Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Bruselako orientabideak, hondora

Bruselako orientabideak, hondora

2015/05/18
Azken egunotan lau haizetara entzun ditugun iritzien kontra, esan beharra dago Europar Batasuneko politikek badutela Afrikako emigrazioaren gaineko erantzunkizuna; erantzunkizun parte handi bat. Jarraian hori ulertzeko zenbait pista.

Jean-Sébastien Mora, Enbata 2015/05/11

Hamar egunetan gutxienez 1.200 “boat people” ito dira Mediterraneoan. Europar Batasunak ez omen du inolako ardurarik drama hauetan. François Hollanderen eta Bernard Cazeneuve Barne ministroaren arabera, errudun bakarrak immigrazio klandestinoko sareak dira, zeinei estatuburuak “terrorista” deitu dien; hau ere erabilera anitzeko kontzeptua dugu, gobernuak ia egunero ahotan duena. Bestalde, europar estatuburuak migrazio-krisi dramatikoari erantzuteko konpromiso txiki eta sekuritarioa erabaki dute: “Triton” salbamendu eta zainketa operazioaren aurrekontua hirukoiztea, hileko 2,9 milioi eurotik 9 milioira. Nazio Batuetako Errefuxiatuentzako Goi-Komisaritzaren (HCR) datuen arabera, iaz Italiara iritsitako migranteen erdia siriarrak, eritrearrak eta somaliarrak dira. Noski, ez dago EBren esku Mogadiscioko egoera konpontzea, zeinak 20 urteko gerra zibila pairatzen baitu, ezta Siria edota Eritreakoa ere.

Baina beste errefuxiatuei dagokienez, emigrazioa sakoneko auzi bat da, eta hor ezin dira ukatu EBk sustatutako politika ekonomikoen ondorio lazgarriak, batik bat bere Nekazaritzako Politika Bateratuarenak, arrantzako aldebiko akordioenak, garapenerako laguntzaren erabilera okerrarenak, edota duela gutxi, elkarkidetza ekonomikorako akordioenak. Afrikan erabaki horiek denek ondorioak izan dituzte: desberdintasuna areagotu, aberastasuna metatzeko aukera eman, nekazari eta arrantzaleak pobretu, ustelkeria, ezegonkortasun politikoa eta, beraz, txiroenen emigrazio saiakerak bultzatzea. Europar agintarien hipokrisia edota gaitasun eza neurtzeko ohar batzuk:

EB eta Afrikaren arteko muga-zergen amaiera

2014an EBk azkenik lortu zuen Afrika mendebaldeko herrialdeen azken erresistentzia gainditzea, ordurarte 2000tik hona Cotonouko (Benin) akordioek jaso zituzten truke librerako itunak ez baitzituzten sinatu nahi. Elkarkidetza ekonomikorako akordioek aurreikusten zuten Batasunaren esportazioen hiru laurdenen gaineko muga-zergak kentzea, eta Bruselak Afrika mendebaldetik bere produktu guztiak libreki inportatzen jarraituko zuela. Inozoentzako tratua, noski europar industri-talde handien mesederako. Elkarkidetza ekonomikorako Akordioek, Atlantikoz gaindiko TAFTA akordioaren bikiek, hondamendia zekartela ozen salatu zuten elkarteek, GKEek, egun Justizia ministro den Christiane Taubiraren moduko parlamentariek, baita Olivier de Schutter Elikadura Eskubiderako NBEtako arduradun bereziak ere.

Zoritxarreko laguntza

Azken berrogeita hamar urteetan milaka milioi dolar jaso ostean, Afrika pobreagoa da. Hala esan du Dambisa Moyo ekonomilari zanbiarrak L'aide fatale bere liburuan. AEBetan eta Britainia Handian lan honek arrakasta izan du, eta Afrikari ematen zaion laguntza ekonomikoari buruzko eztabaida berpiztu du, “laguntza droga eta madarikapena” baita aldi berean. Moyok onartu arren azpigarapenaren zergatiak anitzak direla, azaltzen duenez laguntza finantzarioak ustelkeria eta inflazioa eragiten du herrialde onuradunetan. Bestalde, mana finantzario honen kontrola lortzeko herriotako etsaitutako taldeek prest daude elkar hiltzeko; hau da Afrikako etengabeko ezegonkortasun politikoen arrazoi nagusia. Irakasleak dioenez, nolanahi ere laguntzaren zati handi bat mendebaldeko kontuetara itzultzen da, iparraldetik datozen produktuen salmenta medio, hauek sarri dirulaguntzei esker dumping prezioetan iristen baitira, batik bat nekazaritzari dagokionez. Ondorioak ez du bueltarik: Iparraldeko estatuek Afrikari laguntza ematen jarraitzearen arrazoia da aukera hori merkeagoa dela eurentzat beren merkatuak hegoaldeko produktuentzat irekitzea baino.

