Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Brexit-a eta ezkerraren krisia

Brexit-a eta ezkerraren krisia

2016/09/26
Ezkerreko sektoreak mito arriskutsu bat eraikitzen ari dira; alegia, EBtik irteteak nazionalismoa eta eskuma indartzea besterik ez duela ekarriko esaten duen mitoa. Ostera, Batasuneko irteerak erreminta garrantzitsu eta derrigorrezkotzat izan beharko genituzke, EB gotorleku autoritario eta neoliberal gisa benetan ahuldu nahi badugu. Ez dira EB uztearen aldeko mugimenduak izan Europako hainbat eta hainbat herrialdetan eskuin muturreko alderdiak sortu eta indartu dituztenak. Ez dira EB uztearen aldeko mugimenduak izan Hungaria eta Polonian (eta Austrian ia) gobernua eskuin muturrera eraman dutenak. EBko politikak izan dira Europako herriak banandu dituztenak.

Asbjørn Wahl, Global Labour Institute 2016/09/18

Asbjorn WahlJende asko harritu du EBko irtetearen aldeko (Brexit) gehiengo britainiarrak, baita shok-a eragin ere. Sutsuki eztabaidatzen ari da emaitzaren eta beronen zergatien gainean. Badirudi ezkerra nahastuta dabilela Britainia Handian, baita gainerako Europan ere. Egia esan, erreferendumaren emaitzak EBk bizi duen krisi existentziala islatzen du. Eztabaidak, ostera, ezkerra krisi politiko eta ideologiko sakonean dagoela erakusten digu.

Ezkerreko ikuspegi batetik, kanpaina britainiarra ez zen arazoetatik salbuetsita egon. Brexitaren kanpainan eskumako indarrak izan ziren nagusi, eta immigrazioaren aurkako iritzi xenofobo eta arrazistak eztabaidaren erdigunean kokatu ziren, ez ordea komunikabide askok aditzera eman zuten bezain argi. Nazio autodeterminazioa aurkeztu zen Brexitaren aldeko motibo garrantzitsu gisa. Oso indartsua izan ez den arren, irteeraren aldeko mugimendu ezkertiarra ere egon da (http://www.leftleave.org).

Argi dago langile klasearen sektore zabalak Brexit-aren alde egin zuela. Zalantzarik gabe, xenofobia egoera honen osagarri garrantzitsua izan zen. Baina guzti hau, soldata eta lan baldintzak, langileen eskubide sindikal eta sozialak era sistematikoan eta salbuespen oso gutxirekin hondatu dituen politika baten aurkako erantzun gisa ulertu behar dugu. Hauxe da EBren politiken eta gobernu britainiarrek aplikatu dituzten politika neoliberal oldarkorren emaitza. Honenbestez, langileek Brexitari emandako sostengu masiboa, “establishment”aren aurkako gaitzespena izan zen batez ere. Politika neoliberalekin gehien galdu zutenek zaplaztekoa eman zieten eliteei.

Orduan, zer dela eta galtzen du EBak hainbeste sostengu leku guztietan? Hori ulertzeko EBren eginkizun eta izatea arretaz aztertu beharra dago. Lehen fasean (Europako Ikatz eta Altzairuaren Erkidegoa eta EEE Europako Ekonomia Erkidegoaren garaian), herrialde kideen ezaugarri nagusiak, II Mundu Gerraren osteko berreraikuntza, gerraosteko klaseen arteko konpromisoa, politika keynesiarrak ( sozialdemokraziaren politika arautzaile tradizionalak) eta hazkunde ekonomiko egonkorra izan ziren. Alabaina, Erromako Itunaren garairako (1957) merkatuaren askatasunak EEE osatzeko oinarria izan behar zutela ezarri zen.

Aurrerago, 70ko hamarkadan, kapitalismo globala krisi sakonean ondoratu zen eta indar ekonomiko eta politiko nagusiek klaseen arteko konpromisotik aldentzeari ekin zioten; merkatuaren eta kapitalaren erregulazioa indargabetu zuten. Geroz eta erasokorragoa zen neoliberalismo baten alde egin zuten, pribatizazio, austeritate politika, goranzko langabezia eta klase altuenen mesederako aberastasunaren birbanaketa masiboarekin. EBren baitako instituzio eta tradizio demokratiko gabeziak Britainia Handian are muturreragoko politika neoliberalak aplikatu izana ahalbidetu zuen, tradizio demokratiko indartsuagoa zuten gainerako herrialdeekin konparatuz. Horregatik, sozialismoaz gain keynesianismoa bera ere legez debekatuta dagoen puntura iritsi da orain EB. Neoliberalismoa Europako eredu ekonomiko gisa konstituzionalizatuta eta instituzionalizatuta dago.

2008ko finantza krisiaz geroztik, EBko austeritate politika atzerakoiak indartu egin ziren, eta akordio eta hitzarmen berrien bitartez geroz eta autoritario eta instituzionalizatuago bilakatu dira. Krisiak gogorren kolpatu dituen herrialdeen gaineko (Grezia, Irlanda, Espainia, Portugal eta Italia) esku-hartze bortitzek bistaratzen dute guzti hau erarik krudelenean. Ongizate estatuaren abolizioa eta mugimendu sindikalaren porrota EBren erakunde eta politiken berezko atal bilakatu dira orain. Gainera, proiektu honetan atzera egitea birtualki ezinezko bihurtu du Batasunak, indarrean dauden itunak aldatu ahal izateko kide guztien erabateko adostasuna exijitzen duenez geroztik. Honenbestez, EB eko neoliberalismo instituzionalizatua deuseztatzeko bide bakarra, mobilizazio eta konfrontazio masiboa dira.

Hauxe da gehiengo britainiarrak baztertu nahi izan duen Batasuna. Ohiko tresna demokratikoak erabiliz eraldatu ezin daitekeen proiektua. Eta ezkerra, kale egiten ari da EB honen aurrean politika bateratu bat proposatzeko orduan. Langile mugimenduaren beso sindikal eta politikoak, denbora gehiegiz mantendu du bizirik “Europa Sozial” baten aldeko esperantza. Ez bakarrik geroz eta autoritario eta neoliberalagoa den gaurko EB eraikitzen lagundu duen sozialdemokraziak. Baita ere, sozialdemokraziatik ezkerrerago kokatzen diren ezkerreko alderdien gehiengoak eta Europako Sindikatuen Konfederazioak (CES), europar langile mugimenduaren aldeko erakundeak.

Nahasmen politiko honen erdian, ezkerreko sektoreak mito arriskutsu bat eraikitzen ari dira; alegia, EBtik irteteak nazionalismoa eta eskuma indartzea besterik ez duela ekarriko esaten duen mitoa. Ostera, Batasuneko irteerak erreminta garrantzitsu eta derrigorrezkotzat izan beharko genituzke, EB gotorleku autoritario eta neoliberal gisa benetan ahuldu nahi badugu. Ez dira EB uztearen aldeko mugimenduak izan Europako hainbat eta hainbat herrialdetan eskuin muturreko alderdiak sortu eta indartu dituztenak. Ez dira EB uztearen aldeko mugimenduak izan Hungaria eta Polonian (eta Austrian ia) gobernua eskuin muturrera eraman dutenak. EBko politikak izan dira Europako herriak banandu dituztenak. Politika horiek berak dira eskuin muturra elikatzen dutenak. Ondorioz, EBko politikekiko desadostasuna eta ezintasun sentsazioa Europako herrietan hedatuz doaz, arrazoiz.

Egoera honetan, ezkerreko indar politikoak, beren itxaropenekin, kokatu diren posiziotik ez dira gai ez suminduta dagoen jendearen erresistentzia politikoa antolatzeko, ezta beren adierazpen politikoa bideratzeko ere. Era honetan eskuin muturrari eman zaio EBren aurka antolatzeko monopolioa. Eskuin muturrak, noski, ez du bere erresistentzia bideratzen eraso neoliberalen atzean dauden indarren aurka, baizik eta gizarteko kolektiboen aurka (etorkinak, musulmanak, kolore ezberdineko pertsonak....). Ezkertiarrek EBean gelditzearen alde bozkatzen dutenean, “ez ditzaten arrazista eta eskuin muturrekotzat har”, EBren aurka erresistentzia antolatzearen monopolioa eskuin muturraren esku uzten dute.

Batasuna edota euroa uztea ezin da mugimendu ezkertiarraren lehentasunezko eskaera izan. Ezkerreko indarrek interesen aldeko borroka gisa garatu behar dute. Alabaina, irteeraren auzia berehala eguneratuko da, EBeko itun eta erakundeak gure aldarrikapenak errealitate bilakatzeko oztopo diren heinean (hau agerian geratu zen Syrizako gobernuarekin, austeritatearen aurka egin ala Eurogunean geratzearen aldeko hautua egitera behartu zutenean, eta J.K. Galbraithen hitzetan “administrazio kolonial” gisa austeritate politikak ezartzera behartu zutenean). Gure interesen aldeko aldarrikapen nagusien aldeko borrokari uko egiteak, EBren erakundeetan jarraitzearren, tabua izan beharko luke.

EBren egitura eta funtzionamenduak hesiak altxatzen ditu Europa osoko erresistentziaren aldibereko mobilizazioaren aurka. Horregatik Europa demokratiko eta sozial(ista) baten aldeko borrokak estrategia malgua hartu behar du, desobedientzia zibila edo herrialde jakinen balizko irteera -eurotik zein Batasunetik- tresnatzat hartuko dituena. Ondorioz, posible eta ezinbestezkoa da internazionalismo eta klase ezaugarriak dituen irteera-politika bat garatzea. Kontua testuinguru eta kontakizun bat eskaintzea da. EBeko politika eta erakundeak oztopo dira Europa bateratu baterako eta kontinentearen demokratizaziorako bidean.

Horregatik berebizikoa da EB autoritario eta neoliberalak ez dezan jarraitu boterea eta indarra metatzen. Ezker erradikaleko ikuspegitik, Brexita pizgarri bat da, nahiz eta eskuin muturreko xenofobiak hainbeste espazio bete duen. Noski, fenomeno honek erronka are handiagoa pizten dio ezkerrari. Ezinbestekoa da ezkerreko indarrek Brexitak emandako aukera ofentsibara pasatzeko erabil dezaten, interes kapitalisten aurka borrokatu, demokrazia berrindartu eta Europako mugez harago doan herri batasun erreala garatzeko. Benetan existitzen den EB oztopo da Europa bateratu batentzat.