Hemen zaude: Hasiera Artikuluak Bizkaiko gasolindegiak: Lan erreformari aurre egiteko eredu

Bizkaiko gasolindegiak: Lan erreformari aurre egiteko eredu

2013/03/25
Altubetik Arrigorriagara 20-30 kilometro egon daitezke. Gasolinaren prezioan zentimoren bateko aldea egon daiteke batetik bestera. Lan baldintzetan, ordea, alde izugarria dago. Arrazoia? 40 eguneko greba bat Bizkaiko gasolindegietan 1988an. (Lan erreforma, lan hitzarmena)

Eva eta Mertxeri
Honelako jendeagatik merezi du egunero lehen lerroan egoteak

Ez dugu ezer lortuko. Hitzarmenen inaplikazioari ez diote inolaz ere uko egingo. Bizitza konplikatzeak ez du merezi.” Halakoak entzuten zituen Josetxu Foruriak (ELAko ordezkaria Campsan) Bizkaiko hitzarmen berriaren alde borrokatu behar zela proposatzen zuenean. “Nik ez nuen espero ere polizia gasolinero lanak egiten ikusiko nuenik!” dio barrez orain “baina begira, halako opariak ematen dizkizu borrokak.” Esperientziaren hitzak dira; Josetxu protagonista izan zen 88ko greban, baita honetan ere.

“Bizkaiko hitzarmena greba luze eta gogor baten ondoren heldu zen; estatuko hitzarmenaren baldintza miserableak atzean uztea lortu genuen” oroitzen du Josetxuk. “Orduko grebak eta gaurkoak antzeko iraupena izan arren, ez dute zerikusirik.” Petrolera handiak urteak zeramatzaten Bizkaiko hitzarmenarekin amaitu nahiean eta azkenean 2012ko otsaileko lan erreformak nahi zutena egiteko aukera zabaltzen zien. Uztailaren 7aren zain gelditzea besterik ez zuten egin behar, ultraaktibitatearen amaierarekin egungo hitzarmenak balio guztia galduko baitzuen. Bestalde gasolindegi txikietako jabeak zeuden. Hauentzat Bizkaiko hitzarmena arazoa baino konponbidea zen. Gertatzen zena zen patronalaren gehiengoa petrolera handien esku zegoela (AEVECAR patronalaren barnean kokatuak %60ko ordezkaritza zuten). Beste jabe txikiak CEBEK-ek ordezkatzen zituen.

Gasolindegik Bizkaia

Lan erreformak bere erantzuna jaso zuen martxoaren 29ko greba orokorrean. Bizkaiko gasolindegiak inoiz ez bezala egin zuten bat grebarekin, abiapuntu ezin hobea hitzarmenaren alde antolatu behar zuten borrokari begira. Baina borroka non zentratu? Zein esparruk eman litzake emaitza hobeak? Erabaki bat hartu beharra zegoen, jakitun aukeratzen zena aukeratzen zela, bati izango zituela puntu ilunak.

ELAren nukleo militantea (ELAk sektorean %40ko ordezkaritza du) Repsolen dago. Enpresa hitzarmen baten alde borrokatzeak estatu mailako borroka suposatzen zuen eta ez zen indar harremanak nahikorik ikusten lan erreforma garaitzeko. Beraz, erabakitzen Bizkaiko hitzarmena lan erreformarekiko blindatzearen alde borrokatzea, hau da, patronala behartzea hitzarmen sektorialaren inaplikazioari uko egitera. Ia ezinezkoa.

Generaman diskurtsoa sinplea zen: uztailaren 7tik aurrera hitzarmen barik gelditu gaitezke eta estatuko hitzarmeneko baldintzak ezarri diezazkigukete

ELAko lau ordezkarik plan bat egiten dute, bere mapa eta egutegiarekin, Bizkaiko gasolindegietako langile guztiak jabetu daitezen jokoan dagoenaz. Bizkaian 114 gasolindegi daude eta ordezkari hauek gasolindegi guztiak bisitatzen dituzten, behin eta berriz, txanda desberdinetan lan egiten duten langile bakar bat ere bisitarik gabe ez uzteko; zeregin ezinezkoa hilean dauzkaten 20 ordu sindikalekin. Hemen ordezkariek beraien aldetik jartzen dute guztia eta gehiago. Abel Armaolea, ELAk Campsan duen ordezkariak grafikoki adierazten digu: “Pentsa lurralde osoan zehar sakabanatuak dauden gasolindegiak direla Somorrostrotik hasi eta Otxandiora,Durango, Gernika, Mundaka, Zalla... Hiruzpalau pertsonak lan egin dezake gasolindegi bakoitzean baina txanda desberdinetan. Goizez joan behar duzu, arratsaldez joan behar duzu, gauez berriro ere.” Lan eskerga sektore atomizatu batean, langileak elkar ezagutzeko zailtasun nabariak dituena. Inurri lana, denbora eta planifikazioa eskatzen duena inor kanpoan ez uzteko. “Generaman diskurtsoa sinplea zen: uztailaren 7tik aurrera hitzarmen barik gelditu gaitezke eta estatuko hitzarmeneko baldintzak ezarri diezazkigukete. Hau gelditzeko modu bakarra da borrokatzea da patronala Bizkaiko hitzarmena sinatzera behartzeko deskuelgeei uko eginez.”

Sei hilabeteko lan eskerga azaroaren amaieran asanbladara deitzen den arte Barrainkuan. “150 langile batu ginen salan. Kontuan hartuta ehun eta pikuk ezin zuela bere lanpostua utzi, 400dik 150 elkartzea arrakasta handia da.” Hilabeteetan zehar aurrera eramandako lan planifikatuak emaitzak eman zituen. Jendea jabetu zen jokoan zegoenaz. Batzordeak bi proposamen egin zituen: 10 eguneko greba egin eta patronalaren erantzuna itxaron edo greba mugagabea. Asanbladak greba mugagabea aukeratu zuen, nahiz eta behin eta berriz azpimarratu zen oso gogorra izango zela eta ezin zela jakin noiz amaituko zen. “Esan nien orain dela 25 urte berrogei egun izan zirela, oso gogorrak, baina oraingo honetan okerragoa izan zitekeela” oroitzen du Josetxu Foruriak.

Komunikabideek oso gogoko dituzte gasolindegietako ilara luzeak eta ikara aurpegiko bezeroak burura datorkion lehen gauza esanez.

“Ahalik eta baldintza egokienetan hastea komeni zitzaigun, horregatik aukeratu genuen abenduaren 20an hastea greba, gabonetako paga kobratu ostean. Horrek nolabaiteko koltxoia eskaintzen zigun.” Greba deialdia 25 eguneko aurrerapenarekin egiten da giroa berotzen joan eta alarma soziala eragiteko asmoz. Komunikabideek oso gogoko dituzte gasolindegietako ilara luzeak eta ikara aurpegiko bezeroak burura datorkion lehen gauza esanez.

“Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak zehaztu zituen: 24 gasolindegi zabalik egon behar zuten” diosku Abelek. “24 hauetaz aparte irekitzen zuen zerbitzuak gure bisita jasotzen zuen, bezeroek jakin zezaten greban ginela eta gasolina hartu nahi bazuten bazeudela gutxieneko zerbitzuetako gasolindegiak. Gehienek greban ginela ulertzean ospa egiten zuten bozinari emanez elkartasun keinu gisa. Ehun bat pertsona ibiltzen ginen piketeetan. Goizero 7:30tan gelditzen ginen Bilbondo edo Basauriko parking batean. Bizkaiko bazter guztietatik zetorren jendea, egunero kilometro mordoa egiten zituztenak grebaren arrakasta ziurtatzeko. Ikaragarria izan zen, pasada bat. Gure artean hasieran ez ginen ezagutzen, baina apurka apurka gure artean geroz eta harreman sendoago eraikitzen joan zen. Orduan ulertu nuen talde espirituaz hitz egiten dutenek zer dioten. Ikusgarria izan zen benetan.”

Gasolindegik Bizkaia 2Zailtasunei elkarrekin aurre egiteak harremanak estutu egiten ditu. Informazioa banatzen hasten ziren bakoitzean polizia azaltzen zen eta ia beti modu bortitzean kanporatzen zituzten piketean zebiltzanak. “Berdin zuen egiten genuena legezko zen ala ez. Ertzainak iritsi eta bidali egiten gintuzten isun administratibo baten mehatxupean.” Isun hau ezin da errekurritu eta 600 eurotik gora ordainarazten dizu arrazoia izan ala ez. Halaxe gauzak.

“Informatzeko genituen zailtasunak ikusita 88ko taktika bat berreskuratu genuen. Pikete bakoitza bere kotxean gasolindegira joaten zen gasolina bila, baina bakoitzean 20 zentimo, 30 zentimo edo euro bat botatzen genuen Izugarrizko ilarak sortzen ziren gasolindegian. Prepago sistema duten gasolindegietan 25 zentimo betetzea eskatzen genuen Gero 20 zentimo beteta gelditu egiten genuen surtidorea eta itzuli behar zizkiguten 5 zentimoen bila joaten ginen. Horrek prozesua izugarri luzatzen zuen eta sortzen zen anabasa demasekoa zen. Nola ez, berehala bidali ziguten polizia. Bidali nahi gintuzten baina guk genion bezeroak ginela eta ezin zutela hori egin. Orduan kotxeko paperak eskatzen hasi ziren, argiak gaizki genituela, ITV falta zitzaigula, zirkulazio baimena iraungitua genuela... Kontrola ezartzen duten gasolindegiko ilaran txikikeriengatik isunak jartzeko. Horrekin nahiko ez eta gasolinero lanak egiten hasi ziren: mugitu kotxea; nik beteko dizut depositoa, zenbat nahi duzu?; joan ordaintzera nik betetzen dudan bitartean; zu nora zoaz? Komunera? Minutu bat duzu itzultzeko...

Berbera egingo ote zuen CEBEKek gehiengoa izanez gero?

Atsedenik gabeko 35 egun izan ziren. AEVECARek ez zuen negoziatu nahi. Jabe txikiak Bizkaiko hitzarmenarekin inolako arazorik ez zutenak CEBEKen afiliatzen hasi ziren patronalaren aldeko gehiengoa eskuratu eta sindikatuekin akordio sinatu ahal izateko. Baina egun bakar batean gauzak goitik behera aldatu ziren. Astelehen bat izan zen Borrokan zebiltzan aldeak mahai baten inguruan eseri ziren Eusko Jaurlaritza entzule gisa izanda. Asteazkenean, urtarrilaren 30a, akordioa egingarri da, AEVECAReko abokatuak prest daude deskuelgeei uko egiteko. Ostiralean behin betiko proposamena dator eta larunbatean bertan, otsailak 2, asanbladan onartu egiten dute langileek bozketa sekretu bidez. 200 pertsonak hartu zuten parte asanblada honetan. Greba amaitu egiten da.

Gauzak zer diren. AEVECAR, betidanik hitzarmena deuseztu nahi zuen patronala, langileen borrokak behartu egiten du sinatzera eta CEBEKek, teorian hitzarmena baliagarria zitzaien jabeak ordezkatzen dituena, ez du sinatzen. Ez da bere sinadura behar akordia indarrean sar dadin. Berbera egingo ote zuen CEBEKek gehiengoa izanez gero?

Josetxori borroka egiteak ez zuela merezi esaten zioten horiek, patronala makurraraztea ezinezko zela ziotenek, begirada jaisten dute. “Baina batzuk oraindik harro jartzen dira. Ni, ordea, besteekin gelditzen naiz. Bizkaiko punta bakoitzean kotxea hartu, kilometroak egin, goizero parking-era etorri, ezagutzen ez zuen jendearekin elkartu eta egun bakoitzari aurre egiteko antolatzen ziren horiekin, nahi zutena argi zuten horiek gertutako zena jakin gabe ere.” Jende hori gabe ez ginen gauden tokian egongo.