Afrikako nekazaritzako produktuen dumpinga

Hala da, behin eta berriz GKEek, Confédération Paysannek eta NBEk salatu dute europar nekazaritza politika bateratuaren (PAC) dirulaguntzek kalte egiten dietela garapen bidean diren herrialdeetako nekazariei. 2009an argitaratu zuen Destruction massive. Géopolitique de la faim entseguan, Jean Ziegler soziologo suitzarrak -berau ere Elikadura Eskubiderako NBEtako arduradun berezia izan zen 2000 eta 2008 bitartean- urtero elikadura urriaren ondorioz 36 milioi pertsonen heriotza eragiten duten arrazoiak aztertzen ditu. Zieglerren arabera, EBk erabateko ardura du nekazaritzako dumpinga medio (produktu europarrak hirugarren munduko herrialdeetako merkatuetan merkeenak izatea). Ardura Frantziak ere badu, hasteko: 2005ean, MMEko Hong Kongeko negoziazioetan, Pascal Lamy erakundeko idazkari nagusiak proposatu zuen esportazioetarako laguntzak mailaka jaistea, bost urteren buruan desagerrarazi arte. Parisek goitik behera ukatu zuen hau, esportaziorako laguntzak mantendu nahi dituelako. Horrela, Afrikak jakiei dagokienez bere burua aski badu ere, nekazariek ezin dute beren produkzioa saldu, europar produktuen dumpingaren ondorioz.

Arrantzako politika bateratua eta Afrikarekiko aldebiko akordioak (APP)

2012ko uztailetik 2014ko abendura indarrean izan delarik, Mauritania eta EBren arteko azken akordioa Arrantzako Politika Bateratuaren (PCP) adibide esanguratsua da. Epealdi honetan Bruselak Nouakchott-i urtero 113 milioi euro ordaindu dizkio; munduan den arrantzako kontraturik handiena, alegia. Horren truke, Europako itsasontzi kopuru handi batek estatu honen jurisdikziopeko uretan arrantzarako eskubidea izan du, bertako arrantzale artesauekin lehia zuzenean sartuaz. APPak sinatu dituzten hamabost estatuek ez bezala, Mauritaniak ez du bitarteko tekniko eta logistiko nahikorik europar arrantzaleen jarduera kontrolatzeko. Hau errentarik nagusien eta interesgarriena den arren, Mauritaniako biztanleriaren erdia pobrezia mailaren azpitik bizi da eta hamar urtean itsasoko produktuen kontsumoa biztanleko 11 kilotik 9,5ra jaitsi da. 2008ko abuztuko estatu-kolpeaz geroztik, estatuburu berria Mohamed Ould Abdel Aziz da, Frantziaren eta AEBen babes indartsua duelarik. Haatik, Bruselak badaki ustelkeria kronikoa den herrialde honetan erregimenaren kidekoek europar laguntzak, arrantza-lizentziak eta mugasariak pilatzen dituztela.

EB eta land-grabbing

2007tik hona komunikabideek hitzetik hortzera darabilte land grabbingaren fenomenoa, hots, inbertitzaile atzerritarrek nekazaritzako lurrak kontrolpean hartzeko operazioak (honelako kasu askotan landako biztanle autoktonoak egotzi edo jazarriak izaten dira). Zenbait estimazioren arabera, besteak beste NBErenak, 2006 eta 2009 bitartean 30 milioi hektarea pasa dira atzerritarren eskuetara mundu guztian. EB fenomeno honen eragile ere bada. Batetik, Afrikako lurrak pilatzen dituzten sozietate eta finantza-eragileen erdiak bere eremuan daude kokatuta. Batzutan europar estatuen interesak eta land grabbing egiten duten enpresenak berberak dira. Esaterako, italiar estatuak ENI energia-konpainiaren %30 du; hau milaka milioi dolar inbertitzen ari da Kongon landu gabeko 70.000 hektarea lur agroerregaiak produzitzera bideratzeko. Betsalde, EBk lurrak pilatzeko joera sustatu du nekazaritza lurren eskaria eta errentagarritasuna puztu duten zeharkako politiken ondorioz. Adibidez, 2009ko energia berriztagarriei buruzko zuzentarauak (RED) exijitzen du EBko 2020ra arte estatuetan kontsumitutako energiaren %20 energia-iturri berriztagarrietatik eratortzea. Honek Afrikan eta Hego-ekialdeko Asian agroerregaien (palmondo-olioa, azukre-kainabera, artoa, sorgoa) eskala handiko produkzioa hauspotu du, zati handi batean esportaziorako; honek tokiko merkatuei kalte egiten die.

La Françafrique

Françafrique” izena Survie elkarteak ezagutarazi zuen 90etako hamarkadan, François-Xabier Vershave ekonomilariaren eskutik; horrekin frantses estatuak Afrikan dituen jokabide neokolonialak salatu nahi ziren. Vershavek hiru “E”tan oinarritutako menperatze prozesua deskribatu zuen: Elysée edo gobernua, Armadako Estatu Nagusia, Enpresa (Elf, Bolloré, Bouygues, GDF-Suez, la Compagnie fruitière, Sanofi...). Bere 30. urteurrena dela eta, Survie-k Françafrique, la famille recomposée argitaratu zuen, hots, neokolonialismoaren formen irakurketa eguneratua. Izen hau debate publikoan hedatu bada ere -batzutan edukiz husteraino- Françafrique delakoa azken urteetan finkatu egin da, Frantziako gobernuak erregimen diktatorialei eman izan dien babesarekin, ustez estrategikoak diren interesak zaintzeko aitzakiaz. Diktadura afrikarretatik -Txad, Mauritania, Gabon, Burkina-faso, Kongo- irteten den emigrazioa ulertzeko gogoratu beharra dago frantses gobernuak oraindik ere afrikar erregimen eta diktadoreen bizkarra zaintzen duela, garai kolonialetatik oinordean hartutako interes ekonomiko eta estrategikoen izenean. Diktadura hauei emandako laguntzak Afrikako emigrazioan duen eragina ukatzea zinismo negargarria da.

Bruselako orientabideak, hondora