpen deszentralizatua edo komunitarioa… Mundu hori eraikitzean datza desafioa, gainontzeko guztia desertuaren aliatua izango baita.
Eta esaten nuen moduan, Euskal Herrian ere hasia da prozesua: azken urteotan hazkunde esponentziala izan dute kontsumo taldeek, banka etikoak sortu dira (Fiare eta Coop57), energia kooperatibak (Goiener), Bizi! Mugimendua Iparraldean, elikadura burujabetzaren aldeko mugimendua (Etxalde), eta abar luze bat. Gaur egun nekez esan daiteke ez dagoela alternatibarik, alternatiba txiki ugariz sorturiko konstelazioa dagoeneko aktibatuta dago, eta berau indartzean eta biderkatzean datza desafioa. Etorkizuna eraikiko da neurri handi batean dagoeneko bertan ditugun zumeekin eta osagaiekin.