Brasilgo estatu-kolpeak zer jarri du jokoan?

2016/09/16
cutBrasil.jpg
Brasilek egun bizi duen krisia Dilma Rousseff presidentea 54tik gora milioi botorekin berriz hautatu zuten unean bertan piztu zen, urriaren 2014an. Orduan indar progresistek laugarren aldiz lortu zuten garaipena presidentetarako hauteskundeetan.

Antonio Lisboa (CUT)Antonio de Lisboa Amancio Vale, CUT Brasilgo nazioarteko harremanetako idazkaria eta IC-CUT lankidetza institutuaren lehendakaria. 2014an Lanaren Nazioarteko Erakundeko (LANE) Zuzendarien Batzordean langileen ordezkari hautatu zuten.

Artikulu originala

Hasteko, eskuin muturrak, berriro ere porrot egin zuelarik, botoak berriz zenbatzeko galdegin zuen. Gero berraukeratutako presidentearen kanpainako aurrekontuak auzitan jarri zituen, eta impeachment prozesuari ekite aldera beste hainbat maniobra ere egin zuten. 2015etik aurrera eraikitako eskandaluek oihartzun handia izan zuten hedabideetan, eta hamaika gezur egia bailiran saldu zituzten. Beraz, kolpearen egitura egunez egun komunikabide-oligopolioaren lanean oinarritu zen (Brasilen sei familiaren esku dago hedabideen %80: TB, egunkariak, aldizkariak, irratiak, albiste-agentziak eta webguneak), laguntza ekonomikoa industriak, finantza sektoreak eta agroindustriak eman zutelarik.

Egun Brasilgo eliteak eutsi egiten dio kapitalismo basatiari eta ez du onartzen beltz, pobre eta indigenei, emakume, homosexual eta faveletako biztanleei errespetua eta duintasuna zor zaienik

Presidente hautetsi baten agintearen aurka lotsagabe konspiratu duen eskuin muturra Brasilgo historia markatu duen mendetako esklabutzaren eta honen aurkako erresistentziaren emaitza dira. Erregimen haren ardura zuten indar sozial eta ekonomikoen oinordeko zuzena da. Bertaratu zirenean elite hauek gure lurra eta aberastasuna harrapatu zuten. Bahitutako afrikarrak indarrez ekarri zituzten Amerika portugesera, eta haiek izan ziren hasieran azukre-kainabera, tabako eta kotoi plantazioetako eskulana. Gero, baita herri zein hiri, meatze eta ganadu-etxaldeetan ere. Jendartean nagusi zen klasea, gutxiengo zuri batek osatua, egoera hau justifikatzeko ideia sasi-erlijioso eta arrazistez baliatzen zen, zeinen arabera beren ustezko nagusitasuna eta pribilegioak zilegi ziren.

Desberdintasun etnikoak hesi sozial bihurtu ziren. Gizon eta emakumeak Brasilen hiru mende luzez esklabu izan ziren. Esklabutza deuseztatu zuen azken herrialdea izan zen; hau zen ekonomia nazionalean ohiko eskulan mota. Esklabutza ez zen soilik jarduera ekonomiko bat, non pertsona bat bestearen jabego zen. Gainera, balio-sorta bat ezarri zuen lanari, jendeari eta instituzioei buruz; horrela aurreiritziz jositako kultura bat taxutu zen, gaur arte iraun duena. Errentei, estatu eskuzabalari eta etxalde handietako sarrerei esker bizi zen elite kolonialaren ezaugarria batik bat modu negatiboan definitzen zen: eskulana beti jarduera gutxietsia izan da, pagano eta esklabuei zegokien zerbait alegia.

Estatu-kolpearen xedea batez ere mobilitate sozial eta garapen nazional burujabe prozesu hau geldiaraztea da

Egun Brasilgo eliteak eutsi egiten dio kapitalismo basatiari eta ez du onartzen beltz, pobre eta indigenei, emakume, homosexual eta faveletako biztanleei errespetua eta duintasuna zor zaienik. Apartheid soziala agerikoa da klase ertainaren zati handi batek adierazten duen arranguran, hau ere piramide sozialaren erpinarekin bat baitator. Sektore honek segregazioa sustatzen du eta ez ditu ametitzen 2003ko hauteskundeetako Lularen garaipenaz gero gertatu diren aldaketak. Azpienplegua eta esplotazioa mantendu nahi dute, eta euren ustez aireportuak, saltoki handiak eta unibertsitateak soilik elite zuri aberatsarentzako esparru sozialak dira.

Lularen eta Rousseffen proiektuari esker 40 milioitik gora brasildarren egoera hobetu egin da, eta 20 milioitik gora lanpostu formal sortu dira; garapen ekonomiko eta sozial eredu justuago bat gauzatu da. Lehentasuna barne-merkatua indartzeari eman zitzaion, eta era berean harremanak estutu zituen Latinoamerika eta Afrikako beste herrialdeekin; BRICS (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hego Afrika) taldearen sorreran protagonista izan zen.

Estatu-kolpearen xedea batez ere mobilitate sozial eta garapen nazional burujabe prozesu hau geldiaraztea da. Zehazki, lehenik galarazi egin nahi dute Brasilek bere eskualdean eta mundu mailan rol garrantzitsuagoa izan dezan, hala BRICSen duen partaidetzagatik, nola NBE eta beste nazioarteko erakundeetako kide gisa; nazioarte mailan herrialdea haztea eragotzi behar da, AEBren estrategiaren baitan (Latinoamerika bere atzeko patio gisa mantentzea). Bigarren helburua herrialdea bere baliabide natural itzelak besteren esku uztera behartzea da, batik bat ur-erreserbak eta duela gutxi aurkitu diren petrolio-erreserba izugarriak. Hirugarren helburua da nazioaren gobernua 2014an hautatutako parlamentu kontserbadorearen esku jartzea, izan ere, ezin baitute boterera iritsi herritarren botoaz.

Helburuok iristeko kolpistek eragile nazional eta atzerritarrez osatutako koalizio handi bat koordinatu zuten. Lehenengotan hauteskundeak galdu zituen Aécio Neves eskuin muturreko oposizioko alderdiaren buruak gidatu zuen. Orain, ordea, parlamentu, auzitegi eta hedabideek emandako kolpearen atal nagusiak honakoak dira: Lehena, Eduardo Cunha, zeina auzitegi gorenak Diputatuen Ganberako lehendakaritzatik kendu duen, ustelkeria eta diru-garbiketa akusazioen ondoren, milioika dolar Suitzako kontuetan zituelarik. Bigarrena, auzitegien ikerketak eta ondoren kanpaina mediatiko arranditsuen bidez egindako filtrazio hautatuak; hauek ordena demokratiko eta instituzionala hautsi zuten. Hirugarrena, berriz, bertako eta atzerriko kapitala da, bere ordezkarien bitartez: ugazaben konfederazio eta federazioak, komunikabide nagusiak eta alderdi politiko kontserbadoreak, Brasilgo aberatsenen babesarekin. Azken sektore honek herrialde aberatsen interesekin elkar hartu du: Brasilgo lan-kostuak jaitsiaraztea eta, esan bezala, aberastasun nazionala kanporatzea.

Michel Temer iruzurgileak, 2010eko hauteskundeetan Rousseffen zerrendakide izan zenak, impeachment auzia zela eta eratutako behin-behineko administrazio aldiaren lehen erabaki gisa hainbat ministerio deuseztatu zuen, besteak beste, emakume, arraza-berdintasun eta giza-eskubideena; nekazaritza-garapenekoa (famili-nekazaritza eta nekazaritza-erreformaren ardura zuena); kulturakoa, artisten mobilizazio handi baten ondoren berrezarri zena; zientzia eta teknologiakoa, eta kontu-hartzaile nagusiaren figura (gardentasunaren eta ustelkeria jazartzearen arduraduna).

Behin-behineko administrazioa osatzen duten zazpi ministroak Petrobras estatuaren petrolio konpainian izandako ustelkeriagatik Operaçâo Lava Jato (“Kotxe garbiketa” operazioa) delakoan ikertu ditu polizia federalak. Gainera, lehenengo aldiz diktadura militarra amaitu zenetik, gobernuan ez dago emakume, gazte, beltz, ezta gutxiengo, gizarte-mugimendu edota sindikatuen ordezkaririk ere. Honez gero, hilabete besterik igaro ez dela, gobernu kolpistako hiru ministro dimititzera derrigortu dituzte, ustelkeria kasu larriak direla eta. Michel Temerrek berak ere, Lava Jato kasua salatu zuenetako baten arabera, 1,5 milioi realeko donazioak negoziatu omen zituen 2012ko udal hauteskundeetan aurkeztu zen aliatu politiko batentzat.

Kolpea gertatu eta egun gutxiren buruan, behin-behineko gobernuak hainbat murrizketa iragarri zuen gizarte-politikari dagokionez: langileei erretiroa eragotzi eta zahar-sariak mozten dizkien pentsio-erreforma; Consolidaçâo das Leis do Trabalho legean bermatutako eskubideak zalantzan jartzen dituen erreforma laborala; osasun sistema bateratuaren murrizpena; unibertsitate publikoetan tasak ezartzea; Bolsa Família (familientzako laguntza) diru-sarrerak zuzenean transferitzeko programa, murriztea, onuradunen %30 kalterako; guraizak sartu ditu ere diru-sarrera urriak dituztenentzako etxebizitza programan, zeina orain arte gizarte-eragileekin batera kudeatzen zen; manifestazio eskubide demokratikoaren aurkako erasoak, eta botere handien menpeko atzerri-politika, era berean demokratikoki hautatutako Latinoamerikako beste gobernuekin erasokorra delarik (hauek ez dute gobernu honen legitimitatea onartzen).

Konstituzioa 1988an ezarri zenetik eskubide sozialei egindako eraso larriena da hau; gobernu ilegitimoak hamarraldi baterako osasun eta hezkuntzako inbertsioak finkatu nahi ditu, urtero soilik inflazioaren arabera gehituz. Arau hau 2006tik hona indarrean izan balitz, osasun-aurrekontu federala gaur dena baino %30 txikiagoa litzateke eta hezkuntzako murrizketa lazgarria izango zatekeen, %70ekoa. Gogoratu beharra dago behin-behineko gobernuak proposatu duen arau honek eragina izango lukeela ere estatu eta udal gobernuetan. Besterik gabe gure osasun eta hezkuntza sistema publikoa suntsituko litzateke.

Horregatik esan liteke Dilma Rousseff presidentearen impeachment-a herritarren aurkako programa are lazgarriagoa ezartzeko saio bat izan dela, azken lau presidentetarako hauteskundeetan porrota izan duena baino okerragoa. Junta kolpistak ez ditu boto emaileak, batez ere pobreak, aintzat hartzen. Soilik estatu-kolpe baten ondorioz eratutako gobernu batek proposa litzake herritar gehienen interesetatik hain aldenduta dauden neurriak. Herri brasildarrak inbertsio handiagoa espero du arlo sozialetan, bereziki osasun eta hezkuntzan, eta eskubideak murrizten dituzten aldaketak arbuiatzen ditu lege laboraletan eta gizarte-segurantzan.

Central Única dos Trabalhadores-ek (CUT, sindikatu nagusia) ez du onartzen Temer gobernua eta ilegitimoa den aldetik gaitzesten du, estatu-kolpe eta legez kanpoko impeachment prozesu baten ondorio izan delako, Dilma 2014an presidentetzat hautatu zuen herritar brasildarren gehiengoaren borondatea gutxietsiaz. Hura zen gobernu hautetsi eta, ondorioz, zilegi bakarra. Ez dugu ametituko langile-klaseak eta biztanlerik txiroenek sakrifizio gehiago egin beharra. Orain arte kolpearen aurka borrokatu gara, eta kaleetan zein lantokietan eutsi egingo diogu borroka horri, gure herrian atzera ere legea eta demokrazia nagusi izan arte; aurre egingo diegu langileen eskubideen aurkako erasoari, eta Brasil nazioarteko ekonomian bigarren mailara eramateko ahaleginei.