Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Black Friday is Beltza

Black Friday is Beltza

2018/11/21
Hurrengo ostiralean, hilak 23, Black Friday eguna ospatuko da, munduan bezala, Bilbon ere bai. Hainbat teoria daude egun honen jatorriaz, baina zabalduenak, 1960ko hamarkadakoak alegia, Estatu Batuetara garamatza, Filadelfiara, hain zuzen ere.

Aitor Murguia Esteve, Manu Robles-Arangiz Institutua. Bilboko Uriolan argitaratua.

Barren eta izarren herrialdean, Esker Onezko Eguna azaroaren 4.ostegunean ospatzen da eta, ostegun horretatik asteburura jarduera komertziala ikaragarri handia izaten da. 1961. urtean, batez ere ostiralean (azaroak 24) egon zen trafiko eta pertsonen zirkulazio kaosagatik, momentuko poliziek ostiral beltzatzat jo zuten. Denborarekin beste interpretazio batzuk hartu zituen; adibidez, egun horietan merkatarien zenbakiak gorriak izatetik beltzak izatera pasatzen zirela. Jatorria edozein dela ere, Bariku Beltza guztiz errotuta dago gure gizartean eta, supermerkatuetako turroi eta polboroiek egiten dutenaren antzera, Gabonak bertan ditugula gogorarazten digu.

Berdin du behar guztiak ongi asebeteta izateak, kate handiek ahalmena daukate beharrak sortzeko. (...) Euskaldunen erdiok Black Friday-n erosketaren bat egiteko intentzioa daukagu eta batez beste 303€ gastatuko ditugu. Ikaragarria.

Azken asteetan, etengabeko bonbardaketa jasotzen ari gara komunikabideen partetik, batez ere multinazionalen kanoien bitartez: galdu ezin diren pagotxak, bat ordaindu eta bi eraman, prezioen beherapenak, finantziazio baldintza onuragarriak, …  Poltsikorako panazea.  Berdin du behar guztiak ongi asebeteta izateak, kate handiek ahalmena daukate beharrak sortzeko. Cetelem Behatokiak egindako informearen arabera, euskaldunen erdiok Black Friday-n erosketaren bat egiteko intentzioa daukagu eta batez beste 303€ gastatuko ditugu. Ikaragarria.

Ni ez naiz tontoa dio kate multinazional baten esloganak, bertan erosita kontsumitzaileek irabazten dugula ziurtaraziz. Baina, datuei erreparatuta, inolako zalantza izpirik gabe, oso tontoak garela baiezta dezakegu. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak (gazteleraz, OCU), urtero, milaka artikuluren prezioak monitorizatzen ditu urritik, Black Friday eguna iritsi arte. 2017an, produktuen %11k prezio baxuagoa zuten, %48k ez zuten prezio aldaketarik izan eta %41ek prezio altuagoa izan zuten. Ondorioa, prezioek %2,5 puntuko igoera izan zuten Ostiral Beltzean. Zure koinatuak, erosketa guztietan zu baino gutxiago ordaintzen duenak eta etengabe gogorarazten dizuenak, garestiago erosi zuen egun horretan.

Kapitalismoak homogeneizaziorantz garamatza eta Bilboko Gran Via-k eta munduko edozein hiritakoak gero eta antzekotasun gehiago dituzte.

Argi geratu da kontsumitzaileok ez dugula irabazten, baina egun honek zentzua izan dezan, norbaitek irabazi behar du: transakzioaren beste aldekoek. Kapitalismoak homogeneizaziorantz garamatza eta Bilboko Gran Via-k eta munduko edozein hiritakoak gero eta antzekotasun gehiago dituzte. Haien artean, bereziki nabarmena da ikus daitezkeen kate handien dendak: Zara, Lacoste, Samsung Store, Pull&Bear, Tous, Starbucks, ... Zerrenda askoz ere luzeagoa da eta horri periferian dauden saltoki handietako kateak gehitzea falta zaio. Adibidez, Media Markt, Worten edo Ikea. Eta ez dezagun ahaztu online kanala eta Black Friday-ren irabazle nagusia, Amazon. Jada beltzak ziren zenbakiei negrita aplikatuko diete aste honetan.

Dendariak egoeraz nazkatuta daude eta Bilboko Erdigunean salbu, beste auzoetan ez da inolako egitasmorik aurrera eramango urte honetan. Are gehiago, mugimenduak sortzen hasi dira Black Friday-ari boikota egiteko. Merkataritza eredu berriekin komertzio tradizionalak beltz izango duen gauza bakarra etorkizuna da, negritaz.

Eta non geratzen dira Bilboko denda txikiak? Azken urteetan, auzoetako merkatarien elkarteek Black Friday-an parte hartu izan dute, baina konbentzimendu gabe eta egoerak behartuta. Dendari txikiek, auzoetako esentzia mantentzen dutenek, edozein aukera aprobetxatu behar dute bizirauteko eta handiek egiten dituzten kanpainetan sartzera behartuta ikusten dute bere burua, jakinda gainera ez dela errentagarria. Merkatarien salmenten goren aldia Gabonak izaten dira eta abenduan zehar saldu behar zutena egun bakar batera murrizten da, merkeago gainera. Dendariak egoeraz nazkatuta daude eta Bilboko Erdigunean salbu, beste auzoetan ez da inolako egitasmorik aurrera eramango urte honetan. Are gehiago, mugimenduak sortzen hasi dira Black Friday-ari boikota egiteko. Merkataritza eredu berriekin komertzio tradizionalak beltz izango duen gauza bakarra etorkizuna da, negritaz.

Joan gaitezen aurrekontua prestatzen. Aste honetan, azkenik gure artean izango dugu Ostiral Beltza. Sar gaitezen dinamika kapitalistan, asebete ditzagun gure kontsumo beharrak eta elika dezagun piztia. Izan gaitezen gure koinatua bezala eta eskaintza onena lortu dugun plantak egin besteen aurrean. Kontsumoa ekonomiaren erregaia da eta kapitalismoak "Dame más gasolina" xuxurlatzen digu belarrian. Hortaz, ahaztu espektatiba arrazionalak eta murgildu irrazionaltasunean.     

Amaitzeko, aholku bat; ostiral honetan zerbait erostea pentsatu baduzu, ez ahaztu ziurrenik orain dela hilabete baino garestiago ordainduko duzula